Kritika. LIteratura

Iraultzarako zirriborroak

'Herriak du gehien agintzen' komikia
Irati Majuelo.
2024ko ekainaren 9a
05:10
Entzun

'Herriak du gehien agintzen'

Egileak: Raquel Varela eta Robson Vilalba.

Itzultzailea: Eskarne Mujika.

Argitaletxea: Txalaparta.

Portugaleko Krabelinen iraultzaren 50. urteurrena da aurten, eta efemeridearen karira, Raquel Varelak eta Robson Vilalbak egindako komikia euskaraz, gazteleraz eta katalanez ekarri dute argitara Txalaparta, Verso eta Manifest argitaletxeek elkarlanean. Gure eskuetara Herriak du gehien agintzen izenburupean iritsi da, iraultza abiarazi zuen kantuari keinu eginez. Ordea, Utopia jatorrizko izenburuak laburbil lezake, halaber, komikiaren muina, iraultzak martxan jarritako begirada-irekiera eta gizarte justuago baterako ametsak jartzen baititu lehen lerroan.

«Esan ohi da fikzioa errealitatea baino interesgarriagoa dela. Iraultzetan, alderantziz gertatzen da, errealitateak gaina hartzen dio gure irudimenari». Betierekoa dirudien ordena iraultzeak sortzen dituen transformazio indibidual eta kolektiboak kontatu nahi ditu Raquel Varela eta Robson Vilalbaren lanak, krisi egoeretan irekitzen diren aldaketarako arrakalak aldarrikatzearekin bat. Kaosak mugimendua dakarren gisan, Portugaleko herriaren bizipoza islatzen du, ideiak bor-bor, parte hartzeko grina biziz, «jendea hasi baitzen zituenik ere ez zekien premiak izaten». Etorkizuna orainean erabakitzeko premia, alegia.

Iraultzaren eguna eta ondorengo hilabeteetako eferbeszentzia bezain garrantzitsuak dira, hala ere, horra iristeko emandako pausoak. José umearen begiradatik abiatzen da istorioa, etxe xume batetik, eta gizon konprometitu eta ekintzaile izan arte igarotzen duen prozesua azaltzen da Portugaleko historia garatzearekin bat. Pertsonala eta kolektiboa batzen dira, beraz, komiki honetan, historia hizki larriz gertatzea posible egiten duten istorio partikularren bidez.

Hori hala, 67ko uholdeetan abiatzen da José nerabearengan elkartasunerako eta eraldaketarako izpia, auzokoari laguntzeko beharra. Kolonietako gatazkek eta metropolian bizi zen pobreziak eta itomen politikoak pizten dute gerora haren politizazio prozesua, borroka anti-kolonialean eta gerraren aurkako posizionamenduan sustraitua. Iraultzaren bulkada eraldatzaileak eta ideia komunistek bultzatuta, azkenik, herriaren burujabetza urrats bat aurrerago eramateko saiakerak ikusarazten ditu liburuak.

Fikziozko bizitza bat du oinarri, baina Portugal transformatzen parte hartu zuten milaka pertsonen borondatea irudikatzen du Josék; laguntasuna, herriarekiko maitasuna eta duintasuna oinarri, askatasuna entseatzen ahalegindu ziren horiena. Zuri-beltzeko trazu bizkor eta zirrimarratsuz irudikatu dute egileek Portugalen jazo zen iraultza soziala, kasik zirriborro bat balitz bezala, egiteke dagoen horrek baitu mugiarazteko indarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.