Zinemagilea

Inge Mendioroz: «Iriondok hiru belaunaldi ukitu ditu, eta, gainera, gauza desberdinekin»

Iriondo eta haren garaiko beste emakume sortzaile batzuk eraman ditu Mendiorozek 'Lurdes Iriondo. Ez gera alferrik pasako' dokumentalera.

Inge Mendioroz zinemagilea. ROSA ZOZAYA COSTA
Inge Mendioroz zinemagilea. ROSA ZOZAYA COSTA
Ainhoa Sarasola.
2025eko martxoaren 2a
04:55
Entzun

«Beste esku batzuek jasoko dute gure lana,/ ez gera alferrik pasako./ Badu bizitzak etorkizun bat,/ ez da ametsik desegingo», kantatu zuen Iriondok. Eta abesti horretan aurkitu du Inge Mendiorozek (Andoain, Gipuzkoa, 1973) artistari buruz ondu duen filmerako izenburua. «Iruditu zitzaidan oso bat zetorrela dokumentalaren ildoarekin, bai hura eta bai haren garaiko beste emakume batzuk ekarri nahi genituen eta». Beraz, Iriondoren biografia baino zerbait gehiago erakusten du Lurdes Iriondo. Ez gera alferrik pasako filmak.

Mikel Laboa Katedrak lagunduta hasi zen Mendioroz Iriondoren inguruan ikertzen, eta «haluzinatu» egin zuela dio. Idoia Garzes idazle eta gidoilariarengana jo zuen, eta elkarrekin ekin zioten lanari. Filmari azken ukituak ematen ari dira orain, eta aurten estreinatzeko asmoa dute.

Ikertzen hasi aurretik, zer zenekien Iriondori buruz?

Ez Dok Amairuko emakume bakarra izan zela da jaso duguna. Eta gai horri buruz idatzitakoak irakurtzean, konturatu nintzen pertsonaia eta pertsona ez datozela bat, marrazten duten emakumea klixez beteta dagoela, eta garai bateko klixeak orain gutxira arte errepikatu direla: Euskal Herriko nobia zela, Joan Baez euskalduna, minigona janzten zuela... Baina ikusten duzunean zer egin zuen garai hartan, konturatzen zara oso borrokalaria izan zela, oso indartsua. Eta artista polifazetikoa izan zela. Jaso dugu Ez Dok Amairuko abeslaria izan zela, baina, taldean sartu baino lehen, jada urte batzuk zeramatzan bakarka abesten. Gainera, bihotzeko ebakuntza bat egina zioten ordurako. Beraz, oso indartsua zen, eta oso burugogorra zela ere kontatu digute, nahi zuena egiten zuela eta ez zitzaiola batere inporta jendeak zer esaten zuen. Ez Dok Amairuren ondoren ere jarraitu zuen abesten, eta hori ere ahaztu da. Eta tartean, idatzi ere egiten zuen: bere lehen liburua frankismo garaian idatzi zuen, euskaraz.

Zer iturritara jo zenuen irudi berri hori osatzeko?

Bilaketa lan handia izan da. Ikusi nuen deskribatu izan diguten Lurdes horrekin ez nentorrela bat inondik ere, eta emakume izate horrek baldintzatu zuela bai haren bizitza bai gerora hura ikusteko izan dugun modua. Konturatu nintzen bazeudela emakume batzuk aipatu nahi nituen gaiak jorratu ahal zituztenak, eta haiek elkarrizketatzea erabaki nuen. Joxemari Iriondorekin ere elkartu naiz, Jose Anjel Irigarairekin... eta haiek ere egin dute ekarpena; adibidez, argazkiak eman dizkidate, Iriondok zuzenekoen audioak ere bai, eta erabili ditut. Baina dokumentalean agertzen diren guztiak emakumeak dira. Dudarik gabe, dokumentalak badu hausnarketa feminista bat bere baitan.

