Zinema

'Irati' filmaren atzean dagoen lan artistikoa eman du argitara Paul Urkijok

Hastapeneko zirriborro eta marrazkietatik hasi eta 'Irati' grabatu osteko karatula eta karteletaraino, tartean dagoen guztia batu du zinema zuzendariak 'Irati filmaren artea' liburuan. Noizbait 'Errementari'-rekin gauza bera egitea ez du baztertu.

Paul Urkijo, 'Irati filmaren artea' liburua eskuan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Paul Urkijo, 'Irati filmaren artea' liburua eskuan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko urriaren 9a
17:37
Entzun

Argitaratze datek aurkakoa adieraz lezaketen arren, esan liteke lehenago jaio zela liburua, filma baino. Izan ere, Irati filmaren artea-k, hein handi batean behintzat, gerora film bihurtuko zen proiektuaren txostena du abiapuntua. Paul Urkijo zinema zuzendariak (Gasteiz, 1984) ongi daki zein garrantzitsua den dosier on bat: «Filmak begietatik sartzen dira, eta euskarri bisuala behar izaten da ekoizleak konbentzitzeko eta filmak aurrera ateratzeko». Irati ez zen salbuespena izan; grabaketari ekin aurretik ere, liburuan bildu den materialetik mordoa zeukan Urkijok, bereziki marrazkiak eta irudi digitalak.

Bestalde, harritzekoa ere ez da, Urkijo, zinema zuzendaria ez ezik, Arte Ederrak ikasitakoa eta marrazkilaria ere badela kontuan hartuz gero. Gidoia idazteaz batera, marrazten aritzen da filmetan. Halaxe egin zuen Errementari filmean ere, eta orduan sortutakoa ongi gordea du, noizbait aukera sortzen denerako. Lan egiteko prozeduraz honako hau dio: «Koaderno multzo bat izaten dut aldean, eta hortxe apuntatzen ditut gauzak, eskuz. Gero, eskaneatu, eta ordenagailuan moldatzen ditut». Digitala zein fisikoa, dena gordetzen du.

Pertsonaien, paisaien zein eszenen garapena errazteko aurrez egindako marrazki, argazki, mapa, irudi digital eta zirriborroei grabazio bitarteko eta ondorengo irudi, kartel eta argazkiak batu zaizkie liburuan. Emaitza ikusgarria da. Berrehundik gora orrialdeko pieza mardula eta koloretsua da Irati filmaren artea. Inprentatik jaso, eta eskuetan hartu zuenekoa ez dauka ahazteko Urkijok: «Hunkitu egin nintzen».

Fantasiazko generoaren barruan bada halako liburuak ateratzeko ohiturarik, batik bat nazioartean. Urkijo bera zalea da oso: «Asko eta asko erosten ditut, adibidez Eraztunen Jauna-rena, edota Gillermo del Tororenak, haren zinema ere badelako oso bisuala». Haien arrastoari jarraitu dio Urkijok, «Irati-n ere makina bat jende aritu delako lanean, eta ahalegin horrek merezi duelako». Kasura, Nerea Torrijos jantzi diseinatzailea.

Geruzak agerian

Filmean oharkabean pasa litezkeen xehetasunak jartzen ditu agerian liburuak: «Ikusleari sakontasun bisual eta ikonografikoa ematea gustatzen zait, eta elementu sinboliko asko sartzen ditut, iruditeria kolektibokoak horietarik asko». Jende askok esan omen dio: «Birritan ikusiz gero, askoz gauza gehiago deskubritzen dituzu filmean». Paperean datorrena, hortaz, filmeko geruza horien guztien gidatzat ere hartzen ahal da.

Sitgeseko Beldurrezko eta Fantasiazko zinema jaialdian erakutsi du liburua estreinakoz, eta han besoak zabalik hartu dutela esan du Urkijok: «Altxor bat dela, pelikulari beste arnasa bat ematen diola, bilduma pieza bat dela eta antzekoak entzun ditugu han». Hitz horiei aparteko balioa ematen diela ere aitortu du, besteak beste, han estreinatu zelako Irati filma, duela bi urte.

Liburuko atalak

«Oso» miresten duen zinema zuzendari batek egin dio hitzaurrea liburuari: Alex de la Iglesiak. Murtziako (Espainia) Sombra zinema jaialdian ikusi zuen Irati, eta «txundituta» atera zela helarazi zion Urkijori. Hitzaurreari begira, «emozionatu» egiten dela aitortu du Irati-ren egileak.

Atalen artean esanguratsuak dira pertsonaiei, jantziei eta lokalizazioei eskaini dizkien orriak, bai eta izaki mitologikoei eskainitakoak ere. Aipagarria, bestalde, Orreagako guduari eskainitako tartea: «Gudak zailak izaten dira zineman, aurrekontu alimalekoak behar izaten direlako, eta harago joan behar izaten da soluzio bisualen bila». Alde horretatik, storyboarda, figuranteak bilatzeko egindako kalkuluak, edota filmean Frankoak agertzen diren unetik amaiera arteko ibilerak eta gainontzeko datuak datoz azalduta. «Ezin izan genuen plano orokorrik egin, friki multzo bat besterik ez zatekeelako ikusiko».

Efektu bereziekin betetako hutsuneez ere mintzatu da Urkijo, bai eta filmerako aktoreak begiz jotzeko prozesuez ere: «Enekorena [Sagardoi] oso garbi nuen, aurpegi sendoa duelako, Eneko Aritzarena egiteko ezin hobea; eta mehea izanagatik ere berehala ekin zion lanari gorputza mardultzeko». Itziar Ituño Mariren larruan nahi zuela ere hasieratik izan zuen garbi:  «Eta bera, pozez zoratzen». Iratiren rolerako, berriz, casting batera jo zuten, eta «berehala» iruditu zitzaien egokiena Edurne Azkarate aktorea.

Filmean darabilten euskarak aparteko atala du liburuan: «Txiste asko dago horri buruz». Euskal Aktoreen Batasunak aurten emandako Besarkada sarietan, esate baterako, parodia bat egin zioten horri, eta gai horretatik komedia egiteari «oso polita» deritzo Urkijok: «Zerbaitek bere parodia duenean, munduan bere lekua hartu duen seinale delako».

Horiek eta gehiago datoz xehe-xehe liburuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.