Irazu, Zugaza eta Lertxundi dira 2020ko Gure Artea saridunak

Arte ibilbideagatik, Pello Irazu saritu dute; sormen lana aitortzeko atalean, berriz, Laida Lertxundi; eta ikusizko arteak bultzatzeko egin duen lanagatik, azkenik, Leopoldo Zugaza

Pello Irazu, Leopoldo Zugaza eta Laida Lertxundi, atzo, sarien berri emateko egindako agerraldian, Donostiako San Telmo museoan. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Pello Irazu eta Laida Lertxundi artistek eta Leopoldo Zugaza kultur sustatzaileak jasoko dituzte aurtengo Gure Artea sariak. Eusko Jaurlaritzak arte plastikoen eta ikusizko arteen arloan eginiko lanaren aitortza gisa banatzen ditu sariok, urtero, eta Bingen Zupiria Kultura sailburuak atzo jakinarazi zituen 2020ko sarituen izenak, Mikel Onandia epaimahaiburuaren laguntzaz. Donostiako San Telmo museoan eginiko agerraldian izan ziren Irazu, Lertxundi eta Zugaza ere, eta bihotzez eskertu zuten aitortza. Sariak banatzeko ekitaldia, berriz, Bilboko Guggenheim museoan egingo dute, udazkenean. Irabazle bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu.

Zupiriak nabarmendu zuen bi helburu dituztela Gure Artea sariek: batetik, artearen arloko profesionalei aitortza egitea, eta, bestetik, haien lana ikusgarri egitea. Bere ibilbide artistikoagatik saritu dute Irazu; sormen jarduna aitortzeko modalitatean, berriz, Lertxundi; eta ikusizko arteak bultzatzen eginiko lanagatik Zugaza. Onandiak aletu zituen hiru sarituei aitortza egiteko epaimahaiak izan dituen arrazoiak —Miren Arenzanak, Lucia Agirrek, Oier Etxeberriak eta Sahatsa Jauregik osatu dute aurten epaimahaia—.

PELLO IRAZU

Ibilbide artistikoaren aitortza

Pello Irazu Mendizabali (Andoain, Gipuzkoa, 1963) ibilbide osoa aitortu diote. Izan ere, epaimahaiaren ustez, «funtsezko artista izan da euskal arte garaikidearen panoraman», baita 1980ko urteetan «euskal eskultura garaikidearen berrikuntzaren ordezkari nagusietako bat» ere. «Zer den artea eta zer ez den artea, horren arteko mugak gero eta lausoagoak diren testuinguru honetan, Irazuk artearen beraren esentzian jarri du arreta, eskulturaren praktikari dimentsio berri bat gehituta, eta horregatik da haren lana konplexu eta berezienetako bat euskal artearen panoraman», jaso du ebazpenean. Halaber, gogora ekarri du haren lanaren muina eskultura dela, argazki, marrazki eta pintura muralekin tartekatzen duena, «bere espektrorik zabalenean: tamaina txikiko hiru dimentsioko proposamenetatik hasi eta instalazio kolosaletaraino, hibrido objektualak tartean direla».

Erabilitako diziplina gorabehera, epaimahaikideen ustez, Irazuren lanak «oso modu zehatzean heltzen die gorputzen, objektuen eta espazioen arteko erlazio anitzetan sortzen diren arazoei». Eta gaineratu dute «begirada berezi» baten jabe dela artista: «Aurrez aurre jartzen gaitu obrarekin, erosotasun bitxi batez baliatuta: giza eskalatik eta eguneroko objektutik eratortzen den zera hori, lehenik mozorrotua, gero aldarazia eta azkenik transformatua».

Bere ibilbide luzean, nazioarteko hainbat arte ekitalditan parte hartu izan du Irazuk, tartean Veneziako Bienala, eta museo askok dituzte haren lanak beren bildumetan, bai Euskal Herrian, bai atzerrian. Hainbat erakusketa monografiko ere egin ditu.

