Irakurzaletasuna aldarri

Aurtengo Euskadi sariak banatu dituzte Donostiako Tabakaleran. Irati Elorrietak zaintzaren aldarria egin du. Sarituetako askok irakurleengana iritsi beharra nabarmendu dute; agintariek ere bai

Irabazle guztiak, atzo Donostian eginiko ekitaldian, Bingen Zupiria eta Iñigo Urkullurekin. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Altzateko jauna-ren doinuak. Pello Ramirezen txeloa, eta dantzari bat. Hala abiatu zen atzo Euskadi sariak banatzeko ekitaldia, Tabakalera eraikineko bosgarren solairuan, Donostian. Bingen Zupiria Kultura sailburua izan zen lehena hitza hartzen: «Azkenaldi honetan, euskal sorkuntzak urrezko aldi bat bizi duela entzun dut han eta hemen. Ni bat nator iritzi horrekin. Pizkunde berri baten aurrean gaudela uste dut. Sortzaileak eta publikoa behar ditu loraldi horrek, iraungo badu». Zorionak eta eskerrak eman zizkien saridun guztiei.

Euskarazko ataletan, saria jasotzen lehena Juan Carlos Etxegoien Xamar izan zen, Etxera bidean saiakeragatik. Euskararen bazterketaz hitz egin zuen. «1936ko gerra nabarmendu zen bereziki oraindik gelditu ez den kulturizidio horretan», hasi zuen hitzaldia. «30 urte geroago, gaztaroan, guztia bilatu behar izan genuen. Gure hizkuntza, kultura, historia». Etxerako bide hori oroimen historikoaren barruan kokatu nahi izan duela azpimarratu zuen: «Memoria historikoa ez da arma ekintzei bakarrik mugatu behar, eta eskolako curriculumaren bidez hurrengo belaunaldiei kontatu behar diegu zer gertatu den euskaldunok gutxiengo bat bilakatzeko bere ukatutako lurraldean».

Asisko Urmeneta igo zen segidan oholtzara, ilustrazioko Euskadi saria jasotzera, AztiHitza. Xahoren biografikoa albumagatik. «Nire gaurko diskurtsoa duela 60 urte idatzi zuen, Parisen, Jon Mirandek: Euskaltasun erromantiko baten alde du izena», adierazi zuen. 1958an argitaratu zuen testu hori Mirandek, Irrintzi aldizkarian, eta hala idatzi zuen, besteak beste: «Dantzari, pilotari edo muslari on izanki, euskaldun ona zara, euskara tutik ez jakinik ere. (...) Azkeneko mende erdi honetan, euskaltasun berri bat sortu digute. Euskaldun erredugarria gizon gotor baina bakezale bat da, puska ona, gaiztakeriarik gabeko, alai eta optimista. Langile eta errealista, gainera, oraiko munduari egokitzen dakiena. Adiskide maiteak, bada ordu euskalduntasun irri egingarri hori arbuiaturik, beste baliosago baten moldatzeari buruz abia gaitezen». Miranderen testua osorik irakurri zuen Urmenetak, eta erantsi: «Esker mila AztiHitza-ren xedean sinetsi duzuen guztiei, abertzale erromantiko nahiz arrazionalista guztiei».

Itzulpenen aldarria

Isabel Etxeberriak itzultzaileen lana aldarrikatu zuen Alice Munroren Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak ipuin bilduma itzultzeagatik saria jasotzean. «Euskal literatur itzulpena oso momentu interesgarrian dagoela uste dut». Erantsi zuenez, pribilegio gisa bizi du lan kolektibo horretan parte hartu ahal izatea. «Kalitate handiko lan bat egiten ari diren pertsona multzo baten ordezkari gisa jasotzen dut sari hau. Orain, lan hori irakurri egin behar da».

Patxi Zubizarretaren txanda etorri zen gero, haur eta gazte literatura saria jasotzeko. Korri, Kuru, korri! liburuaren benetako protagonistaz hitz egin zuen, Afrikatik Europara bidean zeharkatu behar izan zituen lurraldeak, itsasoa, presondegiak eta nekeak aletuz. «Gelditu, entzun, begiratu. Sortzaileontzat araua da hori. Azkarregi bizi gara. Eta gure eginbeharra entzutea da».

Irati Elorrieta izan zen azkena saria jasotzen, Neguko argiak nobelagatik. Saria eman ziotela jakin zuenean, nabarmendu zuenez, pozaz haragoko emozioak hartu zuen. «Idazten aritu naizen azken bi urteetan nire laguntzaile taldea deituko dudanak eman didan babesa ekarri zidan gogora sariak. Zaintzaile taldea ere dei nezake. Zainduta sentitu naiz, oso zaurgarri sentitu naizen denboran». Zaintzaren aldarria egin zuen idazleak.

Daniel Innenarityk eta Ramon Ederrek ere jaso zuten saria, erdarazko saiakerarena eta literaturarena, hurrenez hurren. Iñigo Urkulluk amaitu zuen ekitaldia: «Aitortza da sari hauen helburuetako bat. Bestea, literatura eta sortzaileak ikusgarriago egitea da. Literatura eta irakurzaletasuna erdigunean jarri nahi ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.