Poesiaz jantziko da Lekeitio (Bizkaia) udazkenean, lehen aldiz. Irailekoak egitasmoarekin egingo dute hori, irailaren 30ean eta urriaren 1ean, «Euskaltzaindiak literaturari dion atxikimendua adierazteko». Bizkaiko kosta toki egokia dela iruditu zaie antolatzaileei, eta Lekeitio aukeratu dute poesiari lekua egiteko.
Lekeitioko Udalaren eta herriko beste eragile batzuen laguntza izan dute egitasmoa antolatzeko: besteak beste, Kitto merkatarien elkartea, Sociedad Recreativa eta Lekitto musika bandarena. Poesiari bere lekua eman nahi diote, eta Euskal Herri osoarentzako jaialdi bat antolatu. Gainera, Euskal Herrian antolatzen diren orotariko literatur jardunaldien egutegia osatu nahi du jaialdiak, eta, era berean, Euskal Herriko eta beste bazter batzuetako poeten lanei hauspoa eman, hala nola poesia katalan garaikideko ahots esanguratsuak ere gonbidatuz. Euskal poeten lana ezagutarazi nahi dute jaialdian , eta hitzaldien, irakurraldien eta errezitalen bidez egingo dute hori.
Poesiarekin batera, beste arte mota batzuk ere uztartuko dituzte; esaterako, musika eta artelanak. Egitarauaren xehetasun guztiak irailean emango dituen arren, Euskaltzaindiak jada jakinarazi du jaialdia zer-nolakoa izango den, oro har. Poesia bultzatzeko egingo diren ekintzen artean, askotariko egileen bertso lerroz jantzi dituzte jada Lekeitioko hormak eta erakusleihoak; besteak beste, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Bernardo Atxaga eta Itxaro Bordaren poesiak beteko ditu herriko kaleak. Gainera, Iraileko paperak izeneko aldizkaria argitaratuko dute, jaialdiaren lekukotza jasotzeko.