Iratxe Ansak irabazi du Espainiako Dantza Saria

Interpretazioaren alorrean eman diote saria dantzari eta koreografoari; bere lanaren «dimentsioa» eta teknikaren «bilakaera» txalotu dizkiote

Iratxe Ansa, Metamorphosis Encounter ikuskizunean. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
«Gorputza elikatzeko duen maisutasuna, zeinaren bidez teknika eboluzio konstante eta aldakor bihurtzen duen»: Espainiako Dantza Sariaren epaimahaiak hitz horiekin laburbildu ditu bildutako merezimenduak, aurtengo aitortza Iratxe Ansari banatzea erabaki dutela iragartzean, interpretazioaren alorrean. Atzo jakinarazi zuen berria Jose Manuel Rodriguez Uribes Espainiako Kirol eta Kultura ministroak. Baita sormenaren alorreko saria Jesus Carmonari emango diotela ere. 30.000na euro jasoko dute.

Donostiako Goi Mailako kontserbatorioan graduatu zen Ansa, eta Sttutgarten (Alemania) eman zien segida dantza ikasketei. Nazioarteko hainbat konpainiatako kide izan da 1993az geroztik: Basilea Balletean, Gulbelkian Balletean, Espainiako Konpainia Nazionalean, Lyongo Opera Balletean eta Nederlands Danse Theather-en. Zeharkaldi horretan, itzal handiko koreografoekin aritu da lanean, hala nola Nacho Duatorekin, William Forsythekin, Jiri Kylianekin, Mats Ekekin, Patrick de Banarekin, Wayne McGregorrekin, Rui Hortarekin eta Jacopo Godanirekin. Eta zeharkaldi horretan, halaber, hainbat sari jaso ditu. Azkenetakoa duela hamahiru urte jaso zuen, Espainiako Dantzako Profesionalen Elkarteak ibilbidea aitortu zionean. Aurretik, 2002an, Benois de la Danse sarietan bi sari eskuratu zituen, baita beste bi ere Alemaniako Solo Tanz jaialdian, urte berean.

Koreografo alderdiari dagokionez, hogei piezatik gora sortu ditu, eta hogeita hamar herrialdetan baino gehiagotan erakutsi. 2009an Nederlands Danse Theatre utzi zuenetik, bakarkakoan ari da, tailerrak emanez, koreografia berriak sortuz eta proiektu jakinetan soilik dantzatuz. Horren barruan sartu beharko litzateke Igor Bacovich dantzariarekin batera sortu duen Metamorphosis Method dantza garaikideko metodo propioa. Elkarrekin jarri dute martxan Metamorphosis Dance konpainian ere, Madrilen, eta film dokumental batean ere jasoa dago bi dantzarien proiektua.

Sormenaren aitortza

Jesus Carmona (Bartzelona, 1985) flamenko dantzaria da, baita koreografoa ere, eta bere lanen «sakontasuna» goraipatu du epaimahaiak. Konpainia eta dantzari handiekin ikasitakoa da hura ere, eta tradizioa berritzeko lanetan lortu du oihartzuna orain arte egin dituen bi pieza propioetan: El silencio de la luna (Ilargiaren isiltasuna, 2006) eta Cuna Negra & Blanca (Sehaska Zuria eta Beltza, 2011). Espainiako Ballet Nazionaleko dantzaria izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.