Ironiaren begia atzo eta gaur bizitakoari

Karlos Cid Abasolok lehen poema liburua argitaratu du: «Keinu konplizeak». Ironiaren bidez josi ditu 30 urtean sortutako poemak

itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
«Liburu honetan bizi izan ditudanak daude, irakurri ditudanak eta ikusi ditudanak». Hala laburtu du Keinu konplizeak bere lehen poesia liburuaren mamia Karlos Cid Abasolok (Madril, 1963). Bizipenei, irakurketei eta zinemari idatzi die, eta baita irudimenari ere. «Bizitu gabeko, ikusi gabeko eta entzun gabeko gauzak ere badira tartean; bestela, ez litzateke poesia izango».

Madrildarra da Cid, eta han bizi da. Itzultzaile gisa aspalditik da ezaguna, halere, euskal letretan. Keinu konplizeak liburuan hiru hamarkada ingurutan idatzitako poemak bildu ditu; «oso zaharrak, zaharrak eta berriak», haren hitzetan. Susarekin plazaratu du liburua, eta, beste ezer baino lehen, Cidek Susarekin aspalditik duen lotura aipatu du liburuaren aurkezpenean: «Duela 28 urte hasi zen. 1990ean, hitzordua izan nuen Iñigo Aranbarrirekin. Garai hartan, Susa aldizkariko zuzendaria zen, eta euskaratuta neuzkan bi poeta txekiarren poemak argitaratzea proposatu nion aldizkari eder hartan. Baiezkoa eman eta hori izan zen nire lehenengo kontaktua Susarekin». Berriki Leire Lopezek hartu du argitaletxeko editore postua, eta hark azaldu du Cidek euskaraz poema liburu bat argitaratzera iristeko egin duen bidea. Portugaleten (Bizkaia) bizi ziren Ciden aitona-amonak, eta haiengana joan ohi zen familia udaro. Aitonak bultzatuta, Cid 14 urterekin hasi zen bere kasa euskara ikasten; Madrileko Euskal Etxean jarraitu zuen gero, eta, Filologia Hispanikoa ikasten hasi zenerako, euskarako irakasle zebilen Euskal Etxean bertan; hala jarraitzen du egun, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.

Perpaus erlatiboei buruzko tesia egin zuen, eta Lopezek gogora ekarri du hori: «Hizkuntza erromanikoak, hizkuntza eslaviarrak eta euskara konparatu zituen tesi horretan, baina perpaus erlatiboekin duen harremana ez da tesian geratzen; liburuan badu poema bat Perpaus erlatiboen omenez izenekoa, eta beste poemetan ere ikusiko duzue asko estimatzen dituela erlatiboak». Tesia egiteko Txekoslovakiara joan zen bi urtez, eta horri lotutako poemak ere jasotzen ditu liburuak. Nolanahi ere, Lopezek tesia zeragatik aipatu du, Cidek batez ere hainbat idazle txekiar itzultzetik garatu duelako gaurdaino euskal literaturarekin izan duen harremana. Euskarara ekarri ditu, besteak beste, Jaroslav Hasek, Miroslav Holub, Milan Kundera eta Josef Skvorecky. Azkenekoz, Holub ekarri zuen Munduko poesia kaierak bildumara, duela bi urte.

Itzultzailetzat ere badu bere burua Cidek, eta aipatu du ez daukala beti argi poetaren eta itzultzailearen arteko muga: «Itzultzaile, irakasle, euskalari, ikerlari... ofizio horiek guztiak liburuan daude jasota, nola edo hala».

Hitz batean: «jolasa»

Liburua hitz bakar batera ekartzekotan, Lopezek «jolasa» hautatuko luke. «Ironia ere aipa nezakeen, baina ironia jolasaren barruan sartzen da, eta ez du testuinguru oso barnean hartzen, baina jolasak bai», zehaztu du editoreak. Izenburutik tiraka, liburuak irakurlearekiko «konplizitatea» bilatzen du harentzat,etajolasaren bitartez egiten du hori.

Lau ataletan banatu dituzte poemak. Aurrenekoan daude poemarik zaharrenak, Lokamutsa atalean; hurrengo bietan garai ezberdinetan idatzitakoak nahastu ditu, eta azken atalean bildu ditu, oro har, azkenengo boladan idatzitakoak. «Ironia dago tonaka, baina ironien artean badaude aldeak; badago ironia triste bat ere. Ni ironia irribarretsu bat sartzen saiatu naiz askotan, egoera gogorren aurrean gora egiteko». Aitaren heriotzari idatzitako poema da horren adibide, umoretik eraikia eta Elegia hortzetako pastari deiturikoa. «Niri lagundu zidan poema horrek dolurako, eta irakurleak barre egiten badu poema horrekin, barkatu egiten dut, eta gainera eskerrak ematen dizkiot». Poetaren ironiak gaurko gizakiari begiratzen dio bigarren atalean, Munduaren erregea izenekoan; hurrengoan, ni-tik mundura zabaltzen du begirada, Arpoia eskuan-en. Azkenengoan, Azken apala deiturikoan, egileak literaturari eta idazketari buruzko gogoetak batu ditu, autoreei eta filmei aipamen zuzen eta umoretsuak eginda.

Poema liburuakoro har bi asmo ditu, egilearen esanetan: alde ludikoa, batetik, eta hausnarketarako gogoa, bestetik. «Hausnarketa bide da niretzat ere poesia, zerbait buruan daukadanean errazagoa egiten zait pentsamendu horiek honela adieraztea, eta ez modu filosofiko batean».

Egileak azaldu du «zorroztasunez eta malgutasunez» egin dutela Lopezekin asteetan ondutako edizio prozesua. Zorroztasun horren erakusgarri izan dira trukatu dituzten liburuaren bertsio guztiak. Cid: «Hasi ginen bertsio bakoitzari letra bat jartzen, A-tik hasita, eta S-raino iritsi ginen». Editorearekin izandako lan harremana liburuan islatuta datorrela erantsi du, «keinu konplizitate gisa». Prozesuaren hasieran, Cidek «flotatzen» ikusten zituen poema gehienak, eta orain «igerian» ikusten ditu.

Damaso aitonari eskaini dio liburua, hark bultzatu zuelako euskara ikastera. «Erdalduna bazen ere, euskararekin maitemintzeko bidea erakusteagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.