Irudi zaharrari azalberritze bat

Mende erdia da Jose Luis Zumetak Usurbilen bere zeramikazko mural handia jarri zuela. Urteurrena baliatuta, zaharberritu egingo dute obra ikonikoa; hari lotuta, egitarau zabala ere prestatu du udalak

Zumeta, murala osatzeko piezak sortzen, 1972. urtean, Usurbilen. ANTTON ELIZEGI.
Ainhoa Sarasola.
2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Oinarri urdin bat azpialdean, hori laranjakara bat atzealde gisa, eta figura abstraktu organiko zein geometrikoen inguruan, more, gorri, berde, zuri eta beltzen eztanda kontrolatu bat, horma osoa hartzen. Mende erdia beteko da aurten Jose Luis Zumetak (Usurbil, Gipuzkoa, 1939-Donostia, 2020) bere sorterrian zutik den zeramikazko murala sortu zuenetik. Artelana, oro har, ondo badago ere, ezinbestean utzi dizkiote aztarnak denboraren iragateak eta kalean egoteak. Hala, azalberritzeko garaia iritsi zaiola erabaki dute. Kontserbazio lanak hasiak dira, eta, urtemugaren harira, artistari zein haren obrari lotutako kultur egitaraua ere antolatu dute, elkarlanean, Usurbilgo Udalak eta Zumeta arte estudioak.

Herritarrentzat eguneroko paisaiaren parte den obra aldamioz eta olanaz estalita ageri da egunotan. Oihalean irakur daitekeen esaldiak laburbiltzen du bertan egin nahi dutena: Guk osatu, denon artean zaindu. Ondarearen zaharberritzeari eta kontserbazioari lotutako Artyco enpresak egingo ditu lan horiek, otsail eta martxo artean. Udalak jakinarazi duenez, lanekin hasi aurretik, muralaren egoera aztertu du enpresak, eta «mantentze egoera, oro har, ona» dela ondorioztatu du. Artelanari eusten dion euskarriak oraindik ere bere funtzioa egoki betetzen duela gehitu du, zeramikazko irudiari «inolako alterazio estrukturalik sortu gabe».

Hala, azaldu dute esku hartzea «minimoa» izango dela, eta gaineratu obra errespetatuz zein haren jatorrizko elementuak mantenduz jardungo dutela. «Nagusiki, horma irudia garbitu eta finkatze zein zigilatze lanak egingo dira. Horrez gain, tratamendu bat egingo diote, materialen kontserbazioa bultzatzeko, kanpo eraginak eragozteko edo horma irudiko piezetan izan ditzaketen ondorioak apaltzeko». Egindako lan guztiak bideo batean jasoko dituztela ere adierazi dute, eta, behin horiek amaitutakoan, enpresak prebentziozko kontserbazio plan bat ere osatuko duela.

Kontserbazio lanen inguruko bisita bat ere izango da herritarrentzat, martxoaren 11n. Gipuzkoako Foru Aldundiak 50.000 eurorekin lagunduko ditu lanok.

Zeramika inoiz landu gabea

Zumetak zeramikaz egindako lanen artetik kalean zutik geratzen den bakarra da Usurbilgoa, baita material berarekin sortutakoen artean Europan denik eta handienetakoa ere. Pilotalekuaren atzealdean, Mikel Laboa plazaren aurrean dago, 1973tik. Usoa Zumetak azaldu duenez, eta aitari entzun izan zionez, garai batean beste horma bat zegoen gune hartan, eta kalearte moduko bat zen. «Behin pareta hori bota zutenean, ohartu ziren izugarrizko horma bat zegoela hor, zerbait egiteko modukoa». Ez alferrik, 9 metro luze eta 16 zabal ditu muralak.

Proiektua egiteko ideia nola jaio zen, udalak Zumetari proposatu ote zion ala alderantziz izan zen, ez dagoela argi kontatu du pintorearen alabak. 1972ko urriaren 30eko udalbatzako aktak jasotzen du hura aurrera eramateko erabakiaren, baldintzen eta aurrekontuaren berri. Usoa Zumetak, baina, adierazi du udalean ez dela proiektua bera agertu. Berari azaldu diotenez, litekeena da garai hartako kultur giro aberatsean mugitzen zirenek asmoa bultzatu izana, eta udalak asmo harekin bat egin izana. «Ez dakit, baina nire irudipena da ziurrenik aitak ikusiko zuela hor formatu handiko zerbait egiteko aukera, beti izan zelako formatu horren zalea, eta izango zuela zerbait buruan. Ez dakigu lagunen artean komentatuko zuen, edo proiekturen bat aurkeztuko zuen, udalean ez baita halakorik agertu».

Nolanahi ere, Zumeta lanean hasi zen, ordura arte zeramika sekula landu gabea zen arren. «Ez zekien ezer zeramikari buruz», kontatu du alabak; «ezta lehen labekada bat egin behar zaionik ere». Behin buztinezko piezei bolumena emanda, labean sartu behar dira gogortzeko, eta, ondoren, esmalteak eman eta beste labekada bat jaso behar dute. «Gainera, garai hartan informazio gutxi zegoen; eraikuntzari buruzko libururen bat aurkitu omen zuen, eta horrela hasi zen lanean».

Udalak lokal bat eskaini zion lanerako. Eta bigarren eskuko labe bat erosi, eta gutxieneko azpiegitura bat antolatua zuenean, buztinarekin hasi zen lanean artista. Remigio Alkorta herrikidea erretiratuta zegoen, eta hura aritu zitzaion laguntzen, labearen tenperatura kontrolatzen. «Bitartean, aita jo eta fuego aritu zen lanean». 3.000 pieza baititu, denera, horma irudiak; 18 tona buztin. Erronka handia izan zen, alde askotatik begiratuta, Zumetarentzat. «Urte erdia-edo eman zuen piezen bolumena lantzen, jakin gabe gero esmalteak-eta funtzionatuko ote zuten; beldurtuta ibili omen zen, hainbeste lan egin eta gero, ez baitzekien nola aterako zen». Urtea behar izan zuen lana burutzeko. Zein soldata jasoko zuen galdetu ziotenean, Zumetak bueltan galdetu zuen ea zer kobratzen zuen hilean Michelin lantegiko behargin batek, eta hori bera kobratuko zuela berak ere. «Eta halaxe izan zen», baieztatu du haren alabak.

Garai hartan obra publikoa egiteko nahi bizia izan zuen artistak, Usoa Zumetak gogora ekarri duenez, eta horretan jarri zituen indarrak. Pasaiako porturako beste mural bat —gerora eremuan egindako lanetan «betirako txikitu» zutena— eta Kutxaren Donostiako egoitzarako beste bat ere sortu zituen. Beste enkargu bat ere jaso zuen, eta, hori nahiz antzeko beste lan batzuk aurrera eramateko azpiegitura handiagoa beharko zuela aurreikusita, lur eremu bat ere erosi zuen. Enkargu hura, baina, bertan behera geratu zen, eta lurrak atzera saldu behar izan zituen. Edonola ere, «garai hartan hori zen bere asmoa, bere interesa», zehaztu du artistaren alabak. Baina egoerak hartaratuta, asmoa baztertu, eta pinturara itzuli zen.

Zumetaren obran, mugarri

Bere historiak, tamainak eta beste hainbat ezaugarrik bilakatu dute ikoniko Usurbilgo horma irudia. Usoa Zumetaren ustez, materialak berak egiten du berezi, besteak beste. «Garai hartan bazebilen nahiko kolore primarioekin, eta bolumenekin-eta orduantxe hasiko zen. Esango nuke aitaren lanean, batetik, mugarria izan dela, eta, bestetik, 50 urteren ondoren bere indarra mantentzen duela». Bukatuta eta bere herrian kokatuta ikustean, artista bera ere konforme geratu zela du gogoan. «Egia da aurretik bozeto bat egin zuela, eta pentsatzen zuen pixka bat zurruna geratu zitzaiola, baina materialak emango ziola beste buelta bat; eta gerora esaten zuen: 'Ba ez, ez zion eman ba. Ondo dago, baina ez da mugitu'», oroitu du irriz. Edozein modutan, artistaren obra publiko bakan eta nabarmenena dela gaineratu du.

Horregatik, pozik dago bera ere horma irudia kontserbatzeko lanak egingo dituztela eta. «50 urte izateko, kalean egonda eta hemen dugun eguraldiarekin, oso ondo dago». Baina «zauriak» ere sortu zaizkio urteotan, azpiko aldean batez ere; baloiekin eta pilotekin jolasteko lekua ere izan da haurrentzat, eta jardun horrek ere erasan dio, Usoa Zumetak aipatu duenez. «Murala goitik behera hiru zatitan banatuko bagenu, beheko aldean da nabariena hainbat lekutan esmaltea falta zaiola». Kontserbazio lanak irizpide desberdinen arabera egin daitezkeela, eta orain erabaki dutena zera dela azaldu du: «Garbiketa egingo zaio, eta zauriak babestuko dira, hezetasuna ez sartzeko tratamendu bat eginez».

Aurrerantzean, eta olanaren leloari segituz, murala herritar guztien artean zaintzearen beharra nabarmendu du. Gutxienez beste hainbeste urte zutik iraun dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.