Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak

Iristen aurren, eta joaten azken

Baionan jokatuko da gaur Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren itzuliko bigarren saioa. Ohi bezala, 17:00etan hasiko da. Aulki, soinu eta foku; pronto izango dira den-denak ordurako. Bertsozale Elkarteko ekoizpen taldeak du horren ardura. Zein da, baina, horren atzean dagoen inurri lana?

Amurrioko saioa. Joan den larunbateko saioa, Amurrioko Bañueta kiroldegian. GARI GARAIALDE.
Miren Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Gainean da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko final handia. Bi saio besterik ez da geratzen Maialen Lujanbiorekin batera Nafarroa Arenako aulkietan zein zazpi bertsolari eseriko diren jakiteko. Gaur jokatuko da bigarren itzuliko bigarren saioa, Baionako Lauga kiroldegian. Ohi bezala, sei bertsolari arituko dira kantuan: Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal eta Unai Agirre. Aurkezle lanak, berriz, Ainhoa Larretxeak egingo ditu.

Prest dute oholtza dagoeneko. Aurrez zegoen prestatuta. Izan ere, herriaren arabera aldatzen da muntaketaren ardura. Batzuetan, herriko udala bera arduratzen da eginkizun horretaz. Halaxe da, esaterako, Baionan. Beste batzuetan, ordea, Bertsozale Elkarteko ekoizpen saila arduratzen da agertokia muntatzeaz. Egun bat lehenago —ostiralean— prest utzi ohi dute oholtza. Horrek modua ematen baitie hurrengo egunerako materiala pronto utzi eta aulkien kokapena ere aurreikusteko.

Muntaketa lana ez ezik, ekoizpen sailaren ardura da txapelketa baliabide tekniko eta materialez hornitzea eta zuzenekoetarako logistika diseinatzea ere.

Xabi Torres eta Jon Agirresarobe Torrotxo dira ekoizpen taldeko kideak. Torres arduratzen da, gehienbat, oholtzari dagokion atalaz: argiztapenaz, soinuaz, apainketa lanez... Eta Torrotxo, berriz, publikoa egoten den guneaz arduratzen da gehiago: aulkiez, gune teknikoez eta ekitaldiaren segurtasunaz. Segurtasun legedia arretaz begiratu behar izaten du Torrotxok. Izan ere, desberdina da arautegia Ipar Euskal Herrian, Nafarroan, edo Araba Bizkai eta Gipuzkoan. Hala azaldu du berak: «Horiek betetzeko aurretik osatu beharreko dokumentu guztien ardura nik hartzen dut. Eta, saioaren egunean bertan, beste hainbat kiderekin batera, aurretik antolatutako segurtasun dokumentu horiek guztiak gauzatzen direla ziurtatzen dugu».

Finala barne, hamalau saio izaten dira denera. Agirresarobek kontatu du saio guztiak bilduko dituen egutegi bat egin behar izaten dutela txapelketaren urte hasierarako. «Saio guztiak urtaro batean sartu behar izaten ditugu; udazkenean. Hori izaten da buruhauste nagusietako bat». Saio horiek egiteko, ordea, ez dute edozein leku aukeratzen. Bertsozale Elkarteak «herri estrategikotzat» jotzen dituenak identifikatzen ditu, eta, segurtasun kontuengatik eta, leku horien egokitasuna aztertzen dute ondotik; Torrotxoren hitzetan, «saio batbaldintza duinetan egin ahal izateko».

Behin hori eginda, saio bakoitzak behar dituen elementu guztiak lotu behar izaten dituzte. «Produkzio lan handia da hori: udalaren eta gure azpiegitura zein den aztertu behar izaten dugu lehenik, eta horiek lotu gero». Ondotik dator segurtasun araudiaren kontua. «Oso zorrotza da segurtasunari lotuta egin beharreko lana», azaldu du Torrotxok. Are zorrotzagoa Araba Bizkai eta Gipuzkoan. Izan ere, azaldu duenez, finalaurreko bateko segurtasun irizpideak bete ahal izateko, hamalau bat dokumentu bete behar izaten dira aurretik, eta dokumentu horietako bakoitzak bere prezioa duela nabarmendu du. «Egia da segurtasunaren kontu horrek aurretik estutzen gaituela, eta, horri dagokionez, lasaiago joaten garela saiora; etxeko lanak eginda».

Azken ordukoak

Asteartero biltzen da taldea asteburuko saioa antolatzeko. Eta, beraz, saioaren egunean bertan, planoak eta krokisak eskuetan hartuta, aurrez prestatutako dena aretoan bertan gauzatzea izaten dute egin beharreko lana: pasabideen zabalera, jendearen kokapena... Horretarako, goizeko zortzietan sartzen dira aretoan, eta orduan ekiten diote lanari; saioa 17:00etan hasten bada ere. Hori, ordea, ez dute Torresen eta Torrotxoren artean bakarrik egiten: «Elkarteko langile profesionalen laguntzarekin egiten dugu hori, baina, batik bat, peto gorria daramaten borondatezko langileei esker».

