Elbira Zipitria, bide urratzailea

Iraren etxea defendituko dut

Hasieran, 'Ira 26-2' izena jarri zion Maider Oleagak Elbira Zipitria 'Ira'-ri buruz haren etxean filmatu lanari. 'Muga deitzen da Pausoa' izenburuarekin estreinatu zuen, atzo, Durangoko Azokako Irudienean.

GORKA RUBIO / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Donostiako Parte Zaharra. Fermin Calbeton kalea, 26. Bigarren solairua. Mexikon zazpi urtean bizi eta gero Euskal Herrira itzuli berri den zinemagilearen bizitoki berria. Iraganak bizi du etxe hori, baina. Eta, iragan horretan, izen propio bat: Elbira Zipitria Irastortza (Zumaia, Gipuzkoa, 1906Donostia, 1982). Bertan bizi izan zelako hirurogei urtez; bertan hezi eta alfabetatu zituelako dozenaka haur eta heldu, euskaraz eta klandestinitatean, frankismo beteko hiru hamarkada luzez; bertan itxi zelako; bertan hil zelako.

Etxe txiki aspaldiko bat, egurrezko leiho, marko eta altzari xumez betea. «Emakumea dago hemen. Etxe honetan dago. Gu gaude». Maider Oleaga (Bilbo, 1976) zinemagilearen off-eko ahotsaren lehen hitzak filmean. Hortik aurrera, espazio bat, bere pareta, beira itsuzko ate, leiho eta arrailduren bitartez dimentsioen arteko muga zeharkatzeko, eta denborarena tolesteko. Horixe Muga deitzen da Pausoa filmaren muina. «Esperimentu pertsonal bat, saiakera filmatu bat, bilaketa prozesu baten destilazioa», zuzendariaren hitzetan. Antzinako bihotz bat azaltzeko. «Ira ukitzeko. Ira ulertzeko». Ira. Zipitriak bere buruari jarri zion ezizena. Zenbaitetan hizkiz eta beste batzuetan marrazkiz islatu zuena. «Oso erraza da egiten haren marrazki-sinadura», Oleagak. Hartu du boligrafoa; marraztu ditu puntu beretik abiatzen diren hiru marra; eta marra bakoitzaren gainean, beste bana, sigi-sagan. Hortxe iratzea, ira, garoa. Eta, landarearen jaio puntuaren azpian, lau marratxo, belar solteak balira bezala. «Hortxe Ira. Nik ez dut sinadura hau interpretatuko, baina uste dut nahikoa esaten duela emakume hari buruz».

Plazandre marrazkiduna. Emakume politikari eta ekintzailea. Emakume jeltzalea. Emakume ausarta. Emakume azkarra. Emakume ez-estandarra. Emakume zakarra. Emakume abaildua. Emakume bakartua. Etxekoandrea? Emakume asko gorputz bakarrean. «Emakumearen etxea defendatzeko, zuloetatik sartu, eta iluntasun horretan erreko naiz. Ez dakit zutik iraunen duen», dio Oleagak filmean. Emakume ezezagun baten etxea memoria kolektiboaren eraikin zartatuan. Eraikuntza bat, ahanztura deseraikitzeko. «Asko egin dugu memoria historikoaren arloan, baina ahanztura historikoaren eremuan dago Ira, beste emakume asko bezala».

Lehen pertsonan deseraiki behar izan du ahanztura hori Oleagak. 26-2 helbidedun etxera ailegatu arte ez zuelako Zipitria ezagutzen. «Ez nekien ezer berari buruz. Zero. Hasieran, ez nion kasu handirik egin, baina, hainbeste denbora kanpoan egin eta gero, nire bizitzako momentu jakin hartan, horrelako etxe batera sartzea eta Ira bezalako pertsona bat ezagutzea... Oso eskertua nago harekin». Zipitriaren idatzietan eta hari buruz idatzitakoetan arakatu zuen lehenik, pare bat urtez; zapaldu zituen tokiak zapaldu nahi izan zituen segidan; zuzenean ezagutu zutenak elkarrizketatu zituen gero; haren itzalari forma ematen hasi azkenik. «Nire memoria hutsunez betea ikusi dut. Elbirarekiko bakarrik ez; baita haren garai historikoarekiko ere. Lan hau egiten ari nintzela ikasi dut Euskal Pizkundea zer izan zen benetan, abertzaletasuna nola loratu zen —eta nola ito zuten—, lehen ikastolak nola sortu ziren, euskara batuaren gaiak zenbat eztabaida ireki zituen eta beste hamaika kontu. Ez nekizkien. Adierazgarria iruditzen zait gure iraganari buruzko ezjakintasuna».

Zipitriaren etxeak ezezagutza bat baino gehiago gorpuzteko hezurdura eskaini dio. Hainbesteraino, esku artean film bat bazuela erabaki zuenean, Ira 26-2 izena jartzea bururatu zitzaion. Huraxe zuelako Zipitriarekin bat egiteko espazioa. «Gure etxea». Irarena; eta berea. Argazki proiekzio, argizaiol, puxtarri, ispilu, leiho ireki eta isiltasun hautsiekin. «Gure etxea... Bertan nengoela, hala esaten nuen. Joan nintzenetik, 'Iraren etxea' da. Eta bai, maite dut Ira. Beldurra ematen didala ere badiot filmean, baina horregatik ere maite dut. Harreman bat badago gure artean».

Harreman horren fruitua da Oleagak atzo Euskal Herrian, Durangoko Azokako Irudienean, aurkeztu zuen filma. Hainbat erakunde publikoren laguntzarekin egin du filma, eta ekimen kolektibotik ere badu, crowfounding bidez jarri baitzuen abian proiektuaren gauzatzea. Filmaketa horrek aurrera egin ahala, EITBren partaidetza eta Zazpi t'erdi, Filmotive, Izar Films, REC Grabaketa Estudioa eta Gariza Filmsen lankidetza ere lortu ditu. Bidean, izenburua aldatu dio zuzendariak lanari. Muga deitzen da Pausoa izenez aurkeztu du jendaurrean, Zipitriak oso maitea zuen Pedro Mari Otañoren Zazpiak-bat poemako esaldi bat bere eginda.

Mugak
Oyaltzat artu zagun Euskera,
Goraizitzat Bidasoa,
Ibai koxkor bat besterik ez da,
Utsa balitz itsasoa:
Elkarren urbill daude Zazpiak,
Muga deitzen da «Pausoa»
Zergatik izan bear ez degu
Famili bakar osoa?


Otañoren poema horretan ikusi zituen Oleagak Zipitriaren bizitzako zioa —«misioa»— eta Zipitria bera. Euskal Herria, euskal kultura, euskara zituelako motor. Bide urratzaile eta muga haustaile izan zelako. Eta hautsi zituen mugen artean bat nabarmentzekotan, etxearena ahaztu ezin, Oleagaren aburuz: «Garai hartan, emakumeak behartuta zeuden etxean gelditzera, eta berak, hori aprobetxatu, eta kaiola transgresiorako eremu bilakatu zuen. Klandestinoa izanik ere, eremu publiko bihurtu zuen etxea. Izugarria iruditzen zait».

Eremu pribatu horretan, paretetan esekitako koadro bakanek ematen dute Zipitriaren barne paisaien arrastoa: bi kristo gurutziltzatu, eta baserri mundua erakusten duten hiru margolan. «Koadro horiek zituen etxean, eta hor ere badago Ira. Erlijioa eta Euskal Herria erakusten dituzte. Eta, gainera, Euskal Herri tradizionala, baserria».

