Kritika. LIteratura

Iraun behar duenaren alde

Jon Gerediaga / 'Zeru-lurren liburua'
2024ko otsailaren 11
05:10
Entzun

'Zeru-lurren liburua'

Idazlea: Jon Gerediaga. Argitaletxea: Elkar.

Euskal literaturako poesia egile garaikideetan, jorienetakoa da Jon Gerediaga. Zeru-lurren liburua du zazpigarren lana. Aurreko seiak Pamiela argitaletxearekin eman ondoren, Elkarrekin kaleratu du honako hau, Irun Hiriko Kutxa Literatura saria irabazita. Koherentzia handikoa da Gerediagaren lan poetikoa eta oraingoan ere ohikoena duen gaiari heltzen dio, naturari, alegia. Bizitzako zauri eta minekin nahastuta ageri da berau, ordea.

Bi ataletan banatzen da liburua, Zoéren izenak eta Olerkarien liburua, hurrenez hurren. Grekeratik datorren hitza da Zoé, eta zera esan nahi du, «bizitzaz betetako emakumea». Lehenengo atal honetan emakume bati ari zaio poeta —«zeinaren gorputzak zuhaitz zahar-zahar baten tolesturak eta sakonera dituen», XXI poemak dionez—; ezin jakin emakume hori benetako presentzia edo naturaren beraren pertsonifikazioa den, baina bizitzaren zauriei aurre egiten laguntzen duen kidea dirudi, edozein kasutan. Aita eta ama izenak ere aurki daitezke han eta hemen, eta batzuetan poeta haiei ere zuzentzen zaie. Dolu baten itzala dakarte horiek, baina. Zauria, mina, gaitza eta pena, poemetan behin baino gehiagotan aipatuak, ni poetikoa jazartzen duen itzal horren aldaerak lirateke. Bestalde, natura ageri da beti giza sentipenen kontrapuntu legez. Naturak ez du izaera piktoriko hutsa, ordea. Aitzitik, badu eraginik afektuekiko, poetak zeinuen bidez galbahetzen ditu haren ekarpenak, hots, hura sinbologiaz janzten saiatzen da. Halere, oso apalak dira Gerediagaren sinboloak, bere xumean indartsuak. Are, noizbehinka sinboloari ere uko egingo dio: «Isildu, poeta. / Entzun naturaren soinu ederra. Benetan ulertzen duzunean, esan».

Sendabidearena, esango nuke hori dela liburuan nagusitzen den naturaren ikuspegia. Bizitzarekin berradiskidetzeko bitartekoa eta zauriak sendatzeko ukendua. Bizitzarako «maistra» da natura, «minik eman gabe» irakats dezakeena. Norbere identitatea osatzen lagun dezakeen euskarria da. Naturaren estetika soila bainoago, izan ere, naturarekiko harreman intimoa azpimarratzen du Gerediagak. Naturaren ezaugarri zenbaitek —isiltasuna, soiltasuna, iraupena, baita edertasuna ere— atsedenaren promesa dakarkiote ni poetiko-ari, zauriak ixteko bidea eman eta bizitzari eusten laguntzen diote. Halaber, naturaren aurreko gizakion iragankortasun eta ezdeustasunaren kontzientziak ere lausotzen ditu minak. Aipatutako naturaren ezaugarriak eta gizakiaren txikitasunaren aitortzak ildo ekologista seinalatzen dute, existentziala politikoa bainoago. Esan genezake estoizismoa eta transzendentalismoa ere sumatzen direla poema askoren atzean, baina akaso Gerediagaren asmoari traizio egitea litzateke, ildo xumeagoa aldarrikatzen baita liburuan. Nahiz eta ez diren gutxi aipatzen diren egileak, denak ere natura langai hartu izan dutenak: Ponge, Rilke, Keats… Egile horiek bezala, zeru-lurrei itsatsia dakusa Gerediagak idazketa: «Egin dezagun / iraun behar duenaren alde marka bat», denik eta xumeena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.