Irriaren antropologia «problematizatu» eta irriak Euskal Herriko egungo gizartean jokatzen duen rola ikertu du —bertsolarien umoreari erreparatuz batik bat— Eric Dicharry antropologo eta poetak Le rire des Basques liburuan (L'Harmattan). Barandiaran beka jaso zuen egileak, 2009an, ikerketa hori gauzatzeko.
«Gaurko bertsolaritzan autotrufa gero eta gutxiago erabilia da», Dicharryk dioenez, «bertsolariek exotrufa autotrufa baino gustukoagoa baitute». Bertsolarien arteko irria ez dela gaiztoa izaten ondorioztatu du ikerlariak.«Ziztatzen du baina ez du kolpatzen, zirikatzen du baina ez du larrutzen». Publikoaz trufatzen denean ere, bertsolaria «umore onean» trufatzen da normalean.
«Irriak mugak jartzen ditu, baina ber unean komunitatea eraikitzen du», Dicharryren ustez, «komunitatea bizkortzen, bermatzen, gogortzen du. Irri egiten dutenak berdinak dira, ber balio, ber hizkuntza, ber kultura, ber hitza, ber ikuspuntuak partekatzen dituztelako. Irriak eta umoreak irri egiten duen jendea hurbiltzen dute».
Irri egiteko, nahia ez da aski, «ahala» ere behar da, eta horretarako hizkuntza eta kontestua ez ezik «nortasun artikulatu bat» ere partekatu behar da. «Elkarrekin barre egiteko, hizlariak eta entzuleak, bertsolariak eta publikoak adostasun bateraino heldu behar dute. Adostasun horrek desberdintasun bat sortzen du. Ber kultura partekatzen dutenek soilik —erran nahi dut ber pentsamolde, ber eginmolde eta ber sumaolde partekatzen dutenek soilik— irri egiten dute. Jendeak, azken finean, ez du ber gauzez irri egiten, munduko ber bista, ber kontzepzio, ber umore, ber zehaztasun zentzudun eta batzuetan ber utopia partekatzen ez baititu».
Liburua Parisko Editions L'Harmattan argitaletxeak argitaratu du, baina Barandiaran bildumaren 17. zenbakia ere bada Le rire des Basques, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren etaL'Harmattan argitaletxearen arteko akordioari esker. «Gorabehera ekonomikoek jo duten arren, Barandiaran fundazioa ez da hainbeste makurtu, txikitxoa denez», Josemari Velez de Mendizabal Barandiaran fundazioko lehendakariak azaldu duenez. «Hala ere, bere zailtasunak ditu, eta orain dela urtebete inguru erabaki genuen irudimenezko formula batzuk jarri behar genituela martxan, batez ere gure publikazioei jarraipena emateko». Eusko Ikaskuntzak 1980an sortu zuen Barandiaran beka, eta 1988an Barandiaran fundazioa. Dicharryk maskaradei buruz idatzitako liburua argitaratu zuen iazko abenduanL'Harmattan argitaletxeak: Du rite au rire. Le discours des mascarades au Pays Basque.
«Irriak mugak jartzen ditu, baina komunitatea eraiki ere bai»
Barreak Euskal Herriko gizartean jokatzen duen rola ikertu du Eric Dicharryk 'Le rire des Basques' liburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu