Irakaspenez betetako maletak

Tanttaka Teatroak 'Ameriketako bidaia' emango du gaur, Galdakaon. AEBetara doazen bi neraberen istorio baten bidez, immigrazioa, aurreiritziak eta beste hainbat gai lantzen dituzte

Nerea Mazo eta Miren Arrieta aktoreek jokatzen dituzte antzezlaneko bi protagonisten rolak, baina baita bigarren mailako pertsonaienak ere. MIKEL BLASCO / TANTTAKA.
Ainhoa Sarasola.
2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Maleta bete ilusio abiatu da Jone; gogo txarrez, gurasoek behartuta, berriz, Maria. Bi neska gazteek AEBak dituzte helmuga, eta oso modu desberdinean irudikatzen dute urtebetez hartuko dituen herrialdea. Joneren ilusioak bat-batean zapuztuko dira, ordea, eta Mariaren usteak ere lausotuz joango dira apurka-apurka. Bi nerabeen istorioa oholtza gainera eraman du Tanttaka Teatroak, Ameriketako bidaia antzezlanaren bidez, eta, haien bitartez, baita immigrazioaren auzia, aurreiritzien eragina eta beste hainbat gai ere. Miren Arrietak (Maria) eta Nerea Mazok (Jone) gorpuzten dituzte pertsonaiak, Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean. Antzezlana Galdakaon (Bizkaia) ikusteko aukera izango da gaur iluntzean, eta beste udalerri batzuetara joango dira gero.

Bi protagonistek 16 urte dituzte, eta oso abiapuntu desberdinetatik ekingo diote bidaiari. «Maria gurasoek behartuta doa AEBetara, eta herrialde horri buruzko aurreiritzi batzuk ditu; beretzat yankilandia esango genukeena da, eta, beraz, nahiko urduri eta desmotibatuta doa», azaldu du Miren Arrietak bere pertsonaiaz. Dallasko aireportuan, Jone ezagutuko du, bere esperientzia bera bizitzera joandako beste neska gazte bat, eta Mariaren «justu kontrakoa» dena, aktorearen hitzetan. «Ilusio handia du; beretzat amets bat da AEBetara bizitzera joatea». Hala, hasieran «talka pixka bat» egingo duten arren, elkarri agindu diote aurrerantzean ere harremana izango dutela.

Baina Arrietak aurreratu du berehala ezusteko bat izango dutela: «Gaizki-ulertu batengatik, Jone paperik gabeko immigrantetzat hartuko dute, eta polizia etxe moduko batera eramango dute, deportatzeko asmoz». Horren berri izatean, Maria Jone laguntzen saiatuko da. «AEBetan pasatuko dituzten lehen egun horiek ez dira izango uste zuten bezalakoak, eta nolabaiteko ikasketa bat jasoko dute biek; zeuzkaten aurreiritziak aldatu egingo dira».

Bi gazteek aireportuan igaroko dituzten lehen egunak irudikatuko dituzte batez ere agertokian. Arrietak zehaztu du immigrazioaren auzia dela antzezlanaren ardatz nagusia. «Batez ere zentratzen gara AEBetara doazen immigrante latinoamerikarren bizitzan, pertsekuzioan, eta aipatzen dugu guk zer zorte dugun Europan bizitzeagatik. Baina betiere tonu umoretsu batean; obra oso familiarra da, ikusteko arina, eta jendea barre egitera etortzen da, baina badu mezu hori atzean».

Horrekin batera, hala ere, aurreiritzien gaiak ere badu bere pisua. «Beren abentura bukatzean, nire pertsonaia konturatzen da Ameriketan, toki guztietan bezala, denetarik dagoela, eta badela laguntzeko prest dagoen jende atsegina ere, ez dela soilik yankilandia-ren ideia hori. Era berean, Jone konturatzen da ez dela hain zoragarria, eta injustizia asko ere gertatzen direla herrialde horretan». Hala, bi nerabeek barne bidaia bat ere egingo dute, irakaspen ugari ekarriko dizkiena.

Antzezleak badaki zer den adin horrekin halako esperientzia bat bizitzea, 15 urterekin Nevadara (AEB) joan baitzen, DBHko 4. maila egitera. Alde horretatik, aitortu du orduko bizipenek lagundu diotela orain pertsonaien larruan sartzen. «Asko enpatizatu dut bi pertsonaiekin, nik ere nolabait bien aurreiritzien arteko nahasketa bat neukalako hara joan aurretik. Niretzat oso esperientzia indartsua izan zen, eta badira nire pertsonaiak esaten dituen esaldi asko nik garai hartan pentsatzen nituenak, eta pertsonaien hainbat ikasketa nik ere izan nituen han bizi izan nintzenean. Kuriosoa da [barrez]; nork esango zidan niri han nengoenean 2021ean antzezlan hau egiten ariko nintzela...».

Bi aktore, pertsonaia ugari

Aireportuan ez ezik, beste hainbat tokitan ere mugituko dira pertsonaiak. Izan ere, bi kubo handi ageri dira oholtzan, eta horietan proiektatuko diren irudien bidez irudikatuko dituzte aireportuko guneak, AEBen eta Mexikoren arteko muga, familiekin egiten dituzten bideo deiak, eta beste.

Kantuan eta dantzan ere aritzen dira aktoreak, eta, bi protagonisten rolak ez ezik, haien ibilbidean agertzen diren beste pertsonaienak ere jokatzen dituzte. Izan ere, Arrietak azaldu du protagonistak ez direla elkarrekin egongo, antzezlanaren hasieran eta amaieran izan ezik, eta, hala, bidean topatuko dituzten beste pertsonaiak ere gorpuzten dituztela. «Jone eta Maria gara, baina beste bost bat pertsonaia ditugu bakoitzak: Nereak nire Ameriketako amarena egiten du, eta nik bera deportatu nahi duen poliziarena... Hasieran erronka handia izan zen, oso dinamikoa delako, etengabe ari garelako pertsonaiaz aldatzen, ileordeak eta horrelakoak erabiltzen... Baina oso dibertigarria da; hainbat emanaldi egin ditugu jada, eta pila bat gozatzen ari gara».

Gozamen horretan, alboan dituen kideek zerikusi handia dute Arrietarentzat. Bai Gabilondorekin bai Mazorekin hainbatetan egin du lan aurrez; Soinujolearen semea filmean eta Utzi zure mezua seinalearen ondoren antzezlanean aritu zen lehenarekin, eta Go!azen telesailean ezagutu zuen bigarrena. «Orain arteko lanetan asko ikasi dut, eta asko disfrutatu. Kontziente naiz ogibide honetan oso zaila dela lan konstantea izatea, eta oso eskertuta nago orain arte lan egiteko aukera eman didan jende guztiarekin».

Obraren euskarazko eta gaztelerazko bertsioak ematen ari dira, nahiz eta, pertsonaiaren arabera, bietan tartekatzen dituzten ingelesezko zatiak. Euskaraz taularatuko dute obra gaur Galdakaon, eta datorren astean Donostian ere izango da ikusteko aukera. Hortik aurrera, Bilbora, Gasteizera, Basaurira, Balmasedara eta Zumaiara ere helduko da, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.