Durangoko 59. Azoka

Irati Bazeta ilustratzaileak jaso du Durangoko 59. Azokaren Sormen Beka

'Harien isla' izeneko proiektua aukeratu du beka ebatzi duen epaimahaiak. Euskara jendea gaitzat hartuta, esku hartze artistiko bat egiteko urtebeteko epea izango du sortzaileak. Datorren urteko azokan erakutsiko du emaitza.

Irati Bazeta ilustratzailea —erdian—, beka irabazi duela jakinarazteko agerraldian, atzo, Durangon. DURANGOKO AZOKA
Irati Bazeta ilustratzailea —erdian—, beka irabazi duela jakinarazteko agerraldian, atzo, Durangon. DURANGOKO AZOKA
Ainhoa Sarasola.
2024ko abenduaren 9a
09:50
Entzun

Durangoko Azokak bere Sormen Beka banatu du aurten ere. Euskara jendea gaitzat hartuta, esku hartze artistiko bat egitea zen aurten deialdiaren helburua, eta Irati Bazeta ilustratzaileak irabazi du. Harien isla izeneko proiektua aurkeztu du sortzaile abadiñarrak, eta margogintzan oinarrituko du bere lana: dozena bat pieza sortzeko asmoa duela azaldu du, eta horiekin guztiekin erakusketa bat onduko du. Datorren urtean aurkeztuko du emaitza, Durangoko 60. Azokan, hain zuzen ere.

Sortzaile gazteen lana sustatzeko asmoz antolatzen du Sormen Beka Gerediaga elkarteak, Durangoko Udalaren laguntzaz, eta 15.000 euroko laguntza eskaintzen du.

Bazetak azaldu duenez, margogintza umetatik landu izan du, eta, bekaren deialdiaren berri izatean, aurkeztea erabaki zuen. Gaiaren gainean hainbatetan egin du gogoeta azkenaldian, eta hainbat galdera sortu zaizkiola ere azaldu du: «Nor da euskara jendea? Zer dakar euskara jendea izateak? Ba al dugu euskara jendea garen kontzientziarik? Euskaraz bizi edo euskarara heltzeko denok baliabide berak al ditugu? Zein egoeratan sentitu dugu hizkuntza estresa?». Galdera horiei tiraka landu du proposamena, haren bidez gogoeta horiek plazaratzeko asmoz. Eta, aurreratu duenez, sormen prozesuan herritarren partaidetza eskatzeko asmoa du.

Sormen Beka «aukera paregabea» dela iritzita, antolatzaileei eta epaimahaiko kideei eskerrak agertu dizkie sortzaileak. Hauek osatu dute aurtengo beka banatu duen epaimahaia: Garazi Arrizabalaga (Durangoko Museoko zuzendaria), Ismael Manterola (EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa), Oskia Ugarte (Uharte Arte Garaikideko Zentroaren zuzendaria), Marina Suarez eta Maite Mugerza (Tripak kolektiboko kideak), eta If Matxikote (Zapart Euskal Artisten Sareko kidea). Epaileen arabera, «proiektuaren argitasunagatik, deialdira ondo egokitzen delako eta hasiberria izanik lehen erakusketa egiteko aukera emango diolako» hautatu dute Bazetaren proiektua.

Zazpigarren beka

Zazpigarrenez banatu du azokak Sormen Beka dagoeneko. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak adierazi du sortzaile berrien bidelagun izateko nahiak bultzatuta jarri zutela martxan egitasmoa. «Gazte jende asko nabaritzen genuen, arlo ezberdinetan, sortzeko gogoarekin, euskaraz eta euskaratik, gainera. Eta horren erakusleiho baino gehiago izan nahi genuen».

Atopia rol jokoen egitasmoa izan zen lehena beka irabazten, eta, orduz geroztik, Kai Nakairen diskoak, Bañolet ikus-entzunezkoak, Ibai Aizpuruaren Barraka bideojokoak, Jon Ander Urrestiren Eukalyptus antzezlanak eta Marramiau sorkuntza taldearen Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz animaziozko telesailak jaso dute haren bultzada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.