Enrique Villarreal 'El Drogas'. Txarrena taldeko kantaria

«Irakurketa eta lagunak dira nire babeslekuak»

Barricadako buru denak Txarrena egitasmoa berpiztu du ia 20 urte geroago, eta 'Azulejo frío' lana kaleratuko du otsailaren 8an.

gorka erostarbe leunda
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Ez da geldirik egoteko sortua Enrique Villarreal El Drogas (Iruñea, 1959). «Burua eta bihotza bizirik ditudala sentitzea beharrezkoa dut». Barricadarenegitasmoa aldi baterako alboratu eta berak sorturiko kantu berriei irteera emateko, ia 20 urtean geldirik egon den Txarrena egitasmoa berpiztu du. 1992an taldearen izen bereko diskoa argitaratu zuen. Orain, Brigi Duque (bateria), Eugenio Aristu (baxua) eta Txus Maravirekin (gitarra) batu da lan berri bat argitaratzeko—lehena Komako kantaria da eta beste biak La Lengua de Trapoko kideak—. Hilaren 8an argitaratuko da Azulejo frío izeneko lana (Maldito Records).

Jendea ia ez zen oroitu ere egiten Txarrena egitasmoarekin. Zerk bultzatu zaitu berriro talde hori osatzera, ia 18 urte geroago?

Hain zuzen ere horregatik, gogorarazteko egon badagoela [barreak]. Batez ere, erosotasun kontu batek eraman nau Txarrena berpiztera. Banituen kantu berri batzuk, eta nagitasuna ematen zidan izen berri bat asmatzen hasteak. Txarrena nolabait osatuta zegoen, eta aukera eman zidan kantuak hartu, lokalera joan eta han, lauron artean, suntsitu eta birsortzeko. Eta, hortik aurrera, zuzenekoak emateko prestatu. Horrek erakartzen gaitu gehien.

Nondik dator Txarrena izena? Ezertan sentitzen zara txarrena edo izan nahi zenuke txarrena?

Ez, ez. Izorratzearren da, besterik gabe. Ez naiz pertsona txarra, eta gainera hiru pertsona hoberekin elkartu naiz, baina, zerbaiten aurka agertzeko hatz luzea erakusten den bezala, neronek Txarrena jarri nion egitasmoari. Fonetikoki gustatzen zait, eta esanahia zoragarria iruditzen zait.

Azulejo frío lan berriak badu zurekin ezinbestean lotzen den rock kaletarraren ezaugarririk; baina, badu ñabardura berririk ere, adibidez gitarretan. Zenbateraino arduratu zaitu soinuak, formak?

Garrantzitsua da niretzat, eta horrexegatik aukeratu ditut taldean dauden musikariak. Txus gitarra jotzailea ez nuen ezagutzen. Ikusi nuenean harrituta utzi ninduen. Gitarra oso modu berezian jotzen du. Lehen entsegutik ikusi nuen ez nenbilela oker. Berak eman dio berezitasun hori. Ez du egin nik esandakorik, berari atera zaio.

Rock kaletar horretan eroso zaude.

Bai, oro har eroso nago farandula-ren mundu honetan. Baina musika joera batzuk besteak baino gustukoagoak ditut. Eta horretan bai nabaritzen da hori...

Zer? Oso kalekoa zarela?

Tira... orain ez hainbeste, ez naiz -eta hainbeste ibiltzen kalean. Baina neure izateko era nahiko ondo definitzen duen soinu bat dauka lan honek.

Gauaren poetika bat ez al du lan berriak?

Bai, eta horretan lotura handia dauka Txarrenaren lehen lanarekin. Txarrenan gaua azaltzen da bizi egoera praktiko modura. Eta kasu honetan, zehazki, gaua azaltzen da insomnioa biltzeko ezinbesteko elementu bezala, gauza errealen eta irrealen arteko muga lausotzen den eremu horretara eramateko. Sortzerakoan ezinbestekoa da niretzat eremu hori, bai musika konposatzeko eta baita idazteko ere.

Azulejo frío (Azuleju hotza) irudiak hoztasuna, ausentzia ekartzen du gogora.

Niri gogora ekartzen dizkit 80ko hamarkadan nire jendearekin bizi izan nituen lekuak, eta txoko horiek beroiek gaur egun nola dauden...

Eta nola daude?

Oso desberdin. Ez da geratzen ia arrastorik ere garai hartatik...

Nostalgiaz gogoratzen dituzu leku eta garai haiek?

Bai, izan liteke, baina modu berezi batean. Hau da, nostalgia hori ez bilatzearen nostalgia, izatekotan ere. Iraganeko edozein garai hobea izan zela dioen esaldiarekin ez nago ados. Garai haiek desberdinak izan ziren. Ez dut faltan sentitzen iraganekoa, baina era berean, garai hark nola markatu ninduen ikusteak gustura sentiarazten nau.

Kantu batean hitz egiten duzu bizitza dantzarik ederrena bezala bizi izan zuten pertsonaia haietaz.

Niretzat ezinbestekoa da aitortzea 80ko hamarkada garrantzitsua izan zela sorkuntzarako, baina ez bakarrik musika sorkuntzarako, baizik eta irrati piratak, fanzineak eta abar sortzeko. Filosofia gautarra inportantea izan zen gauzak sortzeko, egun bakoitza azkena balitz bezala bizi genuelako. Baina bidean lagunak galdu ditugu, eta euren gertukoenek ziur aski ez dute nik dudan bezain ikuspegi erromantikoa izango.

Gaur egunera jauzi eginez. Zerk ematen dizu atentzioa? Zerk bultzatzen zaitu kantu berriak sortzera?

Gauza askok ematen didate atentzioa. Adibidez, oraindik ere Gobernuek nola zigortzen eta umiliatzen dituzten gazte asko eta asko. Deigarri egiten zait, oraindik ere, nola uzten dugun ikus-entzunezko eta prentsako enpresek gure burua jan dezaten. Ia egunkaririk ez dut irakurtzen, eta telebista ez da existitzen niretzat. Irratia entzuten dut, baina ezta konbentzimendu handiz ere. Beraz, irakurketa eta lagunak dira nire babeslekuak. Horiek, eta neronen sorkuntza: idazten dudana eta konposatzen dudana.

Eta zein harreman duzu Internetekin?

Hori izango da etxetik kenduko dudan hurrengo gauza. Iruditzen zait hedabide masifikatuek gauza interesgarrienak estali egiten dituztela halako zabor pila biltzearen ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.