Irakurketa feministak 'Bertsolari' aldizkariaren azken zenbakian

2019ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
«Ez argazki, ez portada; ez gara pasa nola ba liburu potolotara. Ikusezinak bilakatuak badatoz ale hontara. Historia denona da, ez gara azken bolada; beti hemen egon gara». Horrela laburbildu du, bertsotan, Malen Amenabar Txakur Gorria taldeko kideak Bertsolari aldizkariaren udako alea: Bertsolaritzaren genealogia feministak berrogeiko txikian. Kolektibo horrek egin du aldizkariaren azala, barruko edukia laburbiltzen duena. Emakumea da Bertsolari-ren 114. zenbakiaren oinarria.

Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak oholtza gainean bertsotan aritzen diren hamabost emakumeren lekukotzak jaso ditu Kontrako eztarritik liburuan, eta Sustrai Colinak liburuak sortu dizkion gogoetak kontatu dizkie irakurleei. Bestalde, Eider Rodriguez idazleak Maialen Lujanbio elkarrizketatu du. Aldizkariaren arduradunek ohar batean adierazi dutenez, «ezin da emakumeak bertsolaritzaren historian izan duen eta izan ez duen tokiaz mintzo Lujanbio aipatu gabe». Bestetik, Onintza Enbeitak bere bizipenez idatzi du.

Bertsolaritza, umorea eta generoa uztartzen dituzten bi lan egin ditu Ane Labaka bertsolariak: Bertsolaritzan garatutako umorea(k), genero ikuspegitik eta2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko umorea aztergai, genero-ikuspegitik. Iraitz Mateo bertsolariak elkarrizketa egin dio, eta Aroa Arrizubietak bertso jarriak ipini ditu.

Miren Amuriza bertsolariak hiru lagun bildu ditu mahai inguru batean, emakume bertsolariek bizi dituzten konplexutasunak eta bertsolaritza garaikidea mintzagai: Jone Miren Hernandez antropologoa, Iratxe Retolaza literatur kritikaria eta Oihana Iguaran bertsolari eta ikerlaria. Era berean, Antxoka Agirre EHUko irakasle eta aldizkariko kideak «ezezagunak ziren kontuez eta izenez» hausnartu du, irakasleak berak idatzitako doktoretza tesian oinarrituta: Bertsolaritzaren presentzia mediatikoaren eta eragiletzaren historia (1823-2018).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.