Argiaren erreinua (Alberdania, 2011) lehendabiziko nobela argitaratu zuenean, irakurleen estimazioa jaso zuen Joseba Lozanok (Gasteiz, 1962), eta kritikariek ere ondo tratatu zuten liburua, eta nabarmendu zuten euskal literaturan ohikoa ez den best seller baten trazak zituela. «Baina zer da best seller bat? Beste hizkuntza batean idatzita egongo balitz, agian bai, baina gurean, zoritxarrez, ez da best seller handirik. Eta, hala ere, bazituen asko saltzeko elementuak». Lehen Alberdanian eta orain Ereinen editore lanak egiten dituen InazioMujika Iraolaren hitzak dira horiek, eta berdin-berdin ezarriko lizkioke Herioren mandataria Lozanoren bigarren nobelari ere: «Ekintza ugariko lana da, bizia, azkar doana, eta, gainera, idazkera zuzen eta zorrotzekoa». Generoko eleberria dela gaineratuko luke. «Baina zer genero? Poliziakotik, intrigatik, misteriotik eta giro erdi gotikotik du zerbait».
Herioren mandataria-k zehaztu gabeko lurralde batera eramaten du irakurlea. Oskar Miller idazle ospetsu eta hipokondriakoak Marcos Berling medikua kontratatuko du, haren zerbitzura jardun dezan kostaldeko etxe bakarti batean. Berlingek, bestalde, amesgaiztoak ditu gauero-gauero: lagun batzuekin ehizara ateratzen da, baina, animaliak hiltzeaz aspertzean, ausaz aukeratutako pertsonak hiltzen hasiko dira. «Bi mundu paralelo» erakusten ditu eleberriak, Lozanok berak dioenez, baina une batean bereizketa hori ez da hain argia izango: «Ispilu hori pitzatu eta nahasi egingo dira bi munduak».
Nobela ez dago girotua ingurune jakin batean, baina handia da naturaren presentzia bertan. «Behe lainoa, euria, ekaitzak... oso natura basatian dago kokatua». Hori dela eta, misteriozko nobela gotikoa ote den galdetuta, baiezkoan dago Lozano. «Badu fantasiatik, beldurretik...».
«Harrapatzeko» literatura
«Irakurtzeko liburu bat da». Gauza jakintzat eman daiteke irakurtzeko idazten dela, baina Lozanok bere eleberriaren ezaugarri inportantetzat jotzen du hori. «Atal batek hurrengora eramateko idatzita dago liburua. Irakurlea harrapatzeko». Balizko irakurle horrek «gozatzea» baitu helburu nagusi; ez bestelakorik: «Nik ez dut kritika soziala egin nahi, edo irakurlea pertsona hobea bihurtu». Izan ere, irakurleen artean «goi mailakoak eta arruntak» daudela iritzi dio Lozanok, eta garbi du bigarrengoentzat idazten duela, «nahiz eta goi mailakoak ere ase ditzakeen eleberriak».
«Ondo pasatzea eta disfrutatzea» helburu nagusiak izanda, horretarako «teknika» aukeratzea ere inportantea da, Lozanoren ustez: «Idazleak aukeratzen du zer irakurle mota nahi duen, eta horren arabera aukeratzen du teknika ere. Kasu honetan, ekintza da nagusi, nik daukadan helburuaren araberako lana delako».
Hizkuntza eta euskara ditu Lozanok lanbideko tresna nagusiak, azken 25 urteotan Eusko Jaurlaritzan aritu baita lanean: itzulpengintzan, administrazio hizkeran, hizkuntza prestakuntzan eta normalizazioan, euskalduntzean... eta hor ikasi eta landutakoa bere literatur lanari egokitzen saiatu da. «Euskara aberatsa baina erabat komunikatiboa eta freskoa» erabiltzea izan da bere helburua, liburua ulerterraza izateari ezinbesteko deritzolako. «Literatura mota honetan esaldiak lehen irakurraldian ulertu behar dira. Irakurlea ezin da gelditu segundo bat bera ere esaldi batek zer esan nahi duen gogoetatzen. Horrela irakurlea galduko genuke».
Badaki Lozanok berak proposatzen duen literatura motak irakurle asko dituela beste hizkuntza batzuetan. «Baina euskaraz apenas aurkitzen den generoa da.Irakurleak gaztelaniara jo behar izaten du, eta ni saiatu naiz zulo hori estaltzen».
Generoaren gaiari berriro ere helduta, Mujika Iraolak argi du zein generotakoa den Herioren mandataria: «Irakurtzen segitzeko beharra sorrarazten dizun horietakoa».
«Irakurleentzat idatzitako literatura egin dut, ondo pasaraztekoa»
Joseba Lozanok bigarren nobela argitaratu du: 'Herioren mandataria'. Intriga, misterioa eta fantasia uztartu ditu liburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu