Literatura liburuetatik askatzea izan da Josemi Ibarretxe idazle, gidoigile eta zinemagilearen asmoa ( Bilbo, 1957). Ipuin sorta bat badu idatzita, baina orrietatik horma eta pantailara eraman nahi izan ditu bertan kontatutakoak. Hori da Bilboko Windsor Kulturgintza galerian zabaldu duen Catálogo de los hechos erakusketaren oinarria, eta publizitate kartelgintzaren hizkuntza eta zinema mutuarena baliatu ditu horretarako. «Irudirik gabeko zinema mutua egin dut», azaldu du jostari.
Bi pieza mota hartzen ditu erakusketak. Publizitate kartelen tipologiara eta neurrietara egokitutako ipuinak daude, batetik, eta pelikula gisa moldatutakoak, bestetik. Guztiek dute oinarrian Ibarretxeren narrazioren bat, eta haserrea dute oinarrian haietariko askok. Ibarretxe: «Hau ez da erabat antisistema, baina kasik».
Aurrez hainbat fikziozko film luze egindakoa da Ibarretxe bere anaiekin. Haiek zuzendutakoak dira, besteak beste, Solo se muere dos veces, Sabotaje eta Un mundo casi perfecto baina oraingoan irudiak kentzea erabaki du. Film mutuen testu karatuletan txertatu ditu bere kontakizunak, eta hori da dena. Ikusleak osatzen du filma buruan. «Ikusleak txertatzen ditu irudiak».
Film mutuen soinu banden ahairea du pelikuletan entzun daitekeen musikak ere. Bere anaiekin batera zuzendutako Sabotaje-rako grabatutako musikan erabili ez zituzten piezak dira, Pragako Orkestra Filarmonikoak jotakoak. Irudirik gabeko film mutu bateko soinu banda bilakatu ditu orain Ibarretxek. Irri egiten du: «Patatak erostera limusinan joatearen gisako zerbait da».
Irudi eta ahots arrastorik gabeko pelikulak
Berak idatzitako hainbat narrazio zinema hizkuntzara eraman ditu Josemi Ibarretxe artistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu