Irribarrearen errua oraindik ezabatu gabe

Etzi ehun urte beteko dira Flannery O'Connor idazlea jaio zenetik, eta, lupusaren eraginez 39 urterekin hil bazen ere, eta haren lan kopurua handia ez izan arren ere, AEBetako XX. mendeko narratzailerik onenen artean dute oraindik ere aditu ez gutxik.

Flannery O'Connor idazlearen argazki bat Andalusia landetxean.
Flannery O'Connor idazlearen argazki bat Andalusia landetxean.
Inigo Astiz
2025eko martxoaren 23a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Hemen jartzen du bere buruari Moldakaitza deitzen dion tipo horrek Itxitura Federaletik ihes egin duela eta Floridarantz doala, eta tori, irakurri hemen zer egin omen zion jende hari. Tira, irakurri. Ez nituzke nire umeak inorako norabidean jarriko halako kriminal bat harantz balihoa». Flannery O’Connor idazleak greziar tragedia klasikoen irmotasun berarekin abiatu nahi izan zuen bere lehen ipuin bildumako lehen ipuina. Gainera datorkien arriskuaren berri ematen dieten aieru, iragarpen eta sinbolo guztiei kasurik egin gabe, lehen esalditik beretik hasita, euren heriotzara eramango dituen bidea aukeratzen tematuta dirudite Ez da erraza gizon on bat aurkitzea kontakizuneko pertsonaiek. Amonak nahiago lukeelako Tennesseera joan, baina egunkarian irakurritako albistea gorabehera, familiako aitak eutsi egiten diolako Floridara joateko asmoari, eta, kasualitatez kasualitate eta istripuz istripu, ezinbestean, Moldakaitzarekin eta, beraz, euren heriotzarekin topo egiten amaituko dutelako. Eta zer gertatuko den hasiera-hasieratik iragarri arren, gertatuko den hori noiz eta nola gertatuko den kontatzeko darabilen teknika zaindu eta dotoreagatik da goi mailako ipuina O’Connorrena. Lupusak jota hil zen, 39 urte baino ez zituela, eta, bi eleberri eta bi ipuin bilduma besterik argitaratu ez zituen arren, XX. mendeko Estatu Batuetako narratzaile onenen artean aipatzen dute aditu ez gutxik. Asteartean ehun urte beteko dira jaio zenetik.

AEBetako hegoaldeari lotuta daude O’Connorren bizitza eta literatura, eta bertako literatura gotikoa deitu ohi denaren partetzat jo ohi dute haren literatura. 1925eko martxoaren 25ean jaio zen, Georgia estatuko Savannah herrian, eta, gaixotasunaren eraginez bere azken urteak Georgiako Milledgeville herriko Andalusia izeneko landetxean paumak hazten, idazten eta irakurtzen eman ondoren, 1964an hil zen, ospitalean, ebakuntza baten ondoren hainbat egun koman eman eta gero. Inguru nagusiki protestantean egonik ere, familia katoliko bateko alaba zen O’Connor, eta erlijio sentimendu horri sakonki lotuta dago literatura ulertzeko haren modua ere. «Nire istorio guztiak gai honen inguruan eraikita daude: Jainkoaren graziaren eragina, berau onartzeko prest ez dagoen pertsonaia batengan».

Ironia eta arrazismoa

Walter Sullivan irakasleak egindako kontaketaren berri bildu zuen Chris Power-ek The Guardian egunkarian duela urte batzuk, eta, haren arabera, heriotza bortitz batekin edo gehiagorekin amaitzen dira idazleak bizi zen artean argitaratutako 19 kontakizunetako bederatzi. Baina horrez gainera, eraso fisikoren batekin amaitzen diren hiru ere badaude, lapurreta batekin bukatzen dira bi, eta badago sute batek ixten duen kontakizun bat ere. Azken ehun urte hauetan, horregatik, behin eta berriz azpimarratu izan da haren pertsonaien «groteskotasuna», bai eta haren ironiarako zein umorerako joera ere. Haren joera arrazistak ere seinalatu dituzte azken hamarkadetan, ordea.

Hil zenetik sei hamarkada joan diren honetan, eta etiketa eta epai horiek guztiak egia izanik ere, bizirik jarraitzen dute haren testuek oraindik ere. Haren literaturarekiko mira onartu du duela gutxi Bernardo Atxagak, eta Xabier Montoiak ere idatziz utzi zuen miresmen horren berri 1986ko Susa aldizkarian. Xerezade artxiboa saioak ere egin zuen saio bat, eta apirilean Donostia Kulturak ere tarte bat egingo dio Flanneryri, baita tartean EIZIErekin elkarlanean antolatutako solasaldi-irakurketa bat egin ere. Eta, adibidez, Ez da erraza gizon on bat aurkitzea ipuinean topa daitezke lilura hori guztia pizteko motibo posibleetako batzuk.

Pertsonaiak euren heriotza ziurrerantz gidatu bitartean, O’Connorrek autoaren leihotik jartzen dituelako euren testuinguru historiko, sozial eta politikoari begira. Kotoi plantazio esklabisten hondarrekin miretsita mintzo da amona, esaterako. Autoarekin istripu bat izan dutelako ezin alaiago deskribatzen ditu bidaiarekin seko aspertutako umeak, eta haien desilusioa azaltzen du segituan, inor hil ez delako. Eta asmo komikoa ere argia da azaltzen denean, azkenean, hiltzailearen aurrera daramatzan motiboa amonaren memoria okerraren errakuntza bat baino ez dela. Eta, beraz, arintasun moduko horrek eragindako irribarrearen errua aurpegitik oraindik erabat ezabatu gabe duela heltzen da irakurlea azken bost hilketetara.

