Laurogeitik gora idazlek izenpetu dute Literaturarekin bakarrik ikasten dena manifestua. Meettok fundazioak aurkeztu du—izen bereko argitaletxetik sortua da—, eta irakurzaletasunari «prestigioa ematea» da helburu nagusia; baita irakurtzea bera sustatzea ere. Ramon Etxebeste Meettokeko kidearen esanetan, dokumentua «abiapuntu bat besterik ez da»: gerora etorriko diren ekitaldi batzuen oinarria. «Garrantzitsuena ez da dozenaka idazlek sinatu duten agiria, baizik haren bidez eta ondorioz etorriko diren aukerak», adierazi du. «Ekimen ez oso konbentzionalak beharko ditugu».
Manifestuan diotenez, «garai nahasiotan», literaturak koordinatu batzuk ematen ditu beti. «Anne Frankek oso garbi esan zuen: 'Pertsona askeak nekez jabetuko dira inoiz liburuek zer esanahi duten giltzapean bizi garenontzat'. Ispilu aurrean jarri eta galdera egiten digu literaturak: 'Aske al gara?'».
Literaturak «mundu guztiari irekita» egon behar duela nabarmendu dute sinatzaileek, «inolako balaztarik gabe». Izan ere, haien iritziz, literaturak «esnatu eta astindu» egiten du pertsona, haren gogoa piztu. «Bakarrik irakurtzen dugu, baina ez gaude bakarrik irakurtzen dugunean. Liburuan irekitzen zaizkigun garai eta pertsonaietara lotuta gaude, fikziozko pertsonaietan lur hartzen dugu, bidaiatik itzultzean ezaugarri berriak iradokitzeko».
Sinatzaileen iritziz, irakurketak «munduaren zabaltasunaren eta aniztasunaren zantzuak» utziko ditu irakurleengan. «Irakurritakoa lagunekin, ezagunekin, ikaskideekin, irakurketa taldeko kideekin eta sare sozialetan partekatzeak liburuak adina plazer edo gehiago emango digu: liburuei buruz hitz egitea liburuak berridazteko modu bat da. Eta literaturaren historia irakurketaren historia da; erreketa publikoetatik, zentsuratik eta gure gailu elektronikoen hots eta ardailatik harago doa».
Literaturaren inguruan dabiltzanak «asko» ez badira ere, «ondo artikulatutako» ekosistema bat osatzen dutela azpimarratu dute sinatzaileek: «Irakurleak, idazleak, itzultzaileak, editoreak, literatur kritikariak, liburu saltzaileak, liburuzainak... literaturak batzen gaitu». Horregatik sendotu eta prestigiatu nahi dute sare hori, liburuaren balioa aldarrikatzeko. «Literaturak erakusten diguna literatura irakurriz baino ezin delako ikasi. Literaturak denoi dagozkigun gauzez hitz egiten baitu: kemenaz, beldurraz, adiskidetasunaz, heriotzaz, maitasunaz, elkartasunaz».
Manifestuan diotenez, irakurtzen duenak badaki zergatik irakurtzen duen. «Irakurtzen ez duten horietakoa bazara, zure arrazoiak izango dituzu. Edozelan ere, zaude lasai. Literaturaz arduratzen ez bazara ere, literatura beti arduratuko da zutaz. Hori ere liburuei esker ikasi dugu».
Literaturarekin bakarrik ikasten dena manifestua sinatu duten idazleen artean, besteak beste, honako hauek daude: Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Oihane Amantegi, Yolanda Arrieta, Garazi Arrula, Gotzon Barandiaran, Maialen Berasategi, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Angel Erro, Hedoi Etxarte, Aritz Galarraga, Aritz Gorrotxategi, Nerea Ibarzabal, Jose Anjel Irigarai, Karmele Jaio, Edorta Jimenez, Irati Jimenez, Felipe Juaristi, Anjel Lertxundi, Pello Lizarralde, Nerea Loiola, Gerardo Markuleta, Miren Agur Meabe, Laura Mintegi, Eider Rodriguez, Beñat Sarasola, Danele Sarriugarte, Yurre Ugarte, Juan Luis Zabala, Iban Zaldua eta Patxi Zubizarreta.
Irakurzaletasunaren aldeko manifestua eman dute laurogei idazlek
Meettok fundazioaren ekimenez sortu dute agiria. Dokumentua abiapuntua baino ez da, gerora etorriko diren ekitaldi batzuen oinarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu