Irudi baten indarra

Artozki zutik iraunarazteko borrokatu zen Mabel Cañada, eta han izan zen 'Artezki' egin zenean ere. Ez ditu ahaztu herritarrek etxeak utzi behar izan zituzteneko bizipenak; horiek eman zioten kemena gerokoei eusteko.

Mabel Cañada —eskuinean—, Marcelina Cervantes Artozkiko bizilagunarekin, 2003ko irailaren 15ean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Lakabe
2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Irati ibaiaren ertzetik behera doan errepidean, Itoizko urtegiaren mutur bat begiztatu eta gutxira, seinale batek salatzen du Lakaberainoko bidea (Nafarroa). Aldapa igota, segituan ageri dira lehen teilatuak, harrizko murruak, eguzki plakak, baratzeak. Dozena erdi bizilagun sagar zukua egiten ari dira, auzolanean. Agoitzen enkargu bat egitetik herrira itzuli berria da Mabel Cañada (Bilbo, 1952). Baratze baten alboko zuhaitzaren gerizpean bi aulki jarri, eta lasai hasi da solasean.

Duela 43 urte hutsik zegoen herriari bizitza itzuli zion gazte talde hartako kide izan zen Cañada, eta Lakaben bizi da ordutik. Handik ikusten duen paisaia «oso bestelakoa» da gaur egun. «Ezberdina da landaretzagatik, gizakiak eginiko aldaketengatik eta orain begiratzen diodan moduagatik. Hona iristean, analfabetoa, ezjakin hutsa nintzen bizitzari eta naturari dagokienez». Bazuen ingurumenarekiko kontzientzia, baina «liburuetakoa», dioenez. «Hemen, apurka, naturak eta bizitzak zure lekuan jartzen zaituzte, eta ikasten duzu naturak bere zikloak dituela, eta zeuk moldatu behar duzula haietara, ez alderantziz». Urteek eta bizipenek irakatsi diote naturaz, bizitzaz eta «herrien berezko edertasunaz» orain dakiena. «Serieko akats gisako bat dugu gizakiok: dena eraldatu, perfekzionatu, hobetu nahi dugu, eta desitxuratu eta konplikatu baino ez dugu egiten. Nik ikasi dut herriak diren bezala ikusten. Eta Artozki herri ederra zen, ederra».

Ikusi gehiago:Memoria zabaltzeko 11 giltza

Eraikin apainak, etxarteak eta bizilagun «apal, bihozbera eta eskuzabalak» ditu gogoan. «Ez dakit onartu gintuzten, baina ulertu gintuzten», dio, irribarrez. Itoitzekiko Solidarioak taldeko kide izan zen Cañada, eta bazuen tratua artozkiarrekin: «Ogia erosten ziguten, laranjak ere bai, posta jaso eta telefonoz deitzeko hara jaitsi behar genuen... Pixkanaka, elkar ezagutu genuen, eta harreman nahiko estua egin».

2003ko irailaren 15ean, artozkiarrek beren etxeak utzi behar izan zituztenean, goizean goiz jaitsi zen Cañada Artozkira, alabarekin. Ez du ahanzteko egun hura. «Azkenera arte han geratu zirenekin egotera joan ginen; azken maletak ateratzen ari ziren. Hura ikaragarri gogorra izan zen... Ezin da ulertu gizakiok gai izatea elkarri halako zerbait egiteko, are gutxiago administrazio publiko batek». Gogoan du herritar batek su eman ziola bere etxeari. «Gauza asko gertatu ziren egunsenti hartan. Jabetzen zara ez duzula hitzik bizilagunei lagun egiteko; zer esango diezu?». Oroimenean iltzatuta geratu zaio zabalik utzi zituztela etxeetako ate denak, bizitza puskak agerian. «Askatasun ikaragarria sentitu nuen: ez dago ezer, eta, aldi berean, aukera oro dago zabalik hemen, oraintxe. Irudi horrek lagundu zidan ondorengo egun luzeetan eusten; 'Hau defendatu nahi dut' barru-barruan sentitze horrek».

Aspalditik hutsik zeuden beste etxe batzuetan, baina, bazen jenderik ordurako. «Orduan, bakarrik geratu ginen plazan, baina banekien ez geundela bakarrik». Asteak ziren herria babesteko antolatzen hasiak zirela, eta, egunek aurrera egin ahala, areagotuz joan ziren bai Poliziaren presentzia bai jendearena. Herrira sartzeko harrizko zubia blokeatu zuten, eta han zaintza lanak egitea tokatu zitzaion Cañadari, besteak beste. «Zenbait lagun zubiaren beste aldean zeuden; beste zenbait teilatuetan nahiz ganbaretan, sartuko ote ziren ikusteko; eta beste batzuk elizako dorrean itxi ziren».

Makinak handik bi aste pasatxora sartu ziren herrira. Bitartean, bestelako bizitza bat izan zuen herriak.

Gune kolektiboen zaintza

Artozkiko bizipenek erakutsitakoak eta natura behatuz ikasitakoak lotuta doaz Cañadaren gogoetetan. Baratzeko zerbei begiratu, eta azaldu du gai direla lehorte garaietan elkar zaintzeko, behealdeko hostoak lurraren parera jaitsi eta denen artean hezetasunari eutsiz. «Gizakiok, aldiz, nork bereari begiratzen diogu; ez dugu ikasi espazio kolektiboa denon artean zaindu behar dugula. Ez gara gai zerba xume batek egiten duena egiteko». Artozkiko egun haietara joan zaio gogoa segidan, bestela sentitu baitzen han. «Horizontaltasuna dut gogoan. Gozamen hutsa zen azaleratu zen autoantolakuntza; oso autonomoa zen, eta oso ongi kudeatua. Ongizate handia nabari zen, eta erraza izan zen han egotea».

Urteetako eskarmentua zuten ordurako, eta taldeka antolatu ziren. Asteburuan jende gehiago biltzen zitzaien, eta Artezki-z gain kultur ekitaldi ugari egin zituzten. «Herriko jendeak esaten zigun inoiz ez zela orduan bezainbeste jarduera izan herri hartan», oroitu da, irriz. Antzezlanak, kontzertuak, plazako murala, herri kirolak, haurrentzako jolasak eta beste ditu gogoan. «Bururatzen zitzaigun edozer egiten genuen: odisea bat zen baliabideen aldetik [irriz], baina oso ederra eta oso hunkigarria izan zen».

Eraitsi zuten herria azkenean. Baina irakaspen ugari atera zituen Cañadak esperientzia hartatik. Batetik, klima larrialdiaren harira, uste du «etorriko den kolpeari soilik herritar aske eta ongi antolatuek» eutsi ahalko diotela. «Ezein gobernuk ez zaitu prestatzen herritar burujabe eta kooperatibo izateko. Artozkin hori bizi izan genuen, eta aukera oso erreala zela ikusi. Uste dut lurralde zatitxo honen defentsak plus hori eduki zuela, 'hau posible da' erakutsi izana». Ideia hori gorde du. «Ez dut bizi porrot gisa, ez arrakasta gisa ere; bizi izandako esperientzia bat da: hor geratzen da, irakaspen gisa, beste belaunaldi eta herri batzuentzat. Baita ibar honen ondare gisa ere, garai batean ibarrak izan zuen sortzeko eta eusteko gaitasun gisa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.