'Zizare ia-ia hegalaria'
Idazlea: Iñigo Astiz. Ilustratzailea: Mikel Valverde. Argitaletxea: Elkar.
Iñigo Astizek haur literaturari eskaintzen dion laugarren liburua da Zizare ia-ia hegalaria eta beste ia-ia fabula batzuk. Eta ematen du ibilbide literario jakin bat egiten ari dela, obra guztia besarkatzen duen asmo komun batekin. Beharrezkoa dirudi aurrekariak ezagutzea.
Ibilbidea hasi zuen Joemak eta polasak (Elkar, 2019) poesia liburuarekin, goia joz, bide batez esanda, Euskadi saria lortu baitzuen berarekin. Ezohiko obra izateak eta hitz neurtuan aritzeko gaitasunak eragingo zuen epaimahaikideen iritzian, baina, dudarik gabe, testu guztiei darien umore bihurria gakoa izan zen.
Hurrengo urtean Ikaselkarren Kuku egitasmoan bere segidako ekarpena ezagutu genuen Haserrea album ilustratuaren bidez. Generoa aldatuta (lehena poesia, oraingoa albuma), eta gidoia bihurria, berriz ere. Bi ezaugarri ezohikorekin gainera, bata kontakizunaren erdian heroia aldatzea, bestea heriotzarekin amaitzea. Eta beragan jarri genuen begirada berriz ere, gure sortzaileen panoraman halakorik ez duelako ia inork egin. Jokaldi ausarta, akaso harrera aldetik hainbesteko arrakasta ez duena eduki, bitartekariak gozotik ohituago gaudelako pikantetik baino, haurrak traumatizatuko diren beldurrez-edo.
Aurrekariak amaitzeko, 2022an kaleratu zuen Kixkur: Pinttoren arreba (Elkar, 2022). Oraingoan ere generoa aldatuta etorri zitzaigun, narrazio ilustratu batekin, estetikoki Atxagaren Xola eta Banbulo gogora ekarri zizkiguna, ilustratzaileagatik ziurrenik, horietan eta hartan Mikel Valverdek hartu zuelako ardura hori. Gidoian Astizen jarrera zirikatzailea mantentzen da, nahiz eta tonu apalagoa erakutsi duen, homogeneoago gainerako idazleekin, dena esatera. Hala ere, originaltasuna ezin zaio ukatu, egiten duen abestiko Pinttoren erabilera, funtsean, ideia ganberro baten garapena delako. Apalkiago, bai, baina esentziari traizio egin gabe.
Iritsi gara, beraz, Zizare ia-ia hegalaria liburuaren zertzelada batzuk emateko unera, aurreko hirurak gogoan hartuta. Lehenik esan behar hiru ipuin biltzen dituen narrazio orokor batekin egituratu duela. Fabula izaera aldarrikatzen die izenburuan, eta arrazoi duela dirudi, animaliekin garatutako istorioak direlako, irakaspena helburu garbia izan gabe ere, irakaspena badutenak.
Oro har testu arinagoa da, aurrekoekin alderatuta dentsitate gutxiagokoa, formatuagatik edo. Testu dibertigarriak diren arren, eta hori ez da gutxi, umoreak eta jarrerak apaltzera egin du beste behin, eta inpresioa eman dit itzaltzen ari dela hasierako grina, estrategiagatik (autozentsura), ala naturalki (eboluzioa), batek daki.
Inor gutxik du idazlearen asmoen berri —nik ez—, baina orain arteko bere obran gakoa izan da umorearekin duen atxikimendua, gidoi eszentrikoak egiteko joera eta aldiko genero literario desberdin batekin aritzeko ausardia. Ikusiko dugu hurrengoan zerekin agertzen zaigun.