Literatura

‘Irati’ komikia berrargitaratu egin du Ereinek

Paul Urkijoren izen bereko filmak izandako oihartzunaren harira erabaki dute lana berriro argitaratzea. Lau albumek osatzen dute obra, eta erdaraz baino ez zeuden atalak itzulita; euskaraz osorik irakur daiteke orain.

Ainhoa Sarasola.
2023ko maiatzaren 10a
17:59
Entzun

Duela ia 30 urte jaio zen Irati, Juan Luis Landa marrazkilariaren eskutik. Pertsonaiaren istorioak jarraipena izan zuen lehen albumaren ondotik, irudigilearen eskuei Joxean Muñoz gidoilariarenak batu zitzaizkionean. Duela gutxi, pertsonaia biziberritu egin da, Paul Urkijoren izen bereko filmari esker. Eta pelikulak oinarrian duen komikia berrargitaratu egin du orain Erein argitaletxeak. Hala, lau albumek osatzen duten obra oso-osorik, eta euskaraz irakur daiteke orain; lehen hiru liburuak argitalpen berean bildu ditu Ereinek —laugarrena, Xabiroi-k publikatutakoa, eskuragarri dago oraindik—. «Asmoa da Landak eta Muñozek lehenik eta Urkijok ondoren sortutako Iratiren unibertsoak etenik ez izatea», azaldu du Uxue Razkin Erein argitaletxeko editoreak. Poza agertu dute komikiaren bi egileek eta zinemagileak, Iratiren unibertsoak «bizirik» jarraitzen duelako.

Irati eta Eneko pertsonaiek urteotan paperean egin duten ibilbidea ekarri du gogora editoreak, eta azaldu Paul Urkijoren filmak «piztu duen arreta eta unibertso honi eman dion bultzada aprobetxatuta» erabaki dutela edizio berria plazaratzea. Bi edizio dira, izatez: euskarazkoa eta gaztelerazkoa.

Izan ere, lehen albuma, Autzaren esnatzea, gazteleraz, frantsesez zein alemanez plazaratu zuen Landak, Glenat argitaletxearekin, 1995. urtean —Ipurbeltz aldizkariak atalka eta euskaraz argitaratu zuen gerora—. Haren ondotik, beste bi album eman zituen Landaren eta Muñozen arteko elkarlanak: Boldroren domina (1997) eta Iratiren zigorra (2003). Hiru albumak euskarazko itzulpenean eta liburu bakarrean bildu ditu argitaletxeak orain. Laugarrena, Saiak, 2007an Xabiroi bilduman argitaratu zuen Ikastolen Elkarteak, eta, oraindik eskuragarri dagoenez, argitalpenean ez sartzea erabaki dute. Gaztelerazko edizioan, berriz, lau albumak bildu ditu Ereinek, eta Landaren hainbat zirriborro gehitu dizkio.

Landa 1984an hasi zen ilustrazioaren arloan lanean. Juanba Berasategirekin animazioan egin zituen lehen urratsak, Ipurbeltz aldizkarian hainbat komiki plazaratu zituen, eta Lur argitaletxearen Gabai komiki sailean ere aritu zen lanean, besteak beste. «Indar handiko adierazpide bat aurkitu nuen komikian». Gustuko zituen istorioak sortzeko nahiari segituz, Irati marraztean bere hiru «pasioak» elkartu zitzaizkiola azaldu du: «Pirinioetako natura, Nafarroako Erresumaren sorrera, eta euskal mitologia». Haren hitzetan, Nafarroako mendialdean ibiltzeak inspiratu zuen lan hura.

Lehen albumaren ondotik, eta lanez gainezka zegoela eta, bigarrenari ekiteko Muñozengana jo zuen; animazioan ibili zen garaitik zuen ezaguna, eta gidoia idazteko eskatu zion. «Ilusioz hartu zuen ideia, eta, harekin, beste dinamismo bat hartu zuen Irati-k; aberastu egin zuen». Bi lan osatu zituzten elkarrekin, eta, urte batzuk geroago, Dani Fano Xabiroi aldizkariko zuzendari eta komikigileak proposatuta, baita istorioaren laugarren atala ere.

Denbora igaro zela ekarri du gogora irudigileak, eta Iratiren ibilbidea bukatutzat zeukatela lau album haiekin. «Guk landatu genuen zuhaitzak bere fruituak eman zituen, eta, lehorra zegoela uste genuenean, bat-batean ikusi dugu bizirik segitzen duela, Paul Urkijoren eskutik». Horregatik, esker oneko agertu da bai Urkijorekin, bai Muñozekin, bai Ereinekin.

Landaren hiru grinak oso ongi laburbiltzen ditu Irati-k, Muñozen ustez. Haren talentua goretsi du, eta, lana luzatu zitzaienez, irudietan «eboluzio nabarmen bat» sumatzen dela iritzi dio. Laugarren atalaren ondotik, «abentura hura itxita» utzi zuten, «baina seriea zabalik», jarraitzeko asmotan. Baina bere horretan geratu zen ideia. «Paul azaldu zen arte, berriz ere Iratiri bizitza eman diona». Ilusioz hartu dute bi egileek Urkijoren lana, baita Ereinen berrargitalpena ere, ikusle eta irakurle berriak izango dituelako. «Guretzat oso momentu pozgarria da, ez bakarrik guk sortu genuen Irati bizirik dagoela ikusten dugulako, baizik eta hazi bat delako beste batzuek beren gauzak sortzeko. Ea horrek sortzen duen sortzeko eta irakurtzeko gogoa».

Paperetik pantailara

Txikitatik izan da mitologia, historia eta komiki zalea Urkijo. Aitortu duenez, komikia irakurrita, segituan «maitemindu» zen istorioarekin. Halaber, zinemagintzan hasi zenetik, beti izan zuen buruan euskal mitologiari buruzko film bat egitea, eta komikian aurkitu zuen bidea. «Konturatu nintzen komikiko pertsonaiak zirela ibilgailurik onena mitologiaren iturburu horretara hurbiltzeko. Amodio istorio bat da, dualismo oso eder bat sortzen duten bi pertsonaiarekin, eta dualismo hori indartsua iruditu zitzaidan kontatu nahi nuen istorioa sortzeko».

Horregatik, eta, filma egiteko asmoa agertu zienean erakutsi zioten konfiantzagatik, eskerrak eman dizkie komikiaren egileei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.