Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 4. Graduondokoa

Irauli eta iraun

Nagore Amondarain.
2013ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Lasarte-Oria herri berria dugu, 1986an eratu baitzen herri moduan; Urnieta, Hernani eta Andoaingo lur eremuak batuta. Sasoi hartan eman zioten hasiera Euskararen Maratoiari. Lasartearrek euskaldun izateko duten nahia sinbolizatzen duen jaiari. Eten barik, 40 orduz euskaraz egitea da maratoiaren funtsa. Eta zelan ez, bertako kideak ezagututa, umorez eta umoretik antolatzen den jaia da, jadanik zortzi aldiz egin dena. Hainbat lasartearren bisitak gidatu zuen aurreko asteko eskola. Joxe Mari Agirretxe Porrotx izan genuen hizlari, tartean: «Euskararen Maratoia sortu genuen, baina egunero euskaraz aritzeko espazioak sortu behar ziren maratoiaz gain». Aipatu zuenez, Michelin enpresak egun batetik bestera lau mila pertsona ekarri zituen kanpotik, eta elkarbizitza eta herri nortasuna euskaratik eraikitzea posible egin dute lasartearrek. «Euskara erdigunean jarri nahi izan genuen, denentzat toki bat izan zedin nahi genuen». Eta egitasmo ezagunak eman ditu herri eta maratoi honek, Euskal Herriko etxe guztietara sartu den irriaren fenomenoa, adibidez.

Kukuka antzerki eta dantza eskola ez genuen askorik ezagutzen, eta hori aurkezten aritu zitzaizkigun eskolan izandako saioan. Baina argi utzi ziguten ez dutela antzerkian soilik espezializaturiko herri bat nahi, ahalik eta eskaintza oparoena nahi dutela beren herritarrentzat. Auzoko antzerki eskola zena Lasarte osora eta inguruko herrietara zabalduz joan den Kukuka bihurtu da. Hasieran, berrogei pertsona ziren eskolan, eta, hamaika urteko ibilbidearen ondoren, ia zazpiehun pertsona.

Kopuru horiek ikusita, Zurriola ikastolako antzerki eskolara jo zuten antzerki zein dantza irakasle bila. «Kanpoan ikusten ditugu herriko asko hau eta bestea egiten, baina guk herrian behar ditugu». Eta horrela erakarri zuten Maider antzerki irakaslea. Maiderrek berak ere hala azaldu zigun: «Lasartearrago sentitzen naiz orain Kukukarekin. Nortasunik gabeko herria zenean, lotsatu eta dena egiten nintzen nire jatorriaz. Eta, gainera, ikasleek irakatsi didate irakasle izaten». Halakoa izan zen irakaslearen aitorpena, eta ez zen gutxiagorako izan Donetz ikaslearen testigantza. «Zuen aurrean banago orain hitz egiten, antzerkia landu dudalako da. Lehen, kiroldegira joatean nintzen; orain, Kukuka daukat. Gehiago eman dit: talde bat…». Kulturaren bidetik transformazio sozial bat zelan eman den erakutsi digu Kukukak. Euskaratik bultzatutako kohesio soziala. Eta herri transformazioan sinesten zuen masa kritiko nahikoa zegoelako izan zen posible. Baina apustu serioak behar dira instituzioen aldetik, horrek guztiak irauteko egiturak elikatu behar direlako. Ohartu ez direnentzat, Euskal Herriko antzerkiaren abangoardia ere euskaratik egiten baita egun iparralde zein hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.