Nolanahi ere, aurretik dena ondo zehaztuta eta antolatuta uzten saiatzen diren arren, izaten dira unean bertan hartu beharreko erabakiak ere. «Askotarikoa da kasuistika: gertatu izan zaigu, adibidez, publikoko norbait komunean ezin atera gelditu, eta guk atera behar izatea, edo norbait ondoezik sentitzea». Bestalde, haiek arduratzen dira bertsolariak ganbaran daudela agertokian gertatzen den ezer entzuten ez dutela ziurtatzeaz. «Batzuetan gertatzen da aurretik ganbarako ariketarako pentsatuta generaman lekuak ez duela balio, aretoan gertatzen dena entzuten delako edo». Eta, horrelakoetan, zer? Bada, denbora gutxi izaten dute ganbara gisa funtzionatu dezakeen beste gela bat aurkitzeko. «Herriko kontaktu guztiei deitu behar izaten diegu horrelakoetan, bertsolariek ezer entzungo ez duten beste gela bat aurkitu arte».

Beraz, saioak iraun bitartean, ez dute izaten atseden hartzeko tarte handirik: «Saioa entzuteko astia izaten dugu, baina burua horretan jartzeko aldartea falta zaigu, atzera eta aurrera ibiltzea tokatzen baitzaigu askotan».

Dena dela, azpimarratudu txapelketan zehar badagoela haiek baino tentsio handiagoa pairatzen duenik: «Gure lanean sufritzen duguna ez da bertsolari batek txapelketan sufritzen duenaren parera ere iristen. Haiena da lanik gogorrena. Beraz, bertsolarien animoari eustea eta haiek goxatzea dagokigu besteoi».

Nola goxatu, baina, tentsio eta sufrimendu hori bertsolariei? Bada, saio hasierako argibideen arabera, publikoaren esku dago egiteko bat: bertsolariak nahas ez daitezen, lekutik ahalik eta gutxien mugitzea, adibidez.

Aulkien kokapena ere garrantzitsua da bertsolarien kontzentraziorako. Beraz, horretan ere badu lana ekoizpen taldeak. Oholtzaren pareko hutsuneak ekiditen saiatzen dira, eta baita jendea mugitzea eragin dezaketen lekuak saihesten ere. Torrotxok azaldu du, ordea, segurtasun araudiak baldintzatzen duela hori, eta, herrialde bakoitzak bere dekretua duenez, aulkien kokapena ere aldatzen dela: «Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, adibidez, ezin dira 25 aulki baino gehiago segidan jarri, ezta hamabi ilara baino gehiago jarraian jarri ere». Neurri asko diraaintzat hartu behar dituztenak, eta tokian tokiko araudi eta baldintzetara egokitu behar izaten dute antolaketa: «Lege horien guztien barruan saiatzen gara bertsolariei ahalik eta areto goxoena uzten».

Behin saioa amaituta, dena desmuntatzea dagokie taldekoei. Torrotxok azaldu duenez, diseinatua izaten ez duten lan bakarra izaten da desmuntatzea, baina urteen eskarmentuak eman die hori guztia azkar biltzeko gaitasuna. 22:30erako amaitu ohi dute desmuntaketa lana, gutxi gorabehera —saioa amaitu eta bi ordu eta erdira—. Borondatezko langileen laguntzaz egiten dute hori ere. «Honi guztiari borondatezko langileen laguntza kentzen diogun egunean, hau ez da bideragarria izango».

Final handiaren eguna

Hilabete baino gutxiago falta da final handirako. 13.000 lagun inguru batuko dira. Jakina da honezkero, lau aldiz jarraian Barakaldoko BECen (Bizkaia) egin ondoren, Iruñeko Nafarroa Arenan egingo dela finala lehen aldiz. Ekoizpen taldeari, beraz, agertoki berriaren baldintzetara eta araudietara moldatzea dagokio aurten.

Bertsozale Elkarteko kide Ander Perez da egun hori koordinatzeko arduraduna. Aspaldi hasi zen, gainera, horretan. Ez da bakarrik arituko, ordea. Torrotxo:«Xabi [Torres] eta biok ondoan gauzka orain, eta baita elkarteko gainontzeko kide guztiak ere, noski». Izan ere, finalaurreko batean kontuan hartu beharreko gauza asko daude, baina zer esanik ez finalaren egunean: zuzeneko emankizuna, argiztapena, bazkaria, jendearen mugimendua... «Erronka handia da hain txikia den elkarte batentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.