«Poesiaren irakurketa, idazketa eta maitasuna zabaltzea». Hori izan zen Hunkitu Arte Gasteizko elkartearen helburuetako bat, 2012an hirian Poetak Maiatzean egitasmoa martxan jarri zuenean. Poliki-poliki, egonkortuz joan da festibala, eta, Gasteizera ez ezik, Arabara ere zabaldu dute programazioa. Maiatzaren 5ean hasiko da aurtengoa, eta hilaren amaierara arte poesiaz gozatzeko aukera egongo da. Egitarau osoa festibalaren webgunean kontsultatu daiteke.
90 jardueratik gora prestatu dituzte, eta horietatik hogei inguru, Arabako zenbait herritan. Agurainen eta Zigoitian, adibidez, poesia errezitalak antolatu dituzte. Lehenengoan, nazioarteko poetek hartuko dute parte, maiatzaren 12an. Zigoitikoan, berriz, nazioarteko poetek ez ezik herriko Genialogiak poesia taldeko kideek ere hartuko dute parte; hilaren 11n izango da. Bestalde, Gesaltza Añanan ibilbide poetiko bat antolatu dute gesaltzetan zehar, maiatzaren 10erako.
Gasteizko jarduerei dagokienez, Estrella Morente abeslariak irekiko du Poetak Maiatzean. Bere lehen poema liburua argitaratu du —Mis poemas y un cante—, eta hura aurkeztuko du. 19:00etan Santa Maria katedraleko elizpean izango da ekitaldia. Irati Jimenezek, bestalde, euskal literaturaren inguruko errepasoa egingo du Euskal literaturaren historia sobrenatural bat ikuskizunean. Begiak zabalduko zaizkizue saiakerarako (Elkar, 2021) egindako ikerketaren ondorio da ikuskizuna. Irudiak, musikak eta testu zahar eta berriek osatuko dute emanaldia. Maiatzaren 7an izango da, Izaskun Arrue kulturgunean.
Poesia eta bertsoak
Marina Tapia poeta txiletarrak Gabriela Mistral izango du hizpide Los recados de Gabriela Mistral tailerrean. Mistral literaturako Nobel saria eskuratu zuen lehen emakumeetako bat izan zen, eta haren idazteko moldea aztertuko dute saioan. Haren olerkiak irakurri, eta testu berriak sortu ahal izango dituzte parte hartzaileek. Maiatzaren 15ean egingo dute, Kora Green City-n.
Bertsoak versus emanaldian, poemez gain bertsoak ere uztartuko dira. Behe Banda kolektiboko kideek —idazle gaztez osatuta dago— eta Paula Amilburu, Manex Agirre eta Etxaun Otaño bertsolariek hartuko dute parte. Izaskun Arrue kulturgunean izango da, maiatzaren 12an.
Beste urte batez, poesia errezitalak egingo dituzte Gasteizko etxarteetan. Maiatzaren 10ean izango dira, 12:00etan. Hiriko sei etxartetan izango dira errezitalak, lehena San Pedro elizaren alboan. Arratsaldean 100 poeta maiatzean ekitaldia egingo dute, munduko ehun poeta elkartuko dituena. Hitzaldi-errezital bat izango da, eta Europa biltzar jauregian egingo dute.