Ezbehar batean oinarritutako ikerketa lan baten emaitza. Hori da Andoni Agirrezabalak (Alegia, Gipuzkoa, 1998) Etxe Berdea bere estreinako eleberrian egin eta jaso duena; Ereinek argitaratu du liburua. Nobela beltza da, eta gertakizun tragiko bat dago oinarrian: aguazilak bere kabuz ekingo dio 2005eko urriaren 29an herrian jazotakoa ikertzeari, Poliziaren bertsio ofizialak ez duelako guztiz konbentzitu. Bidean, hainbat lekukoren testigantzak bilduko ditu, eta txostena osatuzjoango da. Hain zuzen, dokumentuz betetako karpeta horixeaurkituko du irakurleak, eta gertatutakoa deskubritzea eta kasua argitzea orriotan egin beharreko ariketa. Irakurleari jarrera aktiboa izateko proposamena egiten dio idazleak. Zer gertatu zen herriko Etxe Berdean? Horra galdera.
Liburu «ezberdina eta originala» dela azaldu du Uxue Razkin Ereineko editoreak. «Aurkitutako metrajea da Andonik erabili duen teknika. Irakurleak karpeta bat topatuko du, dokumentuz beteta, eta aguazilak jaso dituen bizilagunen testigantzak dira horiek. Irakurlearentzat puzzle bat izango da». Narrazioan protagonista bakoitzak esandakoa jasotzen da, eta irakurleak pixkanaka joan beharko du pieza horiek ahokatuz, idazlearen «esku sartzerik» gabe. «Hori nabarmendu nahiko nuke, ze oso originala eta interesgarria da, baina zailtasunak ere baditu; horietako bat, agertzen diren pertsonaia horiek guztiak desberdintzea». Hots, pertsonaien ahotsak, izaera... identifikatzea eta bereiztea. «Aguazilak editore lana egingo du, gauza batzuk zuzenduko ditu, baina irakurleak jasoko duena lekukoek esandakoa da».
Hori izan da, hain zuzen, Agirrezabalaren erronka nagusia ere. «Azken batean, irakurleak jakin behar duelako ze pertsonaia ari den idazten edo hitz egiten. Batzuk naturalago atera zaizkit, beste batzuetan lan gehiago egon da atzean». Askotariko pertsonaiak daudela azaldu du, profil ezberdinetakoak: iraganeko mamuez beldur den emakume bat, herriko hilerrian lanegiten duen gizon bakarti bat, umeak, kuadrillan arazo batzuk dituzten gazte nerabe batzuk... Zazpi lekukoren ahotsetatik kontatuko da jazoera, aguazilarena barne.
Hala, istorioak zentzua izango du, baina irakurleak ebatziko du. Beharrezkoa zen, horretarako, pieza guztiak ondo ahokatzea. Razkin: «Bakoitzak berea kontatuko du. 2005. urtean gertatutakoa gogoratuko du, gaizki, ongi, gezurrak esango ditu... hori ja irakurlearen esku dago; sinistea edo ez, bataren edo bestearen ildoari jarraitzea».
Agirrezabalak azaldu du bere haurtzaroko zenbait paisaiatan oinarrituta eraiki zuela istorioaren agertokia, fikzioa lagun: «Haurtzaroko paisaia batzuk eta horiek nigan sortzen dituzten giroak edo atmosferak gordetzen dira». Behin agertokia eraikitakoan sortu zuen istorioa, eta argi izan zuen nondik jo: misteriotik. Betidanik erakarri duen generoa dela aitortu du, eta hortik egin du tira. «Gertakizun tragiko horrek atzean gordetzen duen misterioaz gain, egunerokotasunean aurki ditzakegun misterio txikiagoak ere ageri dira». Izan daitezke atzean «zerbait gordetzen duten» elkarrizketak edota pertsonaien izaera bitxiak. «Interesgarria iruditzen zitzaidan ezaugarri horiek zituen istorio bat idaztea».
Naturaz gaindiko elementuak ere txertatu ditu idazleak, misterioa «puzten» dutenak. Arrazoia azaldu du: «Herrian badago halako istorio edo mito antzeko bat, eta, azalean ikusten denez, hor sartzen da naturaz gaindiko puntu hori. Badu bere garrantzia eta presentzia».
Irakurleari aktiboki parte hartzeko proposamena egiten dio Agirrezabalak, eta, beraz, zabalik utzi ditu istorioaren eta tramaren bidea segitzeko aukerak. Interpretatu, hausnartu, erabaki eta jolastu egin beharko du irakurleak ere; ikerketa lanaren parte izango da.
Nola heldu argitaratzera
Agirrezabalaren estreinako liburua da Etxe Berdeak. Biologia ikasketak egin zituen EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta, egun, irakasle izateko prestatzen ari da. Hain zuzen, unibertsitate garaian bildu zen literatur mundura. «Bilbon ikasi nuen, eta orduan apartatu nintzen nire herri ingurutik, haurtzaroan gordetzen diren paisaia horietatik. Pandemia garaian herrira itzuli nintzenean, indartu egin ziren oraindik irauten duten loturak. Hor hasi nintzen idazten, pixkanaka», azaldu du. Ez zion asmo jakin batekin ekin idazte eta sortze prozesuari, eta nora iritsiko zen «oso ondo jakin gabe» abiatu zen. Baina bilatu zuen bidea, «baita bukaera bat ere».
Bitxia izan zen, halaber, testua liburu nola bihurtu zen. Agirrezabalak esplikatu du Razkinen txio bat ikusi zuela, non adierazten zuen euskal nobela beltza nahi zuela. Lagun batek bultzatuta, harekin harremanetan jarri zen idazlea, eta Twitterrek egin zuen bere magia: «Aste gutxitara erantzun zidan gustatu zitzaiola, eta lanean hasteko prest banengoen aterako zela zerbait txukuna». Prest eta gogoz hartu zuen erronka Agirrezabalak, eta kalean da emaitza. Egindakoarekin «gustura» daude biak.
Irakurleak osatzeko puzzlea
Andoni Agirrezabalak bere lehen eleberria idatzi du: 'Etxe Berdea'. Gertakizun tragiko bat da istorioaren ardatza, eta herriko aguazilaren ikerketa lana liburuaren oinarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu