Irigoien eta Larrazken Orkestra azken aldiz

Paxkal Irigoienen 'Lau sasoinak' bakarkako lehen grabazioaren azken zuzenekoa eginen dute, gaur, Atabalen.Miarritzeko gelak eta Brah Brah kolektiboak antolatu Tribus jaialdiaren karietara da

Paxkal Irigoien eta Larrazken Orkestrakoak Atabalen errepikatzen. BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Gazte izanik ere, badu orain bulta bat musika munduan murgildua dela Paxkal Irigoien (Ainize-Monjolose, 1988). Eta familiatik ere izan du nondik edan. Adibide bat ematearren, aita eta osaba ditu Irigoien Anaiak talde ohikoak. Gitarra du bere instrumentu nagusia, gitarra elektronikoa. Baina beste instrumentuak saiatzea eta ikastea ere gustukoa du. Plazara ateratzerakoan, lehen taldea 667 izan zuen. Baina izan du eta badu besterik. Talde nagusietako bat Holako taldea du, hainbat gaualdi edo bazkari animatzen aurki daitekeena. Badu Zezenaren Taldea ere. Goran Bregovic eta Emir Kusturicaren kantuak berriz hartuz hasi zela eta hortik bere kantu sortuetara pasa. Balkanetako eraginarekin segituz, baina ez bakarrik. Diskoa argitaratu du honek ere uda honetan, autoekoitzia: Badabum Badabum! Eta azkenaldian Bi Lau taldearekin ere badabil. Horrekin ere diskoa prestatzen ari da.

Eta arte horretan bere lehen diskoa, beraz. Autoekoitzia hori ere, eta bere proiektu pertsonalena. Bere izena bakarrik agertzen da disko gainean, funtsean: «Paxkal Irigoyen, Lau Sasoinak». Zuzenekoetan Larrazken Orkestrak laguntzen du. Eta hala izanen da gaur ere, 21:00etan Miarritzeko Atabal gelan. Atabalek eta Brah Brah kolektiboak gonbidaturik, Tribus jaialdiaren karietara ariko dira. Diskoaren azken aurkezpena izanen dutena. Haien ondoan, Berako Borrokan taldea eta euskal presoen kopuruaren arabera izena aldatzen duen 465 taldeak ariko dira.

Paxkal Irigoienen zuzenekoaren kasuan, diskoko kantuak berriz moldatuak ditu taldean emateko gisan. Irigoien barne, zortzi musikarik osatzen dute orkestra. Haien artean, lau biolin. Eta gero, biolontxelo bat, bi gitarra elektroniko, eskusoinu bat eta ahotsak.

Estilo aldetik, folk edo post-folken arteko nahasketa bat dela azaldu dio Ipar Euskal Herriko Hitza-ri Irigoienek. Eraginen aldetik, aipatu dituen modeloek lagun dezakete agian nondik norakoa azaltzen: Bjork, Dut, Juan Carlos Perez eta Yann Tiersen.

Oren erdi bateko diskoa da, eta zazpi kantutan banatua. Ahotsak agertzen dira, baina bereziki instrumentuetan oinarritua da. Grabaketak hauskortasun bat agerian utz dezake agian. Baina nahitara da; nota faltsuak eta, horrela utzi nahi zituen artistak. «Gezurrik gabe». Taldean usatua, bere lehen lana duela bakarrik, eta, gainera, «aski intimoa» dela, zaindu nahi izan du hurbiletik. Baita banaketa eta trukaketa ere. 200 aletan atera zuen diskoa, eta ahal bezainbat eskutik eskura zabaldu nahi izan zuen. Halere, geroztik kontzertuak izan direla eta, Interneten hiruzpalau bideo aurki daitezke.

Izenburuaren haritik, Neguaren baltsa den lehen kantua neguan grabatu zuen. Gero, agian, ea zehazki neguko giroan murgiltzen ote den kantua ala ez, hor bakoitzak berea aurkituko du. Diskoak baduela bere ibilbide bat hasieratik bukaerara entzunez, hori, agian, hauteman daiteke. Eta hala aholkatzen du baita artistak ere. Sakelako telefonoak itzali, eta diskoa entzutekotan, hastetik buru entzutea. «Disko bat gozatzeko manera hoberena baita», dio interesatuak: «Film bat bezala da: sartu behar zara haren baitan, tartean dei bati erantzun gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.