Gizonengan «konfiantza handia» izan duela aitortu du Uxue Alberdik (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984), eta barreak nagusitu dira Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan idazlearen liburu berriaren aurkezpenera bildutakoen artean. «Nik benetan pentsatu izan dut hondo-hondoan denok dakigula berdinak garela. Antzeztu dezakegula, edo egin dezakegula simulakro bat, baina badakigu ahalmen intelektualean eta eskubideetan berdinak garela, ezta?», galdetu du idazleak. Eta hauxe erantzun dio bere buruari: «Bada, konturatu naiz, gizon askok, ezetz».
Horrenbestez, hark nahi duen rola jokatuko duela adieraztea da Alberdiren «borroka», eta testuinguru horretan kokatu ditu Hetero libururako idatzi dituen zortzi ipuinak, haren «barneko lorratzei» lekua eginda idatzi baitu. «Erresistentzia handiak izan ditut emakumearen rola jokatzera eraman nauten horien aurrean, eta horren isla proiektatzen da ipuin hauetako protagonisten minetan». Batzuetan, idazlearen esperientzia gertuago «senti» daiteke; besteetan, aldiz, gehiago jo du fikziora.
«Erresistentzia handiak izan ditut emakumearen rola jokatzera eraman nauten horien aurrean, eta horren isla proiektatzen da ipuin hauetako protagonisten minetan»
UXUE ALBERDIIdazlea
Landareek hazteko behar dutena izendatu du idazleak lehen narrazioa. Protagonistak iraganean tesi zuzendariarekin izandako gertaerak ditu hizpide. Ukitzen gaituen hura pasartean, lau argazki topatuko ditu irakurleak. Horiek, narratzailea den protagonistaren umezarora zein nerabezarora hurbilduko ditu. Irla da hirugarren ipuinaren izena. Antzerki forman emandako elkarrizketa bat da, zeinetan bi lagunek errefuxiatuak bisitatzera Kubara egindako bidaia «desliluratu» bat gogoratuko duten. Gizakiaren adin guztiak protagonistaren aita adindunak urtero egiten duen itsas zeharkaldi baten kontakizuna biltzen du.
Ondoren, Literatura lezioak narrazioa dago, editore baten eta idazle baten arteko WhatsAppeko elkarrizketa bat. Uso pasea da seigarren atala, non gaztaroan bizi izandako desiraren pizteaz diharduen. Sehaska kanta da gizonezko protagonista duen ipuin bakarra, eta aita biologikoarekin nahiz politikoarekin izandako harremanaren atalak biltzen ditu idazleak. Azkenik, Alargunak ipuinean, aspaldian hildako lankide baten alarguna ezagutuko du protagonistak.
Idazteko moldea
Idaztea oharpen lauso horiek gorpuzteko modu bat izan dela aitortu du Alberdik: «Oso liburu pertsonala da, baina uste dut idazlearen begirada bezain presente dagoela egilearen eta ipuinetako narratzaileen arteko distantzia, ez dena berbera narrazio guztien kasuan». Hain zuzen, idazleari interesgarria iruditzen zaio bizipenetatik ipuinera igarotzeko prozesua.
«Liburu honi Hetero izenburua jarri ez bagenio, jende gutxik pentsatuko luke heteroarauez ari garenik»
UXUE ALBERDIIdazlea
Liburuaren egileak adierazi duenez, forma narratiboak arakatzen aritu da, molde ezberdineko ipuinen mekanika ulertzen, eta istorio bakoitzarentzat narratiba ez ezik lengoaia bat ere bilatzen. Horrela, «era askotariko» ipuinak sortu ditu, bai teknika eta ahots narratiboen aldetik, bai kontabide, egitura, musika, erritmo eta ikuspuntu aldetik ere.
Halaber, hizketa mota «ugari» jasotzen dira liburuan, idazleak pertsonaien nortasuna ezaugarritzeko «bereziki baliatu» dituenak, hitzez adierazteko duten «modu partikularra» azpimarratzen dutena. Haren ustez, musikaltasuna ematen die ipuinei, geografia jakin batean kokatzen ditu pertsonaiak, garai, gorputz eta posizio jakin batzuetan.
Azala
«Liburu honi Hetero izenburua jarri ez bagenio, jende gutxik pentsatuko luke heteroarauez ari garenik; hain da ordena hegemonikoa, ez baita ikusten», esan du Alberdik izenburuaren inguruan. Hari beretik, izenburua «ikusi ohi ez dena ikusarazteko» baliatu dutela aitortu du Leire Lopez editoreak, eta adierazi ipuinei marko bat ematen diela: «Heteroaraua da ardatz nagusia, nola zeharkatzen duen bizitza oso bat, nola sortzen duen munduan egoteko modu bat, norbere burua ulertzeko modu bat». Era berean, marko «irekia» dela azpimarratu du, ez baitago ezer «aurrez» erabakia, eta «gozamenerako zirrikituak» daude.
Ipuin liburuaren azala Alain Urrutia artistak egin du. Alberdiren hitzetan, «argazkia dirudien pintura» bat da. «Orain, irakurleak itxiko du jolasa, behatxulotik begira duen begiari beraren nerbio sistematik begiratzen dionean».