Tradizioaren mugak gainditzen ere asmatu zuen Zipitriak, hala ere, Oleagak nabarmendu duenez. «Emakume Abertzale Batzan sartu zen emakume askok arazoak izan zituen etxean, ez zitzaiolako jendaurrean nabarmentzea onartzen». Zipitria, zehazki, mitinlari, idazle eta irakasle aritu zen; plaza publikoaren erdigunea hartu zuen ahal izan zuenetan. «Momentu on asko izan zuen. Euskal Pizkunde garaietan oso alaia, bizia eta kementsua izan zen. Politikari sena zeukan. Muga administratiboa ere zeharkatu zuen, 36ko gerra bukatu eta Iparraldeko erbestetik Donostiara bueltatu zenean, 1941ean. Herriarekiko ardura izugarria erakutsi zuen orduan ere, jakin bazekienean erabat fitxatuta zegoela». Gainditu ezin izan zuen muga bat ere agertzen hasiko zen, baina, Oleagaren esanetan: «Denbora pasatu ahala, etxe horretan, sasian, ia ezer aldatzen ez zela ikusiz... Konpromiso erabatekoa izan zuen, beste askok bezala; zerua ukitzekotan egon ziren, eta infernuan bizi ziren».

Testuinguru horretan, Jose Antonio Agirre lehendakaria erbestean hil zen eguna izugarri latza izan omen zen Zipitriarentzat. «Horrek guztiak sortu zion tristeziaren muga ezin izan zuen gainditu, eta hori da gehien hunkitzen eta tristatzen nauena». Tristezia hori ulertzeko grina izan du Oleagak, hain zuzen ere, Muga deitzen da Pausoa filma egiteko akuilu nagusia. «Iraren gogortasuna asko azpimarratu ohi da. Zakarra zen, bai, baina ez dakit gizona izan balitz hainbeste nabarmenduko ote litzatekeen. Asko sufritu zuen belaunaldi oso baten zakartasuna zeukan hark. Haren iluntasunak kateatu nau bereziki, haren barne tristeziak. Hainbatetan aipatu izan den euskal tristezia-ren zantzuak nabarmenak dira Irarengan».

Gorpuztea

Zipitriak esperientzia propioetatik, beren gorputzetatik pasarazten zien jakintza bere ikasleei, eta liluragarri zaio Oleagari. Estreinatu berri duen filmean, berriz, bere gorputzetik pasarazi du Zipitriaren eraikuntza. «Irak ez zuen inolako gorazarrerik nahi izan azken urteetan, eta nolabaiteko ituna egin nuen harekin: 'zu aipatuko zaitut, baina neu ere agertuko naiz trukean' moduko bat». Hortik abiatuta eratu zuen gidoia. Hala, Oleagak berak ere gainditu ditu muga batzuk lan honetan. «Inoiz ez dut honelakorik egin. Eta inoiz ez naiz nire pelikuletan agertu. Enkoadraketarena da gainditu dudan mugarik agerikoena, kamera atzetik aurrera pasatu bainaiz. Ez nuke esango pelikulan antzezten ari naizenik. Ahotsa ere sartu dut. Performance bat egin dut, eta emaitza ez da dokumental konbentzional bat. Saiakera bat da, esan dizut lehen, Ira bilatzeko eta ukitzeko modu ezberdinak probatzeko».

Udan amaitu zuen saioa. «Hain lan intentsu eta sakona» izan zen beretzat, kito esan zion Oleagak bere buruari. «Orain artean egin dudan filmik garrantzitsuena da niretzat, eta ez dakit noizbait egingo ote dudan prozesuak hainbesteko zentralitatea daukan beste lanik. Zeharkatu nau arlo guztietan. Gogorra izan da, Ira ez delako emakume erraza. Ederra eta betegarria ere izan da, aldi berean».

Azaroaren 18an erakutsi zuen lehenengoz jendaurrean, Gijongo (Espainia) zinemaldian. «Filma ariketa performatibo bat den arren, Ira da zentroa, eta asko ari gara hitz egiten hari buruz Gijongo estreinalditik. Asko pozten nau. Filma hemen asko mugitzea eta jakin-mina eta harridura sortzea nahi nuke: Irarekiko, eta gure ezjakintasunarekiko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.