Pragako Macha aintziran goizeko ordu txikietan mozkor bat ito dela eta, erreskate taldeko urpekariak ur ilun eta hotzetan sartu dira gorpua bilatzeko asmoarekin. Baina ur lohitsu horietan oso bestelako gorpu bat aurkituko dute: begi zuloak husturik eta hankak zementuzko bloke bati lotuak dituen neska gazte baten gorpua. Joseba Lozanoren Argiaren erreinua lehen eleberriak misterioz jositako polizia ikerketarekin hasten du galdera ikurrez eta abenturaz beteriko istorioa.
Euskal literaturan gutxi landu den liburu mota da Argiaren erreinua, Lozanok dioenez. «Hasieratik bestelako liburu bat idatzi nahi nuen, niri irakurtzea gustatuko litzaidakeen liburua, alegia. Nobela honetan ez dago ez ariketa estilistikorik, ez salaketa sozialik, ezta pertsonaien azterketa psikologiko sakonik ere. Abenturaz eta misterioz betetako istorioa topatuko dute irakurleek. Hain zuzen ere, irakurleak harrapatzeko idatzi dut nobela hau».
Euskal literaturan hutsune bat dago, Lozanoren iritziz, eta gabezia hori betetzeko saioa egin du bere lehen nobelarekin. «Azkenaldian ideia bat izan dut buruan etengabe bueltaka. Zer daukate liburu batzuek arrakasta izateko?». Formula magikorik ez dagoen arren, Lozanok aurkitu ditu oinarrizko elementuak: «Liburu bat arrakastatsua izan dadin, lehenik istorio on bat aurkitu behar da, eta ondoren istorio hori modu eraginkorrean garatu behar da. Bi baldintza horiek betetzen badira, agian, eta bakarrik agian, liburu horrek arrakasta izan dezake eta ale asko saldu, milaka, eta baita milioika ere».
Lozanoren ustez, euskal literaturak nobela gutxi saldu ditu halako arrakastarekin. «Euskaraz oso gutxi irakurtzen da. Euskaldunek asko irakurtzen dute, baina gaztelaniaz. Kezkagarria iruditzen zait euskarazko libururik arrakastatsuenek ere lortzen duten tirada eskasa».
Ezeren gainetik, istorioa
Nobela honetan «idazkera istorioaren aginduetara dago erabat», Lozanoren beraren hitzetan. «Oso azkar doan kontaketa bat egiten saiatu naiz». Idazkera garbiari eta estilo nahasketari esker irakurleak erakarriko dituela espero du. «Sekulako beldurra ematen dit best seller hitzak, hori esanda asko saldu behar duzula ematen duelako. Baina egia da best sellerren moduan egituratua dagoela nobela. Azken urteetan best seller-en inguruko ikerketak egin ditut, eta irakurleak harrapatzen dituzten elementuak zeintzuk diren aurkitzen saiatu naiz. Magia hori lortzea ez da batere erraza, baina idazle batzuek aurkitu dute, eta hori gutxitan lortu da euskal literaturan. Aitortu behar dut liburu hau irakurleak hasieratik amaitu arte aulkiari itsatsita gelditzeko sortua izan dela».
Irakurleak harrapatzea helburu
Pragan girotutako hilketa misteriotsu batzuek osatzen dute Joseba Lozanoren lehen nobela: 'Argiaren erreinua'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu