«Irakurketak gu zaintzen jarraituko du baldin eta guk bera zaintzen badugu». Esaldi horrekin amaitu du Irene Vallejo idazleak (Zaragoza, Espainia, 1979) irakurketaren eta liburuaren alde ondu duen manifestua. Hain justu, aldarri horiek guztiak liburu batean bildu ditu, eta orain, euskaraz ere irakurri ahal izango dira, Fernando Rey itzultzailearen (Iruñea, 1961) ekimenez: «Manifestua irakurri, gustatu, itzultzeko gogoa piztu, eta itzuli egin nuen». Ondoren, Pamiela argitaletxeari proposatu zion, eta horrela sortu da Irakurketaren aldeko manifestua.
Manifestuak idazten ohi diren modura antolatu du Vallejok liburua: puntuka. Orotara, bederatzi puntutan edo ataletan zatitu ditu idazleak aldarriak: Hauskorrak; Hegalak eta zimenduak; Zaintzaren arkitekturak; Ahots-mamuak; Ideia bitxiak; Ur-dardarak; Arrisku ia hautemanezinak; Berreraikuntzarako tresna; eta Salba dezagun miraria.
Reyk adierazi du «saiakera txiki bat» dela: «Mezu iradokitzailez betea dago, ongi ohar gaitezen nolako toki gailena izan beharko luketen irakurketak eta kulturak, politika publikoetan ez ezik, bizitza partikularretan ere». Halaber, itzultzaileak goraipatu egin du Vallejoren «mezu humanizatzailea», zeinak «kulturaren demokratizazioaren alde» egiten duen. «Ireneri [Vallejo] esan nion bezala, txikien handitasuna eta ahulen indarra azpimarratzen ditu».
«Mezu iradokitzailez betea dago, ongi ohar gaitezen nolako toki gailena izan beharko luketen irakurketak eta kulturak, politika publikoetan ez ezik, bizitza partikularretan ere»
FERNANDO REYItzultzailea
Irakurketaren iraultza
Itzultzailearen hitzetan, irakurketak norberaren bizitzan eta gizartearen osasunean izan dezakeen eraginaz hausnartzen du Vallejok, eta, horretarako, iraganeko eta egungo erreferentziak erabiltzen ditu. Era berean, idazleak nabarmentzen dituen ideiak «garrantzi handikoak» iruditu zaizkio Reyri. Hauxe, esaterako: «Irakurketak, berez, ez gaitu hobeak egiten, baina, beharbada, geure zilborrari begira ez egoteko gonbita egiten ahal digu».
Reyren arabera, estilo «dotorea» eta «zaindua» erabili du Vallejok. Lander Majuelo Pamiela argitaletxeko editoreak bat egin du itzultzailearekin, eta gehitu du idazleak «deskribapen programatiko bat» egin duela: «Ez da aldarrikapen bat soilik: Irenek [Vallejo] askotan aldarrikatu dituen gaien sintesi bat ere bada, eta beharrezkoa ikusten zuen horrelako manifestu labur bat egitea».
Infinitua abiapuntu
2021. urtean argitaratu zuen Pamielak Vallejoren Infinitua ihi batean liburua, hori ere Reyk euskaratua. Labur esanda, liburuaren historiari du ardatz. Filologia klasikoko irakasle eta ikertzaile gisa, liburuen sorrerari eta eboluzioari buruzko ezagutza asko metatu du idazleak bere ibilbidean, eta horiek denak era guztietako irakurleei helarazi zizkien obra horretan. Harrera ona izan zuen irakurleen artean, eta, ordutik, berrogei hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli dute. 2020an, Vallejok Espainiako Saiakera Saria jaso zuen lan horregatik.
Ordutik dabil Vallejo liburugintzaren garrantzia azpimarratzen. Izan ere, Infinitua ihi batean liburuaren argitalpenaren harira BERRIAri emandako elkarrizketan, adierazi zuen liburuen demokratizazioa «lorpen itzela» izan dela. Reyk azaldu du «gutxitan gozatu» izan duela orduan bezainbeste itzulpen bat egiten: «Sekulako oparia izan zen, asko ikasi nuen: zoragarria iruditu zitzaidan mezua, idazteko modua, nola dauden nahasirik dotorezia eta prosa poetikoa...». Eta gaineratu du liburu hori euskaratu izanaren «fruitu» dela orain Irakurketaren aldeko manifestua itzuli izana. Vallejok eta Reyk elkar ezagutzen dute, eta itzultzaileak adierazi du «lagun onak» direla gaur egun.
Infinitua ihi batean plazaratu ondotik, Vallejori eskatu zioten irakurketaren aldeko manifestu bat idazteko; zehazki, Espainiako Editoreen Gremioen Federazioak egin zion proposamena, «irakurketaren eta liburuaren aldeko estatu itun baten eskaeraren ahotsa izan zedin», Reyk argitu duenez.