LAIDA LERTXUNDI

Sorkuntza jardueraren aitortza

Laida Lertxundi del Campo (Bilbo, 1981) ere saritu dute, Sormen-jarduera aitortzeko modalitatean. Bideoetan eta idazketan lan egiten du, «eta bere proposamen artistikoak instalazio eta proiekzio moduan gauzatzen ditu, nazioarteko arte bienaletan, galerietan, zinema aretoetan eta erakunde artistikoetan aurkeztuz». Epaimahaiak azaldu du artearen eta zinemaren historiaren formatu tradizionalak erreferentzia gisa hartu dituela artistak, eta horien gaineko begirada kritikoa ere egin duela. «Haren obran etengabeak dira abangoardiako artearen korronte kontzeptualen erreferentziak, eta islatuta ageri dira haren obra osoa zeharkatzen duen minimalismo lirikoan, musika esperimentalaren erabileran edo Pop mugimenduaren berezko estrategietan».

Lertxundiren praktikan «jatorri desberdineko erreferenteak» batzen direla ere azpimarratu du epaimahaiak, hala nola «haren bizi ibilbidearen parte diren tokien aipuak, haren irudiak, testuak eta soinuak sortzeko moduen bidez sortutako bideak. Lofoten uharteetatik Kaliforniako basamortura, euskal mendietatik igaroz, bertako paisaiek kontakizun zatikatuen mundu bat eratzen dute».

Artistak AEBetan egin zituen Arte Ederretako ikasketak; New Yorkeko Bard Collegen lizentziatu zen, eta Kaliforniako CalArtsen ere ikasi zuen. Hainbat erakusketa izan ditu ikusgai nazioartean, besteak beste Madril, Stockholm, Seul, Milan, Los Angeles eta New Yorken, baita Bilbon eta Donostian ere. Bestelako ekitaldietan ere parte hartu du, hala nola Whitney Museum of American Arten bienalean, Osloko LIAFen, eta Lyongo Arte Garaikideko Bienalean.

LEOPOLDO ZUGAZA

Arte plastiko eta ikusizkoen arloko agenteen lanaren aitortza

Leopoldo Zugaza Fernandez (Durango, Bizkaia, 1932) ere saritu du epaimahaiak, «Euskadin kultura eta arte plastikoak sei hamarkadatan sustatzearen eta zabaltzearen alde egin duen ibilbide oparoan oinarrituta». Arteari lotutako hainbat elkarte eta erakundetako ekintzaile, editore eta sortzailea izan dela ekarri du gogora, eta haren jakin-minak eta lanerako gaitasun «nekaezinak» eraman dutela bere inguruko kultur esparruan zeuden «hutsuneak betetzera». Artea eta kultura jendearengana hurbiltzeko egin du lan, «bai azpiegitura handietatik, bai tokiko espazio txikietatik».

Epaimahaikideen iritziz, «kalitate nabarmena erakutsiz» hartu du parte Zugazak kultura artistikoaren balio katearen fase guztietan: ikerketan, prestakuntzan, sorkuntzan, sustapenean eta banaketan. Hala, haien ustez, «euskal arte-sistema garaikidea ezin da ulertu» Zugazaren ekarpenik gabe. Besteak beste, arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzen «oso zeregin garrantzitsua» izan du, eta «interes berezia» agertu izan du abangoardiako euskal artisten sorkuntza zabaltzeko.

Frankismo garaian Gerediaga Elkartearen sortzaile, Durangoko Azokaren sustatzaile, eta arte garaikideko lehen erakusketen antolatzaile izan zen, baita Durangoko Udal Kultura Aretoen bultzatzaile ere. 1978tik aurrera, egitasmoak, ikerketa bekak, erakusketa guneak eta argitalpenak jarri zituen martxan, eta hainbat museoren berritze zein sorrera prozesuetan bultzatzaile aritu zen. Besteak beste, editore gisa egindako «argitalpen zainduak» ere goraipatu dizkiote sariarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.