Irudiak eta hitzak (des)lotzen

Beñat Sarasolak gidatuta, arte garaikidearen eta literaturaren arteko elkarreraginak aztertu dituzte Sarriugarte, Txibite eta Ditxarri idazleek Bilbon, Gutun Zuria jaialdian.

Ezker-eskuin, Beñat Sarasola, Beatriz Txibite, Eric Ditxarri eta Danele Sarriugarte idazleak, atzo, Bilboko Gutun Zuria jaialdian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Puntua jarri die Beñat Sarasola idazleak aurrean dituen hiru sortzaileei. «Askotan esaten da arte garaikideak hedatzeko joera izan duela, eta gero eta zabalagoa dela lengoaiari eta formei dagokienez: arte eszeniko eta ikusizko arteez hitz egiten dugu gaur, besteak beste». Galdera gero. «Artearen hedapen horretan, non kokatzen duzue literatura?». Beatriz Txibite idazleak hartu du hitza, aldamenetik. «Elkarrekin». Ez du zalantzarik egin. «Mendebaldean akaso ez horrenbeste, baina Ekialdeko herrialdeetan elkarren ondoan daude literatura eta artea. Areago, elkarreragin hori gero eta nabariagoa da arte erakusketetan zein liburuetan». Antzera aritu da Eric Ditxarri artista ere. «Gero eta gehiago lerratzen gara testutik para-testura; corpus operatum batetik modus operandi-ra». Ez du horren argi Danele Sarriugarte idazleak. «Esango nuke arte garaikidean txertatuago dagoela literatura, literaturan arte garaikidea baino». Zergatia, segidan. «Badira bien artean zubiak eraikitzen ari direnak. Baina, oro har, egitura zurrun bat du literaturak oraindik, tradizio luzea duena eta bereari gehiago eusten diona». Sarasolak gidatuta, arte garaikidearen eta literaturaren arteko harremanaz jardun ziren atzo hiru sortzaileak, Bilboko Gutun Zuria jaialdiaren barruan. Irudia, hitza eta boterea kontzeptuak izan zituzten mintzagai.

Lehenari eutsi dio Sarasolak: «Irudia izan da ikusizko arteetan baliabide garrantzitsuenetako bat. Baina irudiak txertatzen hasi dira hainbat idazle ere. Nola dago irudiaren eta testuaren arteko harremana?». Filologia txinatarra ikasia da Txibite, eta Ekialdeko Artearen Historia ikasketak ere egin ditu Londresen. Mira horretatik heldu dio gaiari, beraz. «Tang dinastiako idazleek irudia eta poesia, biak lantzen zituzten batera. Ni Pekinen hasi nintzen olerkiak idazten, eta horixe da nire hizkuntza intelektuala: irudiak egiten ditut, eta olerkiak idatzi. Niretzat batera doaz». Gogoeta gehitu dio Sarasolak. «Eztabaidaren markoa non kokatzen dugun agerian geratzen da zu entzunda; Mendebaldeko eskemak ditugula buruan, alegia».

Sormen prozesuan egin du indar Sarriugartek. Irudiak eta testuak uztartzen dituzten liburu ilustratuak eta komikiak izan ditu hizpide: irudi edo letra bidez azaltzearen diferentzia azpimarratu du. «Narratiba bakarrik idatzi dugunok ez gaude ohituta irudi bidez pentsatzera». Nobela bi idatzi ditu Sarriugartek: Erraiak (Elkar, 2014) eta Azala erre (Elkar, 2018), baina bestelako egitasmoetan ere aritu da. Berriki, Tupust! proiekturako, Natsegit komikia ondu du Josevisky Larretxe ilustratzailearekin batera. Irudiak eta hitzak; biak elkartu ditu, beraz.

Liburuaren zurruntasuna

Poemak eta irudiak bildu zituen Ditxarrik After Bansky (2014, Maiatz) lanean, eta bereizketagatik galdetu dio Sarasolak. «Irudiek ez dute testua irudikatzen. Irudi bakoitzak badu bere funtzioa». Azalpena eman du Ditxarrik. «Narrazio izan behar zuen hasieran, baina ez nintzen gustura geratu. Narrazioa desegin, eta utzitako aztarnak poesia bihurtu nituen. Mundu berri batean gaude, zeinetan ikusgaitasuna nagusitzen den. Lerratzeak ugariak dira horregatik: irudiak daude hitzetan eta hitzak irudietan». Arte instalazioak jarri ditu adibide gisa, eta gogoeta gehitu, gero. «Esaldi-irudia aipatzen zuen Jacques Ranciere filosofoak. Zioenez, esaldian ez dago esaten dena, eta irudian ez dago ikusten dena. Esaldi-irudiak, aldiz, bien puntuak lotzen ditu».

Irudiaren eta hitzaren arteko bereizketarik ez du egiten Txibitek. «Irudia beste hizkuntza bat da niretzat: filologia txinatarra ikasi dudan heinean, hitzak irudiak dira». Metro (2014) eta Biennale (2017, Erein) liburuak jarri ditu adibide gisa. «Irudiekin nuen harremana hitzekin azaldu nuen bi lanetan». Irudiak publikatzeko egon litezkeen mugengatik galdetu dio Sarasolak, eta baieztapena jaurti du Txibitek. «Garestiagoa da argazkiak argitaratzea. Ez da horren erraza».

Liburuen formatuarekin harilkatu du eztabaida Sarasolak. «Eredu klasikoan daude ezarrita argitaletxeak eta, oro har, erakundeak. Hortik harago egin nahi duen sortzaileak, mugak izan ditzake?». Ezetz Txibitek. «Sare sozialek ematen dute, akaso, horretarako aukera». Hasieran jaurtitakoari heldu dio Sarriugartek. «Liburutzat zer ulertzen dugun: hortxe dugu bataila bat. Zurruntasuna objektuan bertan daukagu». Pamiela argitaletxeak egin dituen hainbat saiakera aipatu ditu Sarriugartek. Aldamenean dituen bi idazleenak, tartean: Ditxarriren Ducameninguma (2018) eta Txibiteren Pekineko kea (2017). «Esango nuke saiakera egiten duela gauza ezberdinak egiteko».

Museoen eta editorialen artean paralelismoak daudela dio Ditxarrik. «Filtroak daude bietan. Argitaletxe batean sartzen zarenean, horrek duen pisua nabaria da: modu batean edo bestean familia batean sartzen zara. Zerrenda beraren parte zara».

Aurrez ezarritakoak

Sarriugarteren Azala erre nobelan, artista da protagonista, eta harengatik galdetu dio Sarasolak. «Beka sistemarekin, diru laguntzarekin duen harremana lantzen duzu. Zer ikertu nahi zenuen?». Sortzaileek beren burua «saltzeko» duten beharra aipatu du, besteak beste. «Nik neuk ere bizi izan nuen idazle gisa: jendeak bazuen irudi bat nik idatzi nuenari buruz edo nintzenari buruz, elkarrizketak bai, baina liburuak irakurri gabe. Iruditzen zitzaidan ikusizko arteek eta musikak horren kontra egiteko gaitasun handiagoa dutela: askoz berehalakoagoak dira». Baietz Txibitek. «Bai, liburuak irakurri behar dira gu ezagutzeko. Zaila da argitaratzea. Zeure burua saldu behar duzu argitaratzeko, eta oso zaila da; zeure burua saldu ezean, ez duzu publikorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.