Irak berria, baina ez hainbeste

Saddam Husseinek 35 urtez gidatutako herriak beste bide bat hartu zuen 2003an, AEBek inbaditu zutenean. Londresen ikusgai den erakusketak Irak berria erakutsi nahi du, baina iraganaren arrastoak ezkutatu gabe.

Jamal Penjwenyren Saddam is here serieko irudi bat. JAMAL PENJWENY /  RUYA FOUNDATION FOR CONTEMPORARY CULTURE IN IRAQ.
Londres
2014ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Welcome to Iraq irakurri, eta ezinbestean gerra irudiak datoz gogora. AEB Ameriketako Estatu Batuek 2003an herrialdea inbaditu zutenekoak, 2006an Saddam Hussein hil zutenekoak. Baina South London Galleryko erakusketan ez dago halakorik. Veneziako 55. Biurtekoan, iaz, herrialdeko pabiloian ikusi ahal izan zen erakusketaren zati bat dago erakusgai Londres hegoaldeko arte zentroan. «Ezagutzen ez dugun Irak dago ikusgai, Irak berri bat», adierazi zuen aurkezpenean komisarioak, Ikon Galleryko zuzendari Jonathan Watkinsek. Ruya Foundation for Contemporary Culture in Iraq-ek eskatuta antolatu du; 2012an sortu zen erakundea, herrialdeko kultura sustatzeko.

Iraken bizi eta lan egiten duten 11 artistaren lanak bildu dituzte Welcome to Iraq-en, estilo eta diziplina askotako piezak. Hala, Jamal Penjwenyren argazkiez, Abdul Raheem Yassir-en komiki politikoez, Bassim Al-Shaker-en, Cheeman Ismaeel-en eta Kadhim Nwir-en margolanez, Furat al Jamilen, WAMI bikotearen (Yaseen Wami, Hashim Taeeh) eta Akeel Khreef-en eskulturez, eta Ali Samiaaren eta Hareth Alhomaam-ren ikus-entzunezkoez goza daiteke, tea hartu eta pasta bereziak dastatu bitartean.Gerra irudirik ez dago, baina haren itzala handia da «semea babesteko» kalaxnikov bat erosi nahi dion aitari buruzko ikus-entzunezkoan, edo bonba baten erretratua margotzen ari den artistaren marrazkian. Saddam hil dela zalantzan jartzen duen artelanik ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.