«Nola erlazionatzen da komunitate bat iraganean ekoiztutako irudiekin?». Galdera hori eginez hurbildu ziren Maddi Barber eta Mirari Etxabarri zinemagileak Uhartera (Nafarroa). Uharte Arte Garaikideko Zentroak proposatu zien sor zezatela udalerri horretako komunitate artistikoarekin lotutako proiektu bat, eta haiek erabaki zuten arakatzea zer irudi filmatu dituzten herrian azken hamarkadetan. «Jakin nahi genuen zer gertatu den haien formatuarengatik jada erabiltzen ez diren film guztiekin», azaldu du Barberrek. Honela, Artxiboak plazara! egitasmoa abiarazi zuten, Uharteko artxiboa berreskuratzea eta osatzea helburu duena. Bihar aurkeztuko dute orain arte egindako lana, Uharte Arte Garaikideko Zentroan, eta erakusketa gunea irekita egongo da, asteburuero, uztailaren 1era arte.
Proiektua zentroaren Habitación erakusketa gune iraunkorraren barruan dago, eta bi fasetan banatu dute. Lehenik, materiala biltzen aritu dira: familia artxiboak, festetako irudiak, ekitaldi politikoetakoak... Orain, horiek digitalizatzen dabiltza, eta ondoren jendaurrean proiektatuko dituzte. Bigarren fasean, berriz, sortutako gogoetetatik abiatuta, irudi analogiko berriak ekoitziko dituzte, Uharteko artistekin batera.
Prozesuan material analogikoekin lan egiten ari dira; ziurtatu dute haientzat «sekulako aurkikuntza» izan dela hori: «Formatu digitalean grabatzera ohituta gaudenontzat, materialtasunarekin lan egitea, gela ilunetik atera eta irudia ikusi ahal izatea... Magikoa da», adierazi du Barberrek. Hala ere, digitalizatzeko lana oso konplexua dela esan dute; izan ere, VHS, Super8 eta Hi8 formatuak lantzen ari dira, eta horietako bakoitza modu batera maneiatu behar da. Horretarako, Nafarroako Filmategiaren laguntza izan dute; materialak utzi dizkiete: kamerak, proiektoreak...
Irudiak berreskuratu eta digitalizatzeko lanak gogoetarako aukera eman die zinemagileei. «Euskarri bakoitzak irudi mota batzuk filmatzen uzten duela ondorioztatu dugu», adierazi du Barberrek. «Gazteok pentsatu ohi dugu lehen irudiak filmatzen zituztela gaur egun egiten dugun moduan. Baina euskarri analogikoa eta digitala oso ezberdinak dira; bata ez da bestearen eboluzioa». Haiek ere ikusi dituzte ezberdintasunak: VHS formatuan, adibidez, planoak oso luzeak dira, formatu horretako zintak luzeak direlako; Super8an, berriz, planoak laburrak eta neurtuak dira, film bakoitzak hiru minutu irauten duelako.
1970etik 2000ra arte filmatutako bost artxiborekin ari dira lanean. Hala ere, proiektua «mugatua» dela ohartarazi dute: «Ezin dugu Uharteko artxibo osoa berreskuratu; lagin bat izango da». Artxiboetan, askotariko irudiak daude, guztiak Uharteko biztanleek egindakoak. Adibide batzuk erakutsi dituzte: 1989ko bideo batean, gizon bat agertzen da, baratzetik etxerako bidea egiten, mando gainean; urte bereko beste batean, NATOren kontrako elkarretaratze bat ikus daiteke, non herritarrek 2005eko mitin futuristabat antzezten duten; beste askotan, herriko festak agertzen dira: herri kirolak, bigantxak... Zinemagileek aipatu dute nabaritzen dela denborarenjoana herritarren janzkerarengatik eta irudien kalitatearengatik.
Barberrek eta Etxabarrik nahasi egin dituzte bildutako irudiak, irudien arteko harremana aztertzeko: «Zer gertatzen da irudiak paraleloan ikusten ditugunean? Zer esaten digute?», galdetu du Etxabarrik. Era berean, interesgarria iruditu zaie aztertzea herritarrek zergatik egiten zituzten grabazio horiek. «Batzuk nahiko artistak ziren, beste batzuek grabatzen zuten soilik familia artxiborako, beste batzuek elkarrizketak ere egiten zituzten...».
Bihar aurkeztuko dute jasotako materiala, eta bideoak utzi dizkieten pertsonak ere han izango dira. Irudiak aurkeztu ahal izango dituzte: nork grabatu zituen, zer testuingurutan... Gainera, Barberrek eta Etxabarrik zenbait irudi digitalizatuko dituzte, zuzenean, ikusleek ikasi ahal izateko zer prozesu egin behar den irudi analogikoak ordenagailuko pantailan agertzeko. Azkenik, bideoak Uharteko zentroaren artxiboan geratuko dira, etorkizunean erabili ahal izateko, eta zati batzuk blog batean jarriko dituzte.
Artxiboa osatuko dute
Irudi berriak berreskuratu ondoren, berriak sortzeari ekingo diote. Horretarako, Super8 formatuko tailer bat eskainiko dute, eta kafearekin egiten den errebelatu teknika ekologiko bat irakatsiko diete ikasleei. Ikastaroa hilaren 22ko asteburuan egingo dute; ondoren, lortutako emaitzak jendaurrean erakutsiko dituzte. Azken fase horren helburua zinemarekin lotura duten gazteekin konektatzea da, Etxabarriren hitzetan: «Gure asmoa da haiek ikastea eta gogoeta egitea zer eta nola dokumentatzen zen lehen, bai eta haiek zer gehitu nahi duten ere».
Irudiak, ahanzturatik plazara
Maddi Barberrek eta Mirari Etxabarrik 'Artxiboak plazara!' egitasmoa gauzatuko dute Uharten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu