Irudi gaindosiari, hitz kritikoa

Iñigo Martinezen 'Pantailen garaipena' saiakera argitaratu du Elkarrek. 'Mandamentu hipermodernoak' liburuaren segida da, eta irudiak gizartean hartu duen lekuaz ari da

Iñigo Martinez idazle eta filosofiako irakaslea Pantailen garaipena lanaren aurkezpenean, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez
Donostia
2023ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Amaieratik hasi da Iñigo Martinez idazle eta filosofia irakaslea, eskertzak aipatuta: «Eleberri batean agian arraroa litzateke amaieratik hasi eta spoiler-a egitea. Baina izan dudan laguntzari hitza eman nahi diot. Uste dut hitza bera mespretxatua dagoela egun. Zenbaki eta irudiek daukatelako prestigioa. Hitza ahulduta eta pobretuta dago». Uste horretan bermatuta aurkeztu du Pantailen garaipena saiakera berria, Elkar argitaletxearekin. 2021eko Mandamentu Hipermodernoak liburuan (Elkar) kuantifikazioa izan zuen aztergai: «Bizitza guztia zifretara itzultzeko daukagun joera, hori izan zen kritika nagusia. Dena zenbatu eta ebaluatzeko behar horretan datza errendimenduaren gizartea». Aurrekoaren jarraipen gisa aurkeztu du orain lan berria, eta beste «erpin bat» izan du kontuan: irudien garaipena.

Hitzen kontra, bi estrategia daude, haren ustez; zenbakiak eta irudiak: «Liburuaren ardatza egungo kapitalismo digitala kritikoki aztertzea da; digitalizazioak batzen dituelako irudiak eta zifrak. Gure idatziak, gure hitzak, gero eta gehiago datu edo informazio izatera murrizten dira».

Pantaila duen gailu orok erabiltzailea «espiatzen» duela eta edozein «aztarna» harrapatzeko «irrikan» dagoela salatu du egileak: «[Gailua] Gure denboraz elikatzen da. Lanean, eta lanetik kanpo. Ez dago hausturarik. Arretaren politika dago jokoan. Bi aukera baino ez daude: edo pantailan agertu, edo pantailari begira egon».

Dena grabatzeko joera ere hautematen du gizartean Martinezek. «Gehienetan inertzia hutsa dela ematen du, behin gailua erosi dugula, askorik pentsatu gabe hasten gara grabazioak eta argazkiak egiten». Liburuak dakarren anekdota batekin azaldu du: «Udan ikusi nuen aireportuan. Bidaiari heldu berriak agurtzera edo besarkatzera joan beharrean, senide askok lagunen irteera grabatu egiten zuen lehendabizi».

Pantailen garaipena nolakoa den azaltzeko, begiradaren eta irudiaren kulturari buruzkoikuspegia kokatu du liburuan. «Teknokraziaren atzapar zabalak aztertuz, kapituluetan dagoena da begiradaren totalismoaren mapa bat», zehaztu du. Modu horretan, «begiradaren kartografia bat» ondu duela adierazi du, kokagune espazialekin. Kapituluetako batek Goitik behera izena dauka, esaterako; beste batek Behetik gora, badago Barrura begira deituriko bat, eta baita ispiluari erreferentzia eginaz Aurrera begira izena duena ere.

Goitik behera kapituluan, adibidez, begiratzeko puntu ilunak erakutsi nahi izan ditu irakasleak. «Sateliteen garaipena edo droneen garaipena aipatu ditut hor, ikusezina egiten zaigulako zabor espazialaren arazoa edo gudarako dron hiltzaileen hedapena». Barrura begira kapituluak eskanerren garaipena du hizpide. Ez ditu tresna horrek ekarritako abantailak ukatu, baina auskultatzearen garrantzia ordezkatu izanak kezka eragiten dio idazleari: «Etimologikoki, auscultare hitzak, latinez, adi entzutea esan nahi du. Ez dakit hori baztertzen ari den praktika bat ez ote den. Laguna dudan mediku batek hori aipatu zidan, agian telemedikuntzaren ajea pairatzen ari garela».

Atzera begira atala memoria zibernetikoari buruz hausnartzeko hartu du: «Argazki eta bideoak pilatzen ditugu, gero berriz ikusteko sekula astirik izango ez dugun arren. Aurrera begira pasartean aipatzen du algoritmoen estrategiak nola eragiten duen aurreikuspen digitalean: «Erosketak proposatzeko, esaterako, gure keinu ororen jarraipen digitala egiten dute etengabe».

Ikusezinari gorazarre

Selfie irudien fenomenoa ardatz hartuta idatzi du Ispiluaren aurrean atala: «Izugarria da zenbat pertsona hil diren selfie borobil edo harrigarri baten bila. Pantailen atzean gorputz bat dago, nahiz eta askotan ahaztu egiten zaigun». Bideozaintzaren inguruko kapitulu bat ere badu, Begiak edonon. «Bertan galdetzen dut zein ote den lanpostuetan etengabe begirada baten menpe egotearen ondorio psikologikoa». Kontrolpeko gizarteak konfiantzaren krisia ekarri duela dio.

«Erresistentzia bideak» ere pentsatu nahi izan ditu idazleak, ikusezinaren alde eginez. Olatz Mitxelena filosofoak egin du hitzaurrea, eta hori izan du aipagai. Mitxelenaren ustez, liburuan ez dago galdutako paradisuen nostalgiarik edo pasatutako garaietara itzultzeko gogorik: «Garai denek dituzte argi-ilunak, lurrin eta kiratsak; hau da egokitu zaiguna. Aztertu eta aldatzea da gakoa». Eraldaketari begira, Martinezek «usaimen fina» izan duela iruditu zaio Mitxelenari.«Jolastu gaitezen ezkutaketan, sor ditzagun eremu ikusezinak, onar dezagun ulertezina, arrotza, enigmatikoa; itxi ditzagun begiak hobeto ikusteko. Kiratsak kirats, Pantailen garaipena-k leiho bat zabaltzen digu, eta mundua egurasten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.