Asteasun (Gipuzkoa) aurkeztu dute, gaur goizean, 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Asteasun, herriko Pello Errota bertsolaria hil zela ehun urte betetzen direlako aurten, eta hari zein Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarrari keinu bat egitea nahi izan duelako Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Txapelketaren irudia eta sintonia —Don Inorrez taldeak egin du musika— sortzeko abiapuntutzat hartu dute urteurrena. Bertsoaren mugimendua errotarenarekin erkatu du, hala, Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak: "Irudi horrekin laburtu izan nahi dugu bertso mugimenduak eta bertsolarien sormenak errotak bezalatsu funtzionatzen dutela: askotariko gaiak uztartuz, emari etengabearekin, aleak xehatzen, apurka-apurka, eta emaitza horrekin elikatuz".
Parte hartuko duten 48 bertsolarietatik 34 udaberrian jokatu den Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasetik heldu dira. Horiei beste hamalau bertsolari gehituko zaizkie orain; duela lau urteko txapelketaren finalean kantatu zuten seiak —Iñaki Apalategi, Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Agin Laburu, Jon Maia eta Alaia Martin— eta beste zortzi, 2015ean gutxienez finalaurrekoetara iristea lortu zutenak.
Zazpi final-zortziren, bost final-laurden eta hiru finalaurreko saio hartuko ditu txapelketak. Finala abenduaren 14an jokatuko da Illunben, Donostian. Ondorengo herrietan izango dira aurreko saioak:
Final-zortzirenak:
Irailak 14 (larunbata), Oñatiko Santa Ana antzokian
Irailak 15 (igandea), Amasa-Villabonako Gurea antzokian
Irailak 21 (larunbata), Ordiziako Herri antzokian
Irailak 28 (larunbata), Zumarraga-Urretxuko Zelai-Arizti aretoan
Irailak 29 (igandea), Elgoibarko Herriko antzokian
Urriak 5 (larunbata), Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean
Final-laurdenak:
Urriak 19 (larunbata), Andoaingo Bastero kulturgunean
Urriak 20 (igandea), Irungo Amaia Kultur zentroan
Urriak 26 (larunbata), Eibarko Coliseo antzokian
Urriak 27 (igandea), Azpeitiko Soreasu antzokian
Azaroak 2 (larunbata), Azkoitiko Baztartxo antzokian
Finalaurrekoak:
Azaroak 17 (igandea), Arrasateko Uarkape pilotalekuan
Azaroak 24 (igandea), Oiartzungo Elorsoro kiroldegian
Abenduak 1 (igandea), Tolosako Usabal kiroldegian
Saio guztiak 17:00etan hasiko dira. Irailaren 2an jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean, eta saioen egunetan ere eskuratu ahal izango dira, aretoetan bertan.