Laugarren aldiz egingo dute Irekiak Gallery Weekend ekinaldia Donostian, irailaren 12tik 15era. Galerien erakusketa denboraldiari hasiera emango dio egitasmoak, eta programazioan ekitaldi ugari antolatu dituzte. Antolatzaileek, ohar bidez, adierazi dute helburuetako bat zera dela, galerien indarrak erakundeekin batu, eta arte garaikidearen bidez sare kulturala sendotzea, jendeari arte garaikidearen ateak irekitzeaz gain. Donostiako Arte Garaikideko Galerien Elkarteak, Tabakalerak eta Donostia Kulturak hainbat laguntzailerekin batera ondutako egitasmoa da.
Bost arte galeriak hartuko dute parte aurten Irekiak Gallery Weekend Donostiako egitasmoan: Ekain Arte Lanak (Parte Zaharrean), La Central Art Gallery (Gros auzoan), Arteztu (Antigua auzoan) Cibrian (Gros auzoan) eta Arteko (Gros auzoan). Horrez gain, Tabakalerako erakusketa areto nagusian eta Kursaalean ere hainbat jarduera ikusi ahalko dira.
Irailaren 12tik 15era arte galeriek egunero irekiko dituzte ateak, bisita gidatuak eskaintzeko. Denboraldia hasi eta erakusketa berriak aurkeztuko dituzte: denen inaugurazioa lehenengo egunean 17:00etan egingo dute. Egunero, 20:30ean, Hotaru Visual Guerrilla kolektiboak Kursaaleko paretan Lurrazala obra bisuala proiektatuko du. Performanceak, kontzertuak eta elkarrizketak ikusteko aukera izango da arte galerietan. Besteak beste, hilaren 12an, Yun Ping artistak performance bat egingo du Cibrian galerian, eta igandean, Garazi Navaselek eta Manu Gaignerrek kontzertu bat emango dute Tabakaleran.
Lan berriak
Ekain Arte Lanak galeriak Berta Jayo artistaren erakusketa bat aurkeztuko du. Diziplina anitzeko artista da Jayo, eta Arte Ederretan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. Take Away izena du erakusketak, eta bi instalazioz osatuta dago. Alde batetik, Irekiak asterako egingo den ekintza instalazio bat izango da, eta, bestetik, 24 argazki, adimen artifizialarekin sortutakoak.
Arteko galerian, Exand3D irekiko dute, Formaren arazoa erakusketaren luzapen bat. Jaime de los Rios artistaren lana da Exand3D, eta multimedia edukietan oinarritzen da. Adierazpen piktorikoaren eta sorkuntza digitalaren arteko muga aztertzen du, teknologia berrien eta paperezko obraren artean elkarrizketak sortuz, antolatzaileen esanetan.
La Central Art Galleryk Iker Sanchez irundarraren Lilik margo erakusketa aurkeztuko du. Sanchezen lanek forma eta kolore abstraktuak uztartzen dituzte, eta eragin handia izaten du musikak haren margoetan. Arteztu galerian, berriz, Jose Zugasti eibartarraren Dantza amaigabea lana ikusi ahalko da.
Azkenik, Cibrian galerian, Itziar Bilbao Urrutia, Iñaki Garmendia eta Yun Ping artistek Bigarren bertsioa aurkeztuko dute, hiru artisten lanek osatzen duten erakusketa kolektiboa. Aimar Arriolak egin ditu komisario lanak.