Idazlea: Anna Gavalda.
Itzultzailea: Jon Muñoz.
Argitaletxea: Alberdania.
Sormen literaturan, narratiboaz ari naiz, badaude irakurketa bakarreko liburuak; ez dute zertan txarrak izan, baina irakurketa bakarrekoak dira; zentzu bikoitzean, betiere: lehen irakurraldian euren mami osoa ematen dizutenak, eta bigarren irakurketarik eskaintzen ez dutenak. Baina hizkuntza bateko sistema literarioaren osasun-maila ematen dute horrelakoek: zenbat eta gehiago argitaratu, merkatura heldu eta irakurri, neurri horretan erran dezakegu sistema horrek ur gainean igeri egiten hasi behintzat egin duela.
Badaude, gero, bi irakurralditako liburuak; lehenbizikoan irentsi ezinak izan gabe ere nondik heldu aurkitzen ez diezun liburuak batetik, eta bertzetik lehen irakurraldian zerbait kitzikagarri aurkitu duzulakoan zaudela baina inpresioa duzu, aldi berean, ez diozula ongi xurgatu mami hori; bigarren irakurraldia, kasurik onenean, bigarren irakurketa bihurtzen zaizu, baina aski duzu horrekin.
Eta badaude irakurketa anitzetako liburuak, zeinei irakurraldi bakoitzean irakurketa desberdinak egiten dizkiezun. Horiek neurtzen dute hizkuntza bateko literaturaren kalitate-maila, nahiz eta ez, ordea, berez, hizkuntza horretako sistema literarioaren osasuna.
Nago, euskarazko literaturan, hirugarren motako liburu-katalogo interesgarria dugula, gure neurrian betiere: frogatu dutenak euskaraz ere literatura ederra egin daitekeela, bai jatorrizko testuetan, bai itzulpenetan. Alta, orain gutxi arte ez da sartzen hasi gure sistema literarioa —erran nahi baita, egile/itzultzaileengandik hasi, argitaletxe eta banatzaileetatik segi, eta merkatura/irakurleengana heldu arte— lehen motako liburuetan, irakurraldi eta irakurketa bakarrekoetan, irakurri eta bota egiteko horietan. Alberdania, Elkar, Denonartean berria… hasi dira hari horretatik tiraka, eta behin-behineko emaitzak ezagutu gabe ere —nik neuk ez, behintzat—, horretan ausartu izana ez da seinale txarra.
Gaur komentatzera natorren liburuak, Anna Gavaldaren Ihesaldi politta eleberri laburrak alegia, eraman nau horrelako gogoetetara. Argi eta garbi, lehen mota horretakoa ikusten dut: irakurraldi eta irakurketa bakarrekoa. Ez du eskatzen bigarren aukerarik, ezpada ariketa literario gisa, estilo arin batean idazten ikasteko tailer gisa. Mamia, izan ere, hutsaren hurrengoa da: heldu batzuek egindako haur bihurrikeria baten kontaketa, batere garrantzigabea, irakurlea ez hotz ez bero uzten duena, deus ere berezirik erraten ez diguna. Baina arin-arin leitzeko, eta bidenabar egilearen oihartzun mediatikoa dela medio, irakurlearen arreta mantentzeko gai dena, badaezpada ere. Ezustekorik gabe, dibertimendu hutsa, ihesbide-literatura deituriko horretakoa —tituluak berak ideia-asoziazio hori sortzen du erraz—, estilo atsegin eta politean idatzirik, hori bai. Nahikoa, jakina, irakurle dezente askoren gustu literarioarentzako, inolako zentzu peioratiborik gabe erranik: noizean behin ez zaigu inori gaizki etortzen horrelako literaturari ematea, areago idazle sena mantentzen badu egileak, nahiz eta, kasu honetan bezala ene aho-sabairako, ezti-jario samar eta melenga suertatu narrazioaren planteamendua eta bertan egurasten diren sentimendu onak, familia-tribuaren barnean ustezko bihurrikeriaren erdian; nahiz eta narrazio polita, polit hutsa, politegia izan.
Gavaldarena baino estilo baldarragoan errateko: ongi etorri euskarazko unibertso literariora horrelako produktuak, nekerik hartu gabe leitzeko modukoak, ea irakurlegoa zabaltzen den, ea ur gainean bere kabuz sendoago igeri egiten duen euskal sistema literario honek.
Literatura. 'IHESALDI POLITTA'
Irakurketa bakarrekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu