Iragazgaitza da musika

Musika erauntsiarekin erantzun dio Kutxa Kultur jaialdiak eguraldi txarrari. Lehen aldiz egin dute Donostiako Hipodromoan, zeina Igeldoko jolas parkearen ordezko duina izan daitekeen.

Jarraitzaile ugari bildu zituen Zea Mays bizkaitarren emanaldiak. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2017ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Azal berritan aurkeztu da aurten Donostiako Kutxa Kultur jaialdia. Eremuaren egokitze lanek eta jaialdiaren bilakaerak bideraezina egin zuten Igeldon jarraitzeak. Antolatzaileentzat erronka izan da neurriko ordezkoa bilatzea. Igeldokoa ez zen munduko eremurik erosoena, baina xarma zuen jolas parke vintage horren barruan jaialdi bat egiteak. Berezia zen, eta musikaz haragoko esperientziaz gozatzen dutenentzat erakargarri ugari zituen.

Donostiako Hipodromoa aukeratu dute ordezko gisa antolatzaileek, eta bide batez aurrerapauso bat ematen saiatu dira, handiagoa baita eremu berria. Azal berria, baina, ez da iragazgaitza, eta eguraldiak goitik behera baldintzatu zuen lehenengo jardunaldia. Erruz egin zuen euria arratsaldean eta gauaren lehen zatian.

Eguraldiak menia onartu zuenerako, beranduegi zen. Blai zeuden ikusleak, eta eremua, erabat lokaztua. Ironiko samarra izan zen euria zarra-zarra ari zuela entzutea Zea Maysen Negua joan da ta abestia. Bizkaitarrei mesede egin zien gune estalian jotzeak. Jarraitzaile ugarik ikusi zuten kontzertua: Kukutza III kantuarekin amaitu zutenean, zaila zen lekurik aurkitzea. Gauza bera gertatu zen Division Minuscularekin.

Euri erauntsiari musikarena gehitu zitzaion, behintzat. Jaialdia ez zen izan azal berria zuen bakarra. The Jesus & Mary Chain kartelburuek aurten argitaratutako Damage and Joy diskoa aurkeztu zuten. Orain bi urte izan ziren azkenekoz Euskal Herrian, Bilboko BBK Live jaialdian, baina Psychocandy mitikoa goitik behera jotzeko. Zapore gazi-gozoa utzi zuen kontzertu hark, haiek nahiko txukun aritu baziren ere, jendeak arreta gutxi eskaini zielako, gazteenek bereziki. Kobetamendi ez zen plaza egokiena eskoziarrentzat, baina bestelako publikoa aurkitu zuten Donostiako jaialdian.

Taldearen ibilbideari errepasoa egin zioten Jim eta William Reid anaiek. Abesti berriek —Amputation, Always Sad, Mood Rider— ez zuten distira berezirik izan, baina maila mantendu zuten. Ez zuten erabili jaialdietako kartelburuek sarri erabilitako proiekzio edo argi joko ikusgarririk; taldearen izena jartzen zuen oihala eta argi urdinak eta zuriak soilik. Hitz egin zezala musikak.

Abestiz abesti altxatzen joan ziren soinu horma, intentsitatea handituz. Distortsioa bilakatu zen seigarren taldekidea. Argien tonua ere aldatu zen, kolore beroak tartekatzen hasi ziren —Just Like Honey bikaina foku urdinpean jo zuten, hori bai—. Egurrean amaitu zuten emanaldia.

Etxekoen kalitatea

Azala ez bezala, aurreko urteetako hezurdura mantendu du jaialdiak. Euskal taldeen presentzia nabarmena da Kutxa Kulturren, eta ez da kupoa betetzeko marketin ariketa lotsagabea, jaialdiari giharra emateko erabakia baizik. Behin baino gehiagotan, kontzertuen maila igotzen dute etxekoek, eta ostiralekoa da horren adibide. Kutxa Kultur programako hiru talde aritu ziren: Sara Mansilla, Madeleine eta Iñigo Serrulla —azken hori bakarrik aritu zen kontzertu hasieran, baina taldearen babesarekin jarraitu zuen—. Mansilla izan zen goiztiarrena, oraindik zerua lehertu gabe zegoenean. Zale gutxiren aurrean, kontzertu atsegina eskaini zuen.

Bizpahiru urte mutu pasatu ditu Madeleinek. Donostiako post rock taldea indarberrituta itzuli da, eta ordura arte argitaratuak zituen abestiak eta doinu berriak jo zituen. «Izan ginenaren adierazle eta izango garenaren erakusgarri», Gartxot Unsain taldekideak oholtza gainetik azaldu bezala.

Lur gainean jo beharra

Ez ziren euskal talde bakarrak izan. Buffalo taldeak teknika handiko kontzertua eman zuen. Jazzetik eta esperimentaziotik dezente edaten du zarauztarren eskaintza dotoreak. Havocen eta Amateurren kontzertuak urardotu zituen euriak, eta askok babesera ihes egin zuten. Eguraldi umelaren ondorioz, azken orduko aldaketak egin zituzten antolatzaileek. Prestatzekoak ziren atrakzioen gunea bazter uzteaz gain, ezkutuko agertokia lekuz aldatu zuten, harmailen pean jarrita. Inprobisaziotik gehiegi izan zuen erabakiak: argi jokorik gabe, soinu kaskar samarrarekin eta lurrean jo zuten taldeek. Zailtasunei aurre eginik, eguneko kontzertu basatienak ikusi ziren han, oso gertukoak. Amorrutik hasitako kontzertu gogoangarria eskaini zuen Kokeinek. Zaloa Urainek eta taldekideek ikusleak gozarazi zituzten. Lukiek eta Tijuana Bibles ere txukun aritu ziren. Taberna kontzertuak jaialdi barruan.

The Jesus & Mary Chain kartelburuak izan arren, Love of Lesbianena izan zen jende gehien bildu zuen kontzertua. Ordutegiak mesede egin zion —23:45ean igo ziren oholtzara, eskoziarrak baino bi ordu lehenago—, baina ukaezina da kataluniarren erakartze ahalmena. Zuzeneko ona dute, eta zaleek gozatu egiten dute.

Eguraldi euritsuagatik gogoratuko da Donostiako Hipodromoko lehen Kutxa Kultur jaialdia, baina beste urtebete edo bi urte beharko dira apustua balekoa edo kamutsa den ondorioztatzeko. Eguraldiak lagunduz gero, aukera anitzeko gunea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.