1952an eman zuen argitara bere lehen nobela —Wise Blood—, 1955ean bere lehen ipuin bilduma —Ez da erraza gizon on bat aurkitzea—, 1960an bigarren nobela —The Violent Bear It Away—, eta 1965ean bigarren ipuin bilduma —Everything That Rises Must Converge—. Bizi artean hainbat sari jaso zituen, eta, hil ostean ere, AEBetako National Book Award for Fiction sari entzutetsua eman zioten 1972an, haren ipuin guztiak biltzen zituen bildumagatik. Haren saiakerak eta eskutitzak ere eman dituzte argitara, eta 2024an kaleratu zuten O’Connorrek amaitu gabe utzitako eleberria: Why Do the Heathen Rage?. Jessica Hooten Wilson ikerlariak bildu eta antolatu zituen txatalak, eta haiei buruzko iruzkinekin tartekatuta antolatuta argitaratu zuten, azpititulu aski adierazgarria gehituta: A behind-the-scenes look at a work in progress (Amaitu gabeko lan bati oihalen atzealdetik egindako begiratua).

Mikel Azurmendik haren bi ipuin itzuli zituen; lehenik, 1985ean, La Primitiva Casa Baroja argitaletxeak kaleratutako Jende ona nekez aurkitzen da bildumarako. Eta 2009an, Alberdania eta Elkar argitaletxeek egilearen lehen ipuin liburu osoa eman zuen argitara Literatura Unibertsala bildumarako: Ez da erraza gizon on bat aurkitzea. Itziar Otegik egin zituen itzulpen lanak orduan, eta idazleari buruzko hitzaurre mamitsua ere idatzi zuen argitalpenerako.

Gehiegizko interpretazioaz

Literatur lanak ez ezik, eskutitzak ere erruz idazten zituen, eta horren erakusgarri da 1979an The Habit of Being titulupean argitaratutako bilduma. Haren bi txatal euskaratu zituen Itziar Otegi itzultzaileak 2014an, 31 Eskutik blogerako, biak ere, hain justu, Ez da erraza gizon on bat aurkitzea narrazioari lotutakoak, eta BERRIArentzako berrikusita eman du itzulpen hura orain. Ingeles irakasle batek idazleari idatzitako eskutitza da lehena, eta O’Connorrek literatur jardunarekiko zuen konpromisoaren erakusgarri da hari emandako erantzuna.

«Idazten dizut gure saileko hiru irakasle eta hiru gelatako laurogeita hamar bat unibertsitate-ikasleren bozeramaile gisa», aurkezten dio bere burua ingeles irakasleak O’Connorri. «Astebetez aritu gara Ez da erraza gizon on bat aurkitzea istorioa eztabaidatzen, eta, luze jardun arren zenbait interpretazio-aukera aztertzen, horietako batek ere ez gaitu erabat asebetetzen. Oro har, uste dugu Moldakaitzaren agerpena ez dela 'erreala', ez behintzat istorioaren lehen zatiko gertaeren zentzu berean. Baileyk, gure ustez, imajinatu egiten du Moldakaitzaren agerpena; izan ere, haren eginen berri eman zioten bidaian abiatu aurreko gauean, eta berriz errepide ondoko jatetxean egindako geldialdian (...). Baina ezin dugu erabaki, ahalegin handia egin arren, zer puntutan lausotzen den errealitatea eta ilusio edo ameskeria bihurtzen».

Eta hau da O’Connorrek 1961ean idatzi eta egun batzuen buruan postaren geldotasunez ingeles irakaslearen postontziraino heldu zen labankada. «Zure laurogeita hamar ikasle eta hiru irakasleren interpretazioa fantastikoa da eta nire intentzioetatik ezin urrunago dago. Interpretazio zilegi bat balego, istorioa ez litzateke amarru bat baino askoz gehiago izango, eta normalaz besteko psikologiaren ikuspegitik soilik izango luke interesa. Ez zait interesatzen normalaz besteko psikologia». Istorioaren asmoa ez dela errealista ere zehazten dio ondoren, eta «konbentzio komikoak» darabiltzan arren, «esanahi serioa» duela. Eta eskutitzaren azken-aurreko paragrafoan dator egilearen literaturari buruzko gogoetarik argiena, gero.

«Istorio baten esanahiak zabaldu egin behar luke irakurleak hausnartu ahala, baina esanahia ezin da interpretazio batean harrapatu. Irakasleek istorioei ikerketa-arazoak balira bezala heltzeko ohitura badute, pentsatuz edozein irakurketa dela sinesgarria baldin eta ez bada agerikoa, iruditzen zait ikasleek ez dutela sekula ikasiko fikzioaz gozatzen. Gehiegizko interpretazioa gutxiegizkoa baino okerragoa da zalantzarik gabe, eta istorioak berak sorrarazten ez duen sentimendurik nekez hornituko du interpretazioak».

Eta despedida, azkenik. «Nire tonuak ez du desatsegina izateko asmorik. Shock egoeran nago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.