Irailean hasiko dituzte Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lanak

Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoen proiektuari eutsiko diote Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak, eta lanek iraun artean museoa zabalik egongo da

Bilboko Arte Ederren Museoko Patronatuko zuzendaritza, atzo, handitze lanak noiz hasiko diren iragartzeko prentsaurrekoan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Data jarri diote. Pandemiak eragindako trabak gorabehera, ia-ia puntual eutsiko diote Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak iazko uztailean Bilboko Arte Ederren Museoa zabaltzeko aurkeztutako proiektuari. Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoen Agravitas proiektuak 5.000 metro koadrotik gora gehituko dizkio museoari, eta, zehazki, irailaren 6tik aurrera hasiko dituzte lanak. Museoko patronatuaren urteko azken bilkuraren ostean eman dute albistea, patronatuko kide guztiak bertan zirela, eta, hain zuzen, erakundeek proiektu horrekiko duten konpromisoaren argazkia eman nahi izan dute irudi horrekin. Osasun krisi baten zeharkaldian egonik ere, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak ez baitute une batean ere mahai gainean izan proiektua atzeratzeko edo bertan behera uzteko aukera. «Ez dugu inoiz dudarik izan proiektu honek aurrera jarraitu behar zuela». Eta proiektua betetzen dabilen puntualtasun hori aipatu dute ziurtasun horren frogatzat.

«Ez da hain ohikoa bizi garen garai zail hauetan halako lanak hastea». Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta patronatuko lehendakariordeak iragarri du lanen hasiera data aurkezpenean, baina alboan izan ditu Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta patronatuko lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi eta patronatuko eleduna eta Miguel Zugaza museoko zuzendaria. Atzealdean Fosterrek Bilboko eraikinarentzat eskuz egindako ehunka zirriborroetako bat zeukatela egin dute agerraldia. «Ilusionagarria» iritzi dio proiektuari alkateak, eta, Zupiriaren hitzetan, etorkizunera begira hartutako erabakia da handitzeari buruzkoa. «Erakunde eta ordezkari publikook ardura bikoitza daukagu egungoaren moduko zailtasun egoera batean; alde batetik, unean uneko zailtasun eta eskariei erantzun behar diegu, baina, horrez gainera, etorkizuna prestatzeko obligazioa ere badaukagu».

18,6 milioi euroko aurrekontua izango dute lanek, eta, prentsaurrekoan zehaztu dutenez, epe luzeko 25 milioi euroko mailegu bat eskatuko dute gastu horiei aurre egiteko. 2023rako nahi dute museo berritua zabalik. Lanak martxan diren ia bi urte horietan ere, museoa zabalik egoteko aukera izango dela iragarri dute: museoaren funtsak txandakatzeko programa bat jarriko dute abian eraikin zaharrean.

Proiektuak kritikak izan ditu, ordea, eta izan dira Fosterren lana hautatzeko prozesuari buruzko zalantzak. Fosterren eta Uriarteren ideia hautatu zuen lehiaketako epaimahaikideetako bat Fosterren fundazioko kide ere izateak piztu ditu kritikak, nagusiki. Erakundeen hitzetan, ordea, ez da araurik urratu, eta legezkoa izan da ebazpena.

Hurrengo erakusketak

Handitze lanen eraginez, irailera artekoa izango da hurrengo urteko programazioa, eta hiru erakusketa nagusi izango ditu. Antoni Muntadas artistaren Hiri hutsa ikus-entzunezkoa erakutsiko dute martxoaren 19tik irailaren 5era, adibidez. Bilbori buruzko pieza bat sortzeko enkargua egin zion museoak sortzaileari, eta lan horren emaitza da erakusgai jarriko dutena. Remigio Mendibururi atzera begirakoa eskainiko diote martxoaren 31tik irailaren 5era, Materia eta memoria izenburupean. Jose Ramon Prieto bildumako lanak ere jarriko dituzte ikusgai, apirilaren 31tik hasi eta lanei ekin arte. Besteak beste, Marina Abramovitx, Angela de la Cruz eta Louise Bourgeoisen piezek osatuko dute erakusketa.

Hiru proposamen nagusi horiez gain, Gregorio Marañon mediku izandakoaren Velazquezen, Goyaren eta Grekoaren lanekin erakusketa txikiago bat eta Ramiro Arrue margolariari egindako omenaldi bat ere programatu dituzte.

Aurtengo datuak ere jakinarazi dituzte prentsaurrekoan, eta, zehaztu dutenez, guztira 82.222 bisitari jaso dituzte; iazko kopuruaren herena, alegia. Kontuan izan behar da, ordea, museoa itxia egon dela ia hiru hilabetez, eta, horregatik, urtearen balantze baikorra egin dute patronatuaren bilkuran. Irekita mantentzeko ahalegina egin delako, batetik, eta aurreikusitako jarduera programa garatu ahal izan dutelako, bestetik. Ez kalterik gabe, halere. Zehaztu dutenez, diru sarrera propioen %11 galdu baitute aurten (1.155.000 euro), eta «gastuari eusteko neurriekin» egin diote horri aurre. Museoko patronoek aurreikusitako ekarpenei eustea «oso adierazle positiboa» izan dela ere gehitu dute.

Museoak aurten 300 lagun gehiago egin dituela eta guztira 4.331 izatera iritsi direla ere nabarmendu dute museoko ordezkariek. Itxiera hilabeteetan «ehun artistikoari» laguntzeko egindako bi enkarguak ere aintzatetsi dituzte patronatuko kideek. Kukai Dantza konpainiari enkarguz eskatutako Txango bat ikus-entzunezkoa aipatu dute horren adibidetzat, batetik, eta Maider Lopez artistak sortutako Arnasa argi instalazioa, bestetik. Azken hori ere museoaren Obra Gonbidatua kanpainaren barruan egindako eskaria izan baitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.