Arte eszenikoak

Iratxe Ansa, Ignacio del Moral, Lucia Lakarra eta Dimegaz, Max sarietarako hautagaiak

Arte eszenikoen Max sarien arduradunek hogei kategorietako finalisten berri eman dute. Ekainaren 6an banatuko dituzte sariak, Menorcan.

Anita Maravillas eta Portal 71 konpainien 'Kotondarrak' txotxongilo ikuskizuna. BILBOKO NAZIOARTEKO TXOTXONGILO JAIALDIA
Andoni Imaz
2022ko apirilaren 25a
17:54
Entzun

Euskal Herriko sei artista eta konpainia izendatu dituzte SGAE fundazioak antolatutako Espainiako Arte Eszenikoen 25. Max sarietarako. 65 finalista hautatu dituzte, eta datorren ekainaren 6an egingo dute sari-banaketa ekitaldia, Menorcako Mao hiriko Antzoki Nagusian (Herrialde Katalanak).

Ignacio del Moral antzerkigilea moldaketarik onenaren kategorian izendatu dute, Arriaga antzokiak ekoitzitako El viaje a ninguna parte obrarengatik. Lucia Lakarra, berriz, emakumezko dantzaririk onenaren sarirako hautagaia da, In the Still of the Night ikuskizunean egindako lanagatik.

Iratxe Ansa koreografoa ere izendatu dute, koreografiarik onenaren sarirako, CreAcción emanaldiagatik. Sandra Ferrus aktoreak bi izendapen izan ditu: egile berririk onenaren eta emakumezko aktorerik onenaren sarietarako hautagaia da, berak sortutako La panadera obraren bidez.

Artista horiez gain, Dimegaz konpainia ere sari baterako hautagaia da: kaleko ikuskizunik onenaren kategorian izendatu dute haien Harria herria. Bestalde, Anita Maravillas eta Portal 71 konpainien Kotondarrak txotxongilo ikuskizuna haur eta gazteentzako lanik onenaren sarirako hautagaia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.