Laurogei urtek askorako eman dezakete, baita iraganaren gaineko perspektiba galtzeko ere. Hori gertatzeko arriskua ikusita, oroimena berreskuratzeko beharraz asko hitz egin da Euskal Herrian, erbestearekin lotura zuzena izan duen herrialdea izanik. Hala egin du Odiseak 1937-2017 ikuskizunak ere, iraganeko gertakari zehatz bat eta gaur egungo joera bat obra berean elkartuz. 1937an, Bilboko itsasadarretik atzerrira ihes egin behar izan zuten milaka haurrek, 1936ko gerrak eraginda, eta, egun, hego-mendebaldeko herrialdeetatik Europara igaro nahi dute miloika errefuxiatuk. Bi egoeren arteko antzekotasunak bistaratu nahi ditu obrak. Bihar taularatuko dute antzezlana lehen aldiz, Bilbon, Azkuna zentroko auditoriumean, 19:00etan, eta Gutun Zuria literatur jaialdiaren aurtengo aldiari hasiera emango dio.
«Antzekotasunak handiak dira», esan du obraren zuzendari Carlos Panerak, garai desberdinetako errefuxiatuen joan-etorriaren atzeko arrazoiei eta horiek pertsonari eragiten dioten moduari buruz: «Azken batean, gerrak eta gatazka armatuak gizarte zibilak jasaten ditu. Baldintzak ez dira berberak lehen eta orain, baina zure herrialdea utzi beharra, hiltzeko arriskua, une oro gainean duzun gerra bat... sentsazioa berbera da». Uste du paralelismo horren bidez errefuxiatuen gaia gizartearengana «hobeto eta garbiago» eraman daitekeela: «Gure arbasoengan pentsatzen badugu, orain dela 80 urte antzeko zerbait bizi behar izan zutela ondorioztatuko dugu».
Laurogei urte pasatu dira 1936ko gerratik ihesi zihoazen milaka haur garraiatzen zituzten itsasontziak Santurtziko (Bilbao) portutik abiatu zirenetik, eta Panerak urteurrena aprobetxatu du gaiari heltzeko. Antzerki obra bat baino gehiago, «ikuskizun berezi» gisa izendatu du lana. 50 pertsonak baino gehiagok parte hartzen dute antzerkia, ikus-entzunezkoak eta musika konbinatzen dituen lanean. Rafa Ruedaren esku egon da azken hori. Panerak berak idatzi zuen gidoia, baina haren euskarazko egokitzapena Miren Agur Meabe idazleak egin du. «Harentzat, beharrezkoa zen elkarrizketak idaztea eszenak egituratzeko. Beraz, nire lana hark emandako zirriborroak itzultzea eta janztea izan zen, tonua bateratzea, xehetasunez aberastu... nolabait esateko, estiloa ematea», zehaztu du Meabek. Obran Bilboko Jatorki eta Algortako Soinu (Bizkaia) abesbatzek kantatuko dituzten abestietako hiruren hitzak ere hark egin ditu.Ikuskizunaren gainerako faseak kanpotik ikusi ditu: «Ez dut izan entseguetara joaterik. Uste dut zoramena izan dela dena koordinatzea, parte hartzaile asko izan baitira. Estreinaldia sorpresa da neuretzat ere, eta jakinguraz nago; batez ere, eszenografia kontuak nola gauzatu dituzten ikusteko».
Bi garaitako testigantzak
Lau agerralditan banatuta dago obra, eta horietako bakoitzaren amaieran sartuko dira abesbatzak. Lau gutunen inguruan daude antolatuta agerraldiak; horietako bi Nassim izeneko gaur egungo errefuxiatu gazte batek bere gurasoei idatzitakoak dira, herrialdetik alde egin beharraz. «Testigantza erreal bat hartu, eta berregin egin dut», azaldu du Panerak. Nassimek bezala, bere herrialdea utzi beharko du Elik ere, Bilbo inguruan bizi den haurrak. Harenak dira obra harilkatzen duten beste bi gutunak. Lehenengoa frontean borrokan ari den bere aitari idatzia da, eta bigarrena, berriz, handik bost urtera idatzia, Leningradon (Sobietar Batasuna) erbesteratuta dagoela, Hitlerren tropek hiria hartzen dutenean.
Sobietar Batasunean babesa hartu zuten errefuxiatuen egoeraren adibidea hartu du Panerak gaur egungo errefuxiatuek izan ditzaketen bergizarteratze arazoak, esentzian, haiek izan zituztenen antzekoak direla azaltzeko: «Sobietar Batasunean errefuxiatu ziren haur horiek ezin izan ziren Espainiako estatura itzuli 1957ra arte, eta, iritsi zirenean, bergizarteratzeko arazoak izan zituzten. Hori dela eta, haietako batzuek berriz ere kanpora joan behar izan zuten».
Errefuxiatuen egoera gogorra dela-eta gizartean kontzientziazioa zabaltzea du helburu lanak, eta gizarteak horren inguruan hartu beharreko jarreren gainean hausnartzeko balio dezake. Alabaina, norberaren kontraesanak azaleratzea baino gehiago, «kontzientziak zirikatzea eta elkartasunerako dei egitea» lortu nahi da, Meabek dioenez.
Oso ikuskizun «berezia eta bakarra» da Odiseak 1937-2017, Paneraren arabera. Hori dela eta, Bilboko estreinaldiaren ostean antzezlanak izango duen ibilbideari buruz ez du zehaztapen handirik eman: «Edozein kasutan, momentu puntualen batean taularatuko dugu. Ezin da antzerki obra normal bat bezala hartu».
Irakasgai bera, lehen bezain baliagarria
1936ko gerragatik Bilbotik ihes egin behar izan zuten errefuxiatuak eta gaur egungoak istorio berean batu ditu 'Odiseak 1937-2017' ikuskizunak. Gaur aurkeztuko dute, Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu