Dantza

Iratxe Ansak irabazi du Espainiako Dantza Saria

Interpretazioaren alorrean eman diote saria dantzari eta koreografo donostiarrari. Haren lanaren «dimentsioa» eta teknikaren «etengabeko bilakaera» txalotu dizkiote. Sormenaren kategorian, bestalde, Jesus Carmonak jaso du saria.

Iratxe Ansa dantzari eta koreografoa 'Metamorphosis Encounter' ikuskizunean. BERRIA
itziar ugarte irizar
2020ko urriaren 19a
17:08
Entzun

Bildutako merezimenduak hitz hauetan laburbildu ditu epaimahaiak: «Gorputza elikatzeko duen maisutasuna, zeinaren bidez teknika eboluzio konstante eta aldakor bihurtzen duen». Hor antzeman du Espainiako Dantza Sariaren epaimahaiak interpretazioaren alorreko aurtengo aitortza Iratxe Ansari banatzeko oinarria. Eguerdian jakinarazi du berria Jose Manuel Rodriguez Uribes Espainiako Kirol eta Kultura ministroak. Bai Ansak eta bai Carmonak bakoitzak 30.000 euro jasoko dute.

Donostiako Goi Mailako kontserbatorioan graduatu zen Ansa, eta Sttutgarten (Alemania) eman zien segida dantza ikasketei. Nazioarteko hainbat konpainiatako kide izan da 1993az geroztik: Basilea Balletean, Gulbelkian Balletean, Espainiako Konpainia Nazionalean, Lyongo Opera Balletean eta Nederlands Danse Theather-en. Zeharkaldi horretan, itzal handiko koreografoekin aritu da lanean, hala nola Nacho Duato, William Forsythe, Jiri Kylian, Johan Inger, Ohad Naharin, Mats Ek, Nils Christe, Patrick de Bana, Wayne McGregor, Maurice Causey, Rui Horta eta Jacopo Godanirekin, besteak beste. Eta, zeharkaldi horretan, halaber, hainbat sari jaso ditu dantzariak. Horietan azkenetakoa duela 13 urte izan zen, Espainiako Dantzako Profesionalen Elkarteak ibilbidea aitortu zionekoa. Aurretik, 2002an, Benois de la Danse sarietan bi sari eskuratu zituen, baita beste bi sari ere Alemaniako Solo Tanz jaialdian, urte berean.

Koreografo alderdiari dagokionez, hogei piezatik gora sortu ditu eta hogeita hamar herrialde baino gehiagotan erakutsi ditu horiek. 2009an Nederlands Danse Theatre utzi zuenetik, bakarkakoan ari da, tailerrak emanez, koreografia berriak sortuz eta proiektu jakinetan soilik dantzatuz. Horren barruan sartu behar da Igor Bacovich dantzariarekin batera sortu duen Metamorphosis Method dantza garaikideko metodo propioa. Elkarrekin jarri dute martxan Metamorphosis Dance konpainia ere, Madrilen, eta film dokumental batean ere jasoa dago bi dantzarien proiektua.

Carmona, flamenko dantzaria

Bestalde, Jesus Carmonak (Bartzelona, 1985) sormenaren alorrean jaso du Espainiako Dantza Saria. Flamenko dantzaria da, baita koreografoa ere, eta bere lanen «sakontasuna» goraipatu du epaimahaiak. Konpainia eta dantzari handiekin ikasitakoa da bera ere, eta tradizioa berritzeko lanetan lortu du oihartzuna orain arte egin dituen bi pieza propioetan: El silencio de la luna (Ilargiaren isiltasuna, 2006) eta Cuna Negra & Blanca (Sehaska Zuria eta Beltza, 2011). Espainiako Ballet Nazionaleko dantzaria izan zen 2007-2010 urteen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.