Bi aldiz iraun bigarren liburua du Oihane Zuberoa Garmendiak (Erronkari, Nafarroa, 1993). Lehendik bazuen Bidaia ariketak, 2020an argitara emana, Iruña Hiria saria irabazi ostean. Poema liburu berrian ahanzteak, zahartzeak edota memoriak osatu dute funtsa, eta ikuspegi ugaritatik heltzen zaie.
Balea Zuria argitaletxeko kide eta editore Aritz Gorrotxategiri Victor Herice zinemagilearen El sol del membrillo filma ekarri izan dio gogora. Antonio Lopez margolariak irasagar batzuk margotzeko biziko duen prozesua kontatzen da bertan: «Oso istorio xumea da, baina arteaz eta bizitzaz asko esaten du». Gainera, argiak eta denborak artistarengan duten eragina garrantzitsua da filmean, eta Garmendiaren liburuan ere «indar berezia hartzen dute».
Bi kontzeptu horiek «gaixotasunaren eta memoriaren eskutik datoz», Gorrotxategirentzat. Gaixotasunak «aparteko garrantzia» hartzen duela dio, memoriari eta nortasunari eragiten dionean «bere buruaren polizoi bihurtzen delako gaixoa, eta ahaztu egiten duelako nor den, baina ingurukoek ez». Memoria galtzen ari den pertsona hori poetak nola gogoraten duen, zer lotura duen eta beste, objektuen bidez eta eguneroko ohituren bidez egiten da liburuan, «memoria berreraikiko balute bezala».
Ahosabaitik bidaiatu
Gorrotxategiren aburuz, Garmendiaren lehen liburua «bidaia ariketa bat» izan zen, eta bigarrena «memoria ariketa bat» izan liteke, «pertsonaren barne isiltasunaren aurrean argiuneak bilatzen baititu». Alde horretatik, esanguratsu bilakatzen dira irasagarrak, gaztainak, objektu txikiak nahiz errituak. Hortik abiatuta eraikitzen da gainerakoa.
Garmendiak berak esplikatu duenez, Bi aldiz iraun poema liburuak «asko du dastamenetik, zaporetik eta usainetatik». Hain zuzen, zentzumen horietatik abiatzen dira poemarik gehienak, horren inguruan «unibertso poetikoa osatzeko».
Liburuak urtea iradokitzen du. Lau ataletan banatuta dago, eta atal horietariko bakoitzak, fruta jakin bati lotuta, urtaro banari egiten dio erreferentzia.
Fruten hautaketa ez da «ausazkoa» izan, lotura handia dute barruan aurkituko diren poemen tonuarekin.
Lehen atalari Cydonia oblonga edo irasagarrak eman dio izenburua, eta udazkenaren berri dakar. Fruta horrek joandako aitonarekin eta haren oroitzapenekin konektatzen du poeta. Baita mitologia grekoarekin ere: «Hor arakatzen aritu naiz, eta nahi gabe edo nahita, heriotzari buruz eta sentsualtasunari buruz hitz egiten dut». Eros eta Tanatos, hortaz.
Irasagarra mikatza izanik, normalki azukretan beratuta jaten den legez, lehen ataleko poemetan ere «bada min bat, baina goxotasuna edo edertasuna ematen» saiatu da idazlea.
Bigarren atalari Punica Granatum (granada) deitu dio: «Neguko fruitua da, eta desagertzen diren gauzekin lotzen da». Kasu honetan, hizkuntza desagertzeari buruzko hausnarketak dira. Poeta hitzen bila ageri da, «eta etxean beste bat ere horretan dabilela konturatzen da». Atal horretan «bien arteko elkarrizketa ezinezkoa» landu du Garmendiak, eta neguko paisaietako elementuakdira nagusi. Hala nola, isiltasuna, zuria, malutak edota izotza.
Argia handituz joango da apurka, eta hirugarren atalera edo udaberrira iritsiko da irakurlea, Prunus avium edo basa gereziak izendatzen duen atalera. «Fruitu horiek badute min puntu bat, baina gozoagoak dira, atseginagoak». Poemek «ingenio puntu bat eta irribarrea» ere badutela dio Garmendiak, eta «harriduraz» begiratzen zaiola munduari.
Urtearen amaiera, uda, Rubus Idaeus edo mugurdien garaia litzateke. Garmendia: «Fruta txikiak eta gutiziak dira mugurdiak, eta pixkanaka jaten dira». Poemak, alde horretatik, motzak dira, zenbaitetan aforismoak eta bizitzari buruzko esaldi errimadunak. Egileak dioenez, horraino landutakoaren «laburpen, sintesi edo biribiltze bat dakarte».
Gaztainak, mugurdiak, irasagarrak eta aipatzen den fruta orokiraganarekin, joandako jendeekin edota bizi izandakoarekin konektatzen dute poeta zentzumenen bidez. Baina lotura sentsorialaz harago, hausnarketarako abiapuntu ere badira. Garmendia filosofia ikasketak egina da, eta ofizioa nabari liteke poema hauetan, aforismoez eta esaldi errimadunez gainera, galderak eta paradoxak ere ageri baitira. Horren guztiaren atzean ideia klasiko bat dagoela dio, hots, «Prousten madalenarena». Zapore jakin bat dastatzeanzaporean ez dagoen zerbait etortzen dela zioen idazle frantsesak, jada ez dagoen zerbaitek iraun egiten duela zaporean.
Izenburuari buelta asko eman zizkiotela azaldu dute bai editoreak bai eta egileak berak ere. Amaiera aldera idatzitako poema baten azken lerroari heldu zioten azkenean. «Jolas bat edo amarru moduko bat» dela azaldu Garmendiak, bi aldiz iraun nahiak behinola izandakoa berreskuratzeko saioa eman dezakeelako, «baina oraitzapenak diren heinean jada ez dira». Nostalgia ahal dela kanpo utzita, «irauten duenari gorazarre» egiten saiatu dela aitortu du, «baina baita irauten ez duenari ere».
Irauten duenari gorazarre
Oihane Zuberoa Garmendiak 'Bi aldiz iraun' (Balea Zuria) poema liburua eman du argitara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu