Irakurtzeko filosofiaren ikasgaia

2010eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Lekua: Bilboko BBK Aretoa

Eguna: Azaroak 25.

Joseba Martin

Laurie Anderson newyorktarraren ekitaldiak ez dira estandarrak. Beraz, zaila da definitzea edo beste bati kontatzea. Istorio errezitatuak, ametsak, galderak, musika pixka bat, filosofia eta buruketak atsedenaldi gabeko ibilbidean kateatzen dira kontzeptu orokorraren bila. Eszenografia minimalista dugu: eskuinaldean atril bat, sintetizadorea, biolin sintetizatua (Lauriek berak sortua) eta mikroa. Ezkerraldean besaulki bat, azken atalean behin bakarrik erabiliko duena. Taularen gainean hogeiren bat argizari, han-hemenka kokatuta, eta sabaian koloreko foku batzuk, besterik ez.

Artista amerikarra, alkandora zuriaz eta praka eta gorbata beltzez, biolinarekin hasi zen, istorioak kontatzeari ekin baino lehen. Goiko led pantaila batean testuen itzulpenak agertzen ziren, operan izango bagina bezala. Beraz ekitaldi osoa eman genuen irakurketan hitzik ez galtzearren. The beginning of memory leloaz hasi zen, lurrik ez zegoeneko garaiaz, txoriak baino ez. Flow, Transitory Life eta Falling izan genituen ondoren, sintetizadorean giro egokia sortuz. Amish familia batekin bizi izan ginen, amodio gabeko lehenengo musuaren unea ezagutu genuen, Testamentu Zaharraren eta Berriaren arteko desberdintasunez ohartu ginen (istorio latza eta barregarria aldi berean), Hansel eta Gretel eztabaidan, McDonalds batean lan egin genuen, ume erreak hilzorian ospitalean, Cree eta Tzotzal indiarrekin ibili ginen, sektaren batekin ere, eta galderak askotan agertzen ziren: «Beste Toyota Prius bat erosi beharko nuke?», «Egunak zertarako dira?», «Musu bat emango diozu amonari?»... The Right Eye, The Lake eta Bodies in Motion istorioak/poemak ere gezi moduan heldu zitzaizkigun. Noizean behin Andersonen gizonezko alter egoa, Fenway Bergamot, agertzen zen, ahots sakon horrekin, beste ikuspuntuak aireratzeko. Istorio gordinak, latzak eta izugarriak dira artista honenak, hasieratik aulkian harrapatzen zaituzten horietakoak, hipnotikoak bezain beldurgarriak, Irailaren 11ren ondorengoak. «Thank you eta good night» batez amaitu zuen Lauriek. Entzuleek gehiago nahi zuten, baina Another Day in America itzalia zen. Art pop hutsa, entzulearen arima eta gogoa astintzen dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.