Elena Lopez Agirre. Kazetaria eta idazlea

«Irakurri nahiko nukeen liburua idatzi dut»

'Historia del rock vasco' idatzi du, Euskal Herriko musikaren barruan sortu diren talde eta musikari guztien berri eman nahi duen obra erraldoia.

mikel lizarralde
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Kazetari, musikari eta idazlea izaki, Elena Lopez Agirrek barrutik nahiz kanpotik bizi izan ditu Euskal Herriko musika mugimenduaren azken 25 urteak. Potato reggae taldeko kide izan zen, hainbat argitalpenetan idatzi du, eta 1993tik hona musikari lotutako lau liburu idatzi ditu, bakarrik edota Pedro Espinosa lagunarekin —hori ere Potatoko kide historikoa—. Hertzainak: La confesión radical (1993) eta Potato, la utopía de una Euskadi tropikal (1998) lau eskutara ondu zituen Espinosarekin, eta 1996an, berriz, Del txistu a la telecaster: crónica del rock vasco, Euskal Herrian egindako rock musikaren kronika subjektiboa, argitaratu zuen. «Neurri handi batean, erabaki arbitrarioak ere bazeuden liburu haren atzean, eta nik aukeratu nuen zer sartu eta zer ez».Orain, berriz, tamaina eta asmo handiko liburu mardula plazaratu du, Historia del rock vasco (Aianai argitaletxea), XX.mende hasieratik gaur egunera arte Euskal Herrian egin den eta grabatu den musika guztiaren testigantza jaso nahi duen 650 obra monumentala.

Nondik sortzen da liburuaren ideia?

2006an euskal rockaren inguruko ikastaro bat eman genuen Pedro Espinosak eta biok Gasteizen, eta hartarako apunte batzuk prestatu behar izan nituen, ikasleei emateko. Orduan ere 30 bat ataletan banatu nuen ikastaroa, orain liburuan egin dudan bezala. Argitaletxe batekin zerbait egiteko aukera sortu zen gero, nahiz eta ez zuen aurrera egin, baina ideia hor gelditu zen, eta hasi nintzen egunero-egunero lanean. Niretzat ere oso entretenigarria zen lana. Liburua, azken batean, urte luzetan idatzita dago, neure martxan, eta horrek eragina dauka emaitzan.

Sumatu izan duzu lan gutxi egin dela Euskal Herrian herri musiken inguruan?

Erabat sinetsita nago oso gutxi argitaratu dela. Zinemagile batzuek esaten dute ikusi nahiko luketen filma egin dutela. Bada, nik, kasu honetan, irakurri nahiko nukeen liburua idatzi dut. Kultura anglosaxoiari buruzko materiala aurkitzea erraza da, ikaragarri liburu piloa dago. Baina gure herrian egin den musikari buruzko lanak gutxi dira. Eta ahaztu egiten zaigu Elvisekin [Presley] batera, ia garai berean, hemen Soroak taldea zegoela. Ezin da ukatu rockaren jatorria, baina ezin da ezkutatu 50eko eta 60ko hamarkadetan kultur eztanda bat egon zela leku guztietan, baita hemen ere. Eta horrek bizimoduaren eta ohituren aldaketa ekarri zuela.

Liburuak, nolanahi ere, garai horren aurreko gertaerak ere aztertzen ditu.

Nire hasierako asmoa Ez Dok Amairurekin hastea zen, baina Ez Dok Amairuk Azkueren edota Nemesio Etxanizen kantutegiak berreskuratu zituen, eta, ondorioz, haien berri ere eman behar nuen. Azaldu behar nuen zein zen Aita Donostia, edota Humboldtek zer esan zuen euskal musikaz, edota Azkuek zer-nolako ikusezina zion soinu txikiari... Azken batean, gaur egun pentsaezinak diren kontuak gertatu ziren XX. mendearen hasieran. Esaterako, soinu txikia, gaur egun hain gurea sentitzen dugun hori, arrotza zen garai batean, kanpokoa.

Liburuaren izenburua oso definitiboa da. Euskal Herriko rockaren historia idatzita dago dagoeneko?

Ez, ez. Nik uste dut lan nahiko osoa dela, baina izango ditu hutsuneak ere. Azken batean beti dago zer idatzi. Niri, pertsonalki, gustatuko litzaidake beste jende batek idaztea, eta musikari buruzko bibliografia osatuz joatea. Zorionez, gero eta lan gehiago egiten ari dira gertuko kultur adierazpideei begira. Baita doktore tesiak ere. Orain, liburua kalean dagoela, mezu elektronikoak jasotzen ari naiz, taldeen berri emanez. Horregatik, proiektu hau webgune handi batekin osatu nahiko nuke, informazio asko dagoelako ganbara eta sotoetan gordeta, eta horiek aireratu behar direlako. badok.info daukagu, eta oso ondo dago, baina ona litzateke gehiago ere egotea.

Nola egin duzu lan? Elkarrizketak egin dituzu ala dokumentazioan oinarritu zara?

Hasieran, elkarrizketak egitea pentsatu nuen, baina talde ertain eta handi guztiei elkarrizketa bat egin izan banie, liburuak 1.500 orrialde lituzke. Gainera, uste dut askotan musikariek gehiago esaten dutela musikaren bidez hitzez baino. Beraz, egin ditut elkarrizketak, baina ez dira liburuaren ardatza. Lehenik eta behin, zerbait grabatu duten talde guztien aipamena egin nahi nuen liburuan, neurri handi batean entziklopedia lan bat. Horri erantzuten dio amaierako indize onomastikoak ere (5.000 erreferentzia). Talde baten berri izan nahi badut, indizera joaten naiz. Liburuko atal bakoitza kazetaritza erreportaje handi bat ere bada. Iturri askotatik edan dut, liburuetatik, aldizkarietatik, eta abarretatik.

Euskal Herriari begira egon arren, nazioarteko testuinguruari ere garrantzia eman diozu.

Bai, garai bakoitza bere testuinguruan kokatzen saiatuko naiz. Hemen sortzen dena ez da uharte bakarti batean sortzen, eta kanpoan egiten denak eragina du hemengoan.

Liburua ikuspuntu objektibo batetik dago idatzia, eta zure iritzi pertsonala oso ezkutatuta azaltzen da. Zergatik?

Horrela egin nahi nuen. Del txistu...-k bazuen kutsu pertsonalagoa, subjektiboagoa, eta hemen protagonisten ahotsa jaso nahi nuen. Liburuak, gainera, ez du bereizketarik egiten gustatzen zaidanaren eta gustatzen ez zaidanaren artean. Alde horretatik, dena sartu, eta oreka gorde nahi izan dut. Eta datuak eman nahi izan ditut, ez balorazio pertsonalak: izenak, datak, izenburuak... Horrek lan handia ematen du, erraza delako huts egitea.

60ko eta 70eko hamarkadetako talde asko ekarri dituzu gogora, eta haiei buruzko informazio askorik ez zen egongo idatzita.

Ez, talde piloa egon zen, baina inork ez ditu ezagutzen. Herri honetan rocka euskal rock ­­erradikalarekin hasten dela pentsatzen du jende askok, eta hori bidegabekeria handia da. RRVak ezabatu egin zituen talde asko, eta inor ez da haietaz oroitzen. Nik ere ez nituen ezagutzen, baina hari bati tiraka, taldeak eta taldeak ateratzen dira zoru azpitik.

Hitzaren gainetik musikari eman diozu garrantzia. Zergatik?

Badakit Joseba Martin irrati esataria doktore tesia egiten ari dela rockeko hitzen gainean, eta, horren jakitun, beste alderdiari eman diot garrantzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.