Bost urteko lanaren ondoren, gaur iritsiko da Paul Urkijoren Irati filma zinema aretoetara. VIII. mendean dago girotuta, eta paganismoaren amaiera kontatzen du: kristautasuna Europan barrena hedatzen hasi zen garaia. Filmean, baina, basoan bizi direnek eutsi egin nahi diete lehengo sinesmenei. Urkijok adierazi du filmaren helburua dela «euskal kulturari eta mitologiari ohore egitea», baina nabarmendu du gidoia «lotzeko zaila» izan dela: «Amets bat betetzea bezala izan da; betidanik izan dut halako zerbait egiteko gogoa. Euskal mitologiako pertsonaiak sartu ditut ezpatak eta sorginkeria nagusi diren film batean. Oso esperientzia polita izan da». Atzo aurkeztu zuten filma, Bilboko Azkuna zentroan, eta, zuzendariaz gainera, prentsaurrekoan izan ziren Eneko Sagardoi, Edurne Azkarate eta Itziar Ituño aktoreak.
Joxean Muñozek idatzitako eta Juan Luis Landak marraztutako Iratiko zikloa komiki bilduma izan da gidoia idazteko abiapuntua. Orreagako (Nafarroa) batailaren ostean abiatzen da istorioa, eta, oro har, borroka eszenak dira filmaren atal garrantzitsuenetako bat. Sagardoik adierazi du «trebakuntza asko» behar izan duela irudi horiek filmatzeko: «Filmatzen hasi baino lau edo bost hilabete lehenago hasi nintzen prestakuntza fisikoarekin. Gimnasiora joatea eta asko jatea zen lehen baldintza, eta, hala, hamar kilo inguru gizendu nintzen. Horrez gain, zaldian ibiltzen ere ikasi behar izan nuen. Sinesgarritasuna ematea izan da garrantzitsuena niretzat». Eneko Arista erregearen rola antzeztukodu filmean.
Maitasun ekintza bat
Borrokak borroka, baina, «amodiozko istorio» gisa definitu du filma zuzendariak: «Euskal mitologiari, ezpata eta abentura filmei, eta naturari eskainitako maitasun istorio bat da, besteak beste». Zortzi astean grabatu dute film osoa, eta argi naturala erabili dute, hein handi batean. «Benetako lokalizazioak aurkitzea gakoa izan da», azpimarratu du zuzendariak. Tartean, Aralarren, Pirinioetan, Oñatin (Gipuzkoa) eta Pozalaguako leizeetan (Bizkaia) filmatu dute.
Azkaratek egin du Iratirena filmean. Aktorearen lehen lana izan da zineman, eta nabarmendu du «asko» gozatu duela, beretzat «erronka oso handia» izan bada ere: «Film bat egitea zaila da berez gure ogibidean; sari bat izan da. Kolore asko ditu nire pertsonaiak; mundu errealaren eta magikoaren artean dabil».
Itziar Ituñok, berriz, «kolaborazio oso berezia» egin duela azpimarratu du; Mari jainkosaren rola antzeztu du: «Filmaketako azken astean iritsi nintzen, baina sekulako esperientzia izan da: Mari ez da edonor. Pertsonaia hori interpretatzea opari handi bat izan da niretzat». Era berean, gaineratu du «harrotasun itzela» dela Euskal Herrian horren esanahi berezia duen film bat egitea.
Nafarroako «protoerresumako euskara zaharra» bilatzen saiatu dira filmean, eta pelikula jatorrizko bertsioan ikusteko gonbita egin du zuzendariak: «Zinema areto gehienek bertsio originalean emango dute filma, eta hori poztasunez hartu dugu».
'Irati' estreinatuko dute gaur
Euskal mitologiako pertsonaiak ditu oinarri Paul Urkijoren lanak, eta VIII. mendean dago girotuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu