«Inon ez dago idatzita gizarte hau betirako izango denik». Esan gabe doa izeneko eleberriarekin abiatu zuen Asel Luzarragak Askayala izeneko fikziozko herrialde utopikoari eskainitako trilogia, 2022. urtean, eta, bi urteren buruan, orain eman du argitara bigarren pieza: Zortzigarren Hiria (Txalaparta). Baina, dioenez, orain topatu ditu egin nahi lukeena azaltzeko hitzak, David Graeber eta David Wengrow antropologo eta aktibisten The Dawn of Everything liburuan (Guztiaren egunsentia). «Haiek diote etengabeko esperimentazioa izan dela gizarteen ezaugarri nagusia milaka eta milaka urtez, eta egin behar genukeen galdera dela ea noiz galdu genuen esperimentatzeko sen hori, eta noiz geratu ginen ainguratuta gizarte eredu batean. Eta, justu, nik hemen ipintzen dudana da esperimentatzeko gogo hori».
2026an kokatu zuen Esan gabe doa eleberriko kontakizuna Luzarragak, herrialdean iraultza gertatu eta hamar urtera, eta, haren ondoren argitaratu den arren, 2016an kokatuta dago Zortzigarren Hiria, justu iraultza hasi baino lehenagoko unean. «Iraultzarako txinpartak» jasotzen ditu liburuak, horregatik, idazleak azaldu duenez. Eta, aurreko eleberrian egin bezala, Simun Palsu izeneko fikziozko idazlearen ikuspegitik kontatuta jasoko du dena irakurleak. Baina Luzarragak azaldu duenez, kasu honetan, bereziki umoretsua eta ironikoa izango da haren kontaera.
Profeta eta komunitatea
Bi mutur ditu eleberriak, idazleak azaldu duenez. Historia eta gizartea ulertzeko modu bat irudikatzen du haietako bakoitzak, baina itxura batean ia kontrajarriak irudi dezaketen arren, kontakizunak aurrera egin ahala, azkenean, bat egiten amaituko dute.
«Sortu dudan fikziozko gizarte eredu horretan idaztea gizarteagaz hartutako konpromiso bat da, eta idazleak ere erantzukizuna dauka gizarteagaz. Beste harreman mota bat da».
ASEL LUZARRAGAIdazlea
Eleder izeneko pertsonaia da kontakizunaren bi mutur horietako bat. Predikatzaile bat. Ziberprofeta bat. «Bakarkako bide heroiko bat adierazten du; harentzako oso garrantzitsua da bere izena eta jarraitzaileak lortzea». Eta, Auzo Ahaztua izenekoa da haren kontrako muturra. Krisialdi baten ostean hutsik geratutako auzo bat da Auzo Ahaztua. Etxegabe batzuek okupatu, eta, gerora, «errealismo magikoari apur bat tiraka», elkar ezagutzen ez zuen jendez bete zena. Eta, Luzarragaren hitzetan, «epika kolektibo bat» eraikitzen hasi ziren bertan biztanle horiek. «Auzo autogestionatu bat, non banakoen izenak ez duen garrantzirik. Garrantzi pertsonal hori diluitzen da, eta auzo oso baten lana da ikusten dena».
Iraultza osteko fikziozko gizarte eredu horretan idazle batek izan dezakeen funtzioaz gogoeta egiteko ere baliatu du liburua Luzarragak. «Simun Palsuk liburu bat idatzi du, eta arrakasta handia izan du iraultzaren eraginez sortutako Askayala herrialdean. Horregatik, herritarrek egin beharreko lan komunei denbora gutxiago eskaintzeko aukera eman diote, horrela, idazteko denbora gehiago izan dezan. Eta, hala, idaztea gizarteagaz hartutako konpromiso bat da, eta idazleak ere erantzukizun hori dauka gizarteagaz. Beste harreman mota bat da».
Unibertso utopiko bat
Berez, Zortzigarren Hiria eleberria idatzi zuen lehen-lehenik Luzarragak, baina argi izan zuen bigarren argitaratuko zuela, eta orain arte izan du zain horregatik. Txalaparta argitaletxeak erakutsitako jarrera ere eskertu du horregatik idazleak, azaldu duenez, errespetatu egin dutelako bere proposamena, eta trilogia osoa argitaratzeko konpromisoa ere hartu dutelako.
«Asel Luzarragak unibertso utopiko oso bat sortu du».
GARAZI ARRULAEditorea
Hain zuzen, Luzarragak munduak sortzeko duen gaitasuna nabarmendu du Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko editoreak. Haren hitzetan, eleberriz eleberri eta liburuz liburu doalako idazlea mundu hori osatzen eta elikatzen: «Unibertso utopiko oso bat sortu du».
Trilogiaren hirugarren atala ere bidean duela esan du idazleak, eta, kasu horretan, 2038an kokatuko du kontakizuna. Iraultzaren ostean sortutako zerk irauten duen aztertzeko.