Mariasun Landa da elkarrizketatuetako bat; bertatik bertara ezagutu zuen Lurdes, antzerki ikastaro batean, eta literaturan erreferentetzat daukala dio. Agurtzane Intxaurragak antzerkiaren inguruan hitz egin digu, eta Amagoia Mujika Tolaretxipik, berriz, alde historikoa eman, bere garaian ikerketa bat egin baitzuen kantagintza berriaren inguruan, eta, gainera, hark egin zien Iriondori eta Leteri eman zuten azken elkarrizketa, etxean zirela. Jule Goikoetxea Mentxaka ere elkarrizketatu dugu, eta erreferentzialtasunaren inguruan aritu gara harekin. Eta Iriondoren iloba Koro Berasategi Iriondo ere bai; beraz, Lurdes gertu-gertutik ezagutuko dugu.

Garai hartako beste abeslari batzuekin ere hitz egin genuen: Maite Idirinekin —duela hiru urte egin genion elkarrizketa, azkena— eta Patxika Erramuzperekin —Ez Dok Amairu bukatzean, Lurdesekin abestu zuen Zazpiribai taldean, eta Maiterekin ere bai beste talde batean—. Estitxurekin ez, hila zelako, baina hura ere ageri da dokumentalean. Bestalde, Lurdes ikusita, kantatzera animatu ziren beste emakume pila bat, beste olatu moduko bat egon zen horren harira, nahiko indartsua, eta orduan hasi zen abesten Ana Guadalupe Fernandez Lupe, oso-oso gazte; hura ere elkarrizketatu dugu.

Horiek guztiak bildu ostean, Iriondoren inguruan zenuen irudia aldatu zitzaizun?

Bai, guztiz. Gainera, haren alderdi polifazetiko hori zoragarria iruditzen zait, zeren denetarik egiten zuen: idatzi, musika egin, marraztu... Ez Dok Amairu utzi zuenean, beti jarraitu zuen euskara eta euskal kultura berpizteko eta sortzeko lanean, eta ikusi zuen jarraipen hori haurren bitartez egin behar zela. Beraz, haurrentzako liburuak eta diskoak egin zituen. Lehen esan dut: uste nuen ez nekiela ezer hari buruz, baina gero konturatu nintzen ikastolan haren liburu bat oso-oso presente izan genuela, Asto baten malura [1975]; Halaber, dokumentalean Txalupa abestia erabili digu, eta disko hura [Ortzadarra (1978)] etxe guztietan zegoen! Eta Lurdes Iriondorena zen. Benito otsoa eta beste antzerki batzuk bideoan grabatzen zituen; beraz, egin zuen lana hurrengo belaunaldira ere iritsi da gerora. Azkenean, hiru belaunaldi harrapatu ditu Lurdesek, nahiz eta haren irudietan zortzi urteko lan bat bakarrik ikusten dugun eta hori erakutsi diguten; bizitza osoan egin zuen lan horren bitartez, hiru belaunaldi ukitu ditu, eta, gainera, gauza desberdinekin.

Irudi aldetik, nola erakutsiko duzu hori guztia?

Ez Dok Amairuk ez zituen kontzertuak grabatu nahi izaten, eta beraz, argazkiak badaude, baina irudi filmiko bat ere ez. Eta hasi ginenean pentsatu genuen nola kontatuko ote genuen hau guztia argazkiekin bakarrik... Eta tira, beste ildo edo baliabide batzuk erabili ditugu. Beste sortzaile batzuk ere sartu dira lanera, eta sormenetik ere jo dugu; zerbait esperimentalagoa da.

Bestalde, kazetaritzaz ere hitz egin nahi nuen, jaso dugun irudia hedabideetatik ere badator eta. Eta hor bada emakume bat, Maite Barnetxe, Iparraldeko kazetari bat izan zena: programa bat egiteko eskatu zioten, irudiekin, eta, niretzat, haren ikuspuntua guztiz ezberdina da, beste begirada bat dago hor. Iparraldean eta Hegoaldean ze garai desberdinak izan ziren ere ikusten da.

Pentsa daiteke musikak pisua izango duela dokumentalean. Zuzeneko grabazioak-eta aipatu dituzu, eta Maite Arroitajauregi Mursego-k ere parte hartu du.

Hori da. Mursegok Lurdesen abesti baten moldaketa egin du; izatez, abestiaren hiru zati hartu, eta hiru bertsio egin ditu. Lan zoragarria egin du. Niretzat hori da belaunaldi berriek Iriondoren musika jaso eta birmoldatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.