Bizipox zahar etxean, mahaiaren bueltan eserita daude Kontxi, Rosita, Arantza, Karmen, Jesus, Joxeinazio, eta Gergori eta Gorgori anaia bikiak. Javiertxok eman dio hasiera bilkurari, berak gidatzen baitu irakurle taldea. Errauskine izan dute irakurgai, eta hari buruz hizketan hasi dira, baina segituan joan dira hizketagaiak ugaritzen, denetariko komentarioak kateatzen, gogoetak eta eztabaidagaiak anizten. Solasaldi horiek dira Bizipox eleberriaren ardatza, Karlos Linazasorok umore tonu desberdinak baliatuz idatzi eta Elkar argitaletxeak plazaratu berri duena.
Nobela laburra da Linazasororen azkena. «Liburua ez da nobela batera iristen, ipuin luze bat da, edo akaso gehiago ikusten dut antzerki baten hezurdura edo gidoia bezala; aproposa ikusten dut antzerki bat osatzeko, dena espazio oso itxi batean gertatzen baita», azaldu du egileak. Egoitzako adinekoak dira protagonistak, irakurle kluba osatzeko bildu direnak. «Oso klub berezia da, bertan bizi diren zaharrak ere oso bereziak direlako. Kontua da badaramatela bolada bat nahiko triste, eta Javiertxori esan diote zaharrei alaitasun pixka bat emateko». Hala, «terapia bat» antolatuko du gidariak. Hortik aurrera gertatzen direnei buruz, baina, ezin duela askoz gehiago aurreratu adierazi du Linazasorok, istorioa «sorpresaz beteta» baitago. Baina eman du zantzuren bat. «Liburuan ezer ez da dirudiena; ezin ditut sorpresa horiek kontatu, baina gauza batek itxura bat izan dezake eta gero justu beste gauza bat izan daiteke». Istorioaren bukaeran ere bada ezusterik, iragarri duenez. «Normalean bukaera ireki bat uztea gustatzen zait, baina hemen borobildu egiten da».
Terapiak aurrera egin ahala, elkarrizketek txirikordatzen jarraituko dute. «Liburua oso arin irakurtzen da, zeren dena elkarrizketa luze bat da, denek hitz egiten dute batera...». Linazasorok zehaztu du protagonistek «topikoez, leku komunez» sarri hitz egiten dutela elkarren artean, «baina lekuz kanpo bezala, zentzurik ez duten gauzak esaten dituzte. Hori egitea gustatzen zait. Normalean ez dut asko disfrutatzen liburuak idaztean, baina honekin irri txiki batzuk egin ditut».
Izan ere, umorea da liburuaren osagai nagusietako bat, eta, alde horretatik, «gaizto xamarra» ere badela iritzi dio. «Liburu oso hiperboliko bat da, eta niri hala gustatzen zait; umore beltz asko du, eta dena da esajeratua, absurdoa, sorpresaz betea, bizi-bizia, karikaturara jotzen duena». Adibiderako, aipatu du erreferentzia oker ugari egiten dituztela pertsonaiek liburu baten edo bestearen inguruan, edo asmatutako hitzak ere botatzen dituztela.
Baina narrazioak azpitik «irakurketa sotilago bat» ere baduela uste du idazleak, eta hondo horretan bere betiko kezkak agertzen direla zehaztu du. «Gauza umoretsuen tartean, edo horiekin batera, zaharrek ere egiten dituzte gogoeta serioagoak eta sakonagoak: asko hitz egiten dute heriotzaz, zahartzaroak dakartzan ajeez, denbora nola badoan... Nik erabiltzen dut sotiltasun edo ironia hori gustatzen ez zaizkidan zenbait gauza kritikatzeko». Horrela, umore kolpe artean, zaharrek hitz egingo dute hala AEBetako arma salerosketaz nola etorkinei ematen zaien tratuaz, kritikari ere lekua eginez. «Sotilki, ironiaz, umorez hitz egiten da horiei buruz ere».
Hariari tiraka idatzi ordez, idazleak adierazi du oraingoan bere zeregina gehiago izan dela«kentzea eta kimatzea».
Idazle ugari bakar batean
Bere ibilbideari eta obrari erreparatuta, Linazasororengan «dozena erdi bat idazle» ere egon daitezkeela adierazi du, umorez, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak. «Obra oparoa du, estilo eta genero diferenteetakoa, eta genero horietako bakoitzean badago jarraipen bat: badago ipuin laburren eta mikroistorioen idazle bat aldiro liburu berri bat ateratzen duena; badago poeta bat bere obra poetikoa etengabe aberasten ari dena; badago aforismoen idazle bat; badago antzerki absurdoaren idazle bat... Generoka bereizten hasiz gero, sei bat idazle-edo aterako ziren, eta horietako bat da nobela labur, umoretsu, absurdo, alai, ganberro, ikonoklasta... halakoen idazle bat».
Ildo horretako lanen serie bat egina duela dagoeneko, eta liburu batzuetan aurrekoei egindako «keinu edo erreferentzia gurutzatuak» ere agertu izan direla ekarri du gogora. Bide beretik, Linazasororen umore beltzerako joera eta abilezia nabarmendu ditu Mendigurenek, adibidetzat jarriz Bizipox zahar egoitzaren aldamenean dagoen beilatokiak Bertan goxo izena duela —hain zuzen ere, izen bereko eleberri umoretsua ondu zuen orain hamar urte idazleak, beilatoki haren inaugurazio festa oinarri zuena—.
Editorearen ustez, umore horri beltz, absurdo edo beste adjektibo batzuk jar dakizkioke: «Esango nuke umorearen paletan tonu eta kolore gama diferenteak eskaintzen dizkigula Karlosek».
Irakurle klubeko terapia saioa
'Bizipox' eleberri laburra plazaratu du Karlos Linazasorok. Zahar etxe batean bizi diren adineko lagun batzuen arteko elkarrizketak dira kontakizunaren ardatza, umore tonu ezberdinez bustiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu