Irakurleak behar dituzte

Euskal komikiak azken lau hamarkadetan izan duen garapena bildu dute 'Euskal komikia. 1975-2017' erakusketan. Hilaren 28ra bitarte izango da ikusgai, Bilbon

35 paneletan bildu dute azken 40 urteetako euskal komikien historia, eta ale originalak ere jarri dituzte ikusgai egokitutako bitrinetan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2017ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Anaitasuna aldizkariaren 331. zenbakiaren azalean, pankarta bati eusten dioten herritarren irudia: 197(4+3) autonomi urte zoriontsua. Sinaduran: Antton Olariaga. Urte hartan asmatuko zuen Olariagak Zakilixut pertsonaia, Egin egunkaria sortu zenean. Gaur iritsi den bidearen lehen urratsak izan ziren. «Euskal komikigintzaren eztanda bat izan zen 1970eko hamarkadaren bukaeran». Franco hil eta gero, Euskal Herrian argitalpen berriak agertu zirela azaldu du Mikel Begoña gidoilariak, eta abagune horretan indartu zela euskal komikigintza ere. Horregatik du abiapuntu hori Begoñak Kike Infamerekin batera osatu duen Euskal Komikia. 1975-2017 erakusketak. Azken 42 urteetako bilakaera aztertu dute bilduman, eta Bilboko Foru Liburutegian jarri, urriaren 28ra bitarte.

Azken lau hamarkadetan euskal komikigintzak emandako uztaren erakusleiho bat da erakusketa. Badago-eta zer irakurri, Begoñaren hitzetan. «Komikigintza irakurleen artean zabaltzea besterik ez da falta, produktua egon badagoelako, eta kalitate onekoa, gainera». 1970eko hamarkadara jo dute horretarako, orduan azaldu baitzen lehen aldiz euskarazko komiki hitza bederatzigarren arte gisa deitutakoa izendatzeko, Anaitasuna aldizkarian, komigile belaunaldi berri bat agertzen ari zen garai berean; tartean ziren Olariaga, Juan Carlos Eguillor eta Jon Zabaleta.

Abagune horretan sortu ziren Kili Kili eta Ipurbeltz aldizkariak, haur eta gazteen artean euskara bultzatzea helburu zutenak. Ipurbeltz izan zen euskara batua erabili zuen lehen komikia, eta ibilbide oparoenetakoa izan dutenen zerrendan dago, 362 zenbaki argitaratu baitzituen, 2008ra bitarte. Gerora etorri ziren Gomikia, Ikusager eta Habeko Mik ere. «Franco hil eta gero, Zentsura Legea bertan behera gelditu zenean, mugimendu handia izan zen Hego Euskal Herrian».

Bada, 70eko hamarkadaren bukaerako errealitatetik abiatuta, kronologikoki antolatu dituzte komikigintzak izandako urratsak, azalpen eta irudiak dituzten 35 paneletan. Bitrinetan, berriz, jatorrizko argitalpenak jarri dituzte. Hamarkadaz hamarkada eta binetaz bineta azaldu dute garapena: 1980ko hamarkadan argitaratutako Gabai eta Amaia. Euskaldunak VIII. mendean bilduma historikoetatik hasi, eta gaur egun argitaratzen jarraitzen den Tmeo aldizkariraino.

Testuinguruari lotuta

Euskal Herriko egoera politiko eta sozialaren isla izan da euskal komikigintza. Horren adibide da 1988an Patxi Huarte Zaldieroak eta Asisko Urmenetak martxan jarritako Naparheid fanzinea. Vascuenceren Legearen aurkako mobilizazio batean argitaratu zuten aldizkariaren lehen zenbakia, eta ildo horretatik tiraka aritu ziren 2000. urtera bitarte.

Saretze bat izan zen egitasmoa, Begoñaren esanetan. «Belaunaldi berri bat elkartu zen, eta Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko egileak elkartu zituen». 1990ean, izen bereko diskoa kaleratu zuen Negu Gorriak musika taldeak, eta are ezagunagoa egin zen Napartheid fanzinea. Ez zen izan musikak eta komikigintzak bat egin zuten garai bakarra, hainbat taldek komikiak jarri baitzituzten beren diskoen azaletan 1990eko hamarkadan; La Polla Records taldearen No somos nada eta Hertzainak musika taldearen lehen diskoetan, kasurako.

Baina musika ez da izan komikigintzari lotu zaion esparru bakarra, Begoñaren hitzetan. «Azken urteetan, Xabiroi aldizkaria izan da euskaraz egindako komikia gehien sustatu duen egitasmoa». 2005ean sortu zen, eta Euskal Herriko idazle eta marrazkilariak elkartzen ditu hiru hilerik behin argitaratzen duen aldizkarian: Pako Aristi, Harkaitz Cano, Iban Zaldua, Eider Rodrigez, Marc Armspach Marko eta Rakel Alzate, esaterako. «Xabiroi mugarria izan da euskal komikigintzan, eta emakumeen presentzia ere nabarmena da egitasmoan».

1975etik orain arte, nabarmena izan da andrek euskal komikigintzan izan duten garrantzia, Begoñaren arabera: Mertxe Ezeiza, Aizpea Goenaga, Ainara Azpiazu Axpi, Anparo Akarregi eta Asun Balzola aipatu ditu, askoren artean. «Baltzola da gaur egun dauden ilustratzaileen artean garrantzitsuenetakoa».

Eremu prekarioa

Euskal komikigintza prekarioa izan da, eta oraindik ere bada. Hala dio Begoñak. «Komikigintzatik bizi direnek Euskal Herritik kanpo egiten dute lan: Angel Unzueta, adibidez, AEBetako argitaletxe batean dago, eta Mikel Janin ere berdin. Juan Luis Landa marrazkilaria ere Frantziako serie batean ari da lanean, eta sekulako arrakasta du han, gainera». Bertakoa indartzeko irakurle taldea areagotu behar dela dio, eta, horretarako, ezinbestekoa dela dauden produktuak ezagutzea. Horretan lagundu nahi du erakusketak. Bilbon izan ostean, leku gehiagotan ikusgai jartzea da asmoa. Bien bitartean, euskal komikigintza ezagutzera emateko hainbat solasaldi egingo dituzte. Ilustrazioei buruz arituko da Amaia Ballesteros urriaren 25